Gizarte Politikak | 2025 03 12

GOFEk adimen desgaitasunerako Lakondoa zentroaren, gizarte inklusioko baliabide berriaren eta Etxean Bai erreferentzia zentroaren kudeaketa lizitatu du

Aurten abian jarriko diren hiru gizarte baliabide berri dira

Gasteiz, 2025eko martxoaren 12a. Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak (GOFE), Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politiken Sailari atxikitako erakunde autonomoak, aurten abian jarriko diren hiru gizarte baliabide berriren zerbitzuak kontratatzeko espedienteak onetsi ditu, hau da, adimen desgaitasuna duten pertsonentzako Lakondoa zentroa, gizarte inklusioko egoitza zerbitzu eta eguneko zerbitzu berria eta Etxean Bai Planaren etorkizuneko erreferentzia zentroa. 

Arratzua-Ubarrundian kokatuta dagoen Lakondoa eguneko eta egoitzako arreta zentroa adimen desgaitasuna duten pertsonei laguntzeko eta haien laguntza premiei erantzuteko baliabide berria izango da, haien premien, lehentasunen eta nahien arabera, eskubide osoko herritar gisa dituzten ahalmenak ahalik eta gehien bete ahal izan ditzaten. Gainera, egoitza zerbitzuak bizileku iraunkorra eta atsedenerako gelak eskainiko dizkie laguntzadun etxebizitzetatik eskain daitezkeenak baino intentsitate handiagoko laguntzak behar dituzten pertsonei.

Lakondoak 32 plaza izango ditu, hau da, 12 egoitzakoak (11 arrunt eta atsedenerako bat) eta 20 eguneko arretakoak. GOFEren Administrazio Kontseiluak onetsitako kontratuaren aurrekontua 1.521.507 euro da, urtebeterako. Uste da jardueraren hasiera urteko azken lauhilekoan izango dela.

Etxean Bai
Era berean, beste urrats bat egin da Etxean Bairen etorkizuneko erreferentzia zentrorako. Zentro horrek Gasteizko Manuel Iradier kalean irekiko ditu ateak, eta mendekotasuna, desgaitasuna edo gaixotasun mentala duten eta beren etxean bizi diren pertsonei zuzenduta dago. 

GOFEren Administrazio Kontseiluak arreta zerbitzu integral horren lizitazioa onetsi du. Zerbitzu horren bidez, erantzuna eman nahi zaio arabar gehienek beren etxean bizitzen jarraitzeko duten nahiari, adierazi dezaketen mendekotasuna edo desgaitasuna gorabehera. Programa horrek gaitasunak sustatuko ditu mendekotasuna, desgaitasuna edo gaixotasun mentala duten pertsonen artean, bai eta senide edo zaintzaile profesionalek osatutako ingurune zaintzailean ere; maila indibidualean, taldean eta komunitarioan lan egingo du; ingurunearekiko harremana eta herritarren parte hartzea sustatuko du, eta nahi ez den bakardadea eta isolamendua saihesten saiatuko da.

Kontratuak etxean jarraipen telematikoa egiteko euskarri teknologiko bat barne hartzen du, gainbegiratzea eta etxean laguntzea ahalbidetuko duten gailuekin, baita tentsiometroak, baskulak, termometroak eta pulsioximetroak, pantailadun ahots laguntzaileak edo erloju adimendunak ere, besteak beste.

Kontratuaren aurrekontua 2.882.307 euro da, eta 3 urteko iraupena izango du. Aurreikuspenen arabera, datorren irailean hasiko da, erreferentziako zentroaren egokitze lanak eta ekipamendua amaitzea aurreikusten baita.
Etxean Bai programaren plan pilotua gaur egun garatzen ari da, eta 50 pertsona artatzen ditu etxean, eta epe ertain-luzera 500 erabiltzaile izatea espero da.

Azkenik, GOFEren Administrazio Kontseiluak onetsi du Gasteizen gizarte esklusio egoeran dauden pertsonentzako egoitza zerbitzu eta eguneko zerbitzu berri baten lizitazioa. Zerbitzu horrek 14 egoitza plaza eta eguneko zentroko beste 10 plaza. Kontratuaren aurrekontua 2,8 milioi euro da, bi urterako, eta aurreikusten da urrian hastea.
 

Gizarte Politikak Gizarte Politiken Saileko foru diputatua Gizarte Zerbitzuak Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi