Larrialdietarako Arabako Funtsak 50 000 euro bideratuko ditu Gazan desnutrizio larria duten haurrentzako premiazko elikagai laguntzara - arabapress
Larrialdietarako Arabako Funtsak 50.000 euro bideratuko ditu Gazan desnutrizio larria duten haurrentzako premiazko elikagai laguntzara
Unicefek elikadura terapeutikoa emango du, 2 urte arteko haur txikiek pisua hartu ahal izan dezaten eta haien biziraupena berma dadin

Gasteiz, 2025eko uztailaren 14a. Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak osatutako Larrialdietarako Arabako Funtsak (LAF) onespena eman dio 50.000 euro bideratzeari Gazako Zerrendan desnutrizio akutu larriko egoeran dauden 2 urtera arteko haurrei premiazko elikagaiak emateko. Gazako palestinarrak, bereziki haurrak, gosete larria eta gaixotasunak jasateko arriskuan eta beste arrisku batzuen pean daude, Israelek 2023ko urriaz geroztik eremu horretan egindako eraso indiskriminatuen, biztanleriaren joan-etorri masiboen, baliabide eskasiaren eta oinarrizko zerbitzurik ezaren (ura, elikagaiak eta arreta medikoa) eta zerrendaren blokeoaren ondorioz.
Unicef, Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsa, da laguntza horren eskatzailea, eta desnutrizio larria duten bi urtetik beherako haurrei pisua hartzen lagunduko dien elikadura terapeutikoa emango die laguntza horrekin.
21 hilabeteko gatazkaren ondoren, haurrak babesteko ingurunea ia erabat erori da. Gazako biztanleriaren ia % 90 lekuz aldatu da, eta familien eta, bereziki, haurren zaurgarritasuna handitu egin da. Gazako Zerrendako bost haurtxotik bat garaia baino lehenago edo pisu txikiarekin jaiotzen da orain; izan ere, desnutrizioaren larriagotzeak eta osasun eta saneamendu zerbitzuen kolapsoak muturreko arriskuan jartzen dituzte jaioberriak eta amak.
Pisua hartzea eta elikagaiak onartzea
Testuinguru horretan, beharrezkoa da horniduren eskuragarritasuna bermatzea desnutrizio akutua duten adingabe horiei arreta emateko. Hornidurak berehala eskura izatea funtsezkoa da haien biziraupena bermatzeko, batez ere desnutrizio larria duten kasuetan; izan ere, tratamendu egokirik gabe, haur horiek 9 bider aukera handiagoa dute hiltzeko, nutrizio egoera normal batean baino.
Haur bat desnutrizio akutu larriko egoerara iristen denean, elikadura terapeutikoa behar du, eta horrek pisua hartzen lagunduko dio tratamenduarekin jarraitu ahal izateko, bai eta jateko gogoa berriz sentitzen ere, desnutrizio maila horretan gorputzak elikagaiak onartzeari uzten baitio.
2025eko apirilaren 30ean, Gazako Zerrendan, liskarrak hasi zirenetik, 16.278 haur hil zirela jakinarazi zuten. Kalkuluen arabera, 34.000 zauritu baino gehiago izan dira, 17.000 bakarrik edo gurasoengandik bananduta daude, eta ia milioi batek etxetik alde egin behar izan du.