| 2025 04 03

Praktikak euskaraz egiteko aukerak aztergai Arabako Enpresen Foroan

Vitoria-Gasteiz, 3 de abril de 2025. Gaur goizean, Europa Biltzar Jauregian, Arabako Enpresen Foroaren aurtengo lehen edizioa egin da, Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak elkarlanean antolatuta. Bai Euskarari Elkarteak jardunaldiaren zerbitzu teknikoa eskaini du.

Foroan 40 bat enpresa eta eragile sozioekonomiko bildu dira lan munduan euskararen presentzia sustatzeko, hizkuntzen kudeaketaren inguruko praktika onak partekatzeko eta enpresa eta hezkuntza zentroetan praktikak euskaraz egiteko erronkak ezagutzeko.

Ekitaldia Lanabes programaren baitan kokatzen da, Araban euskara lanean sustatzeko 2020tik martxan dagoen ekimen estrategikoaren barruan.

Jardunaldiak hainbat hitzaldi eta dinamika parte-hartzaile izan ditu, besteak beste:

  • LanHitz eta Gasteizko Merkataritzako diru-laguntzak: Hizkuntza Politika Sailak eta Gasteizko Udalak euskara sustatzeko dituzten laguntzen berri eman dute.

  • Euskaraldia 2025: Taupa Mugimenduak aurtengo Euskaraldiaren xehetasunak eta parte hartze bideak azaldu ditu.

  • Praktikak euskaraz: errealitatea eta erronkak: Enpresa eta hezkuntza zentroen esperientziak partekatu dira, Egibide, RPK, Laneki eta Oreka IT-ren eskutik.

  • Talde dinamika: 'Eta nire enpresan zer?': Bertaratuek beren erakundeetan euskararen presentzia areagotzeko erronkak eta aurrerapausoak identifikatu dituzte.

Foroaren baitan, euskarazko praktiken mapa osatzeko prozesua ere abiatu da, Arabako enpresen inguruko informazio baliagarria bilduz.

Jardunaldian izandako parte-hartze aktiboak erakutsi du enpresek euskararen presentzia sendotzeko duten interesa, eta esperientzien trukeak eta proposamen berriek ekarpen aberatsa egin dute.

Arabako Enpresen Foroaren hurrengo edizioa 2025eko irailaren 23an egingo da, Europa Biltzar Jauregian.

Prentsa oharra

Jaitsi