Gazteriaren Foru Erakundeak aterpetxeak sustatzeko eta haien zabalkundea egiteko bideo bat kaleratu du - arabapress
Gazteriaren Foru Erakundeak aterpetxeak sustatzeko eta haien zabalkundea egiteko bideo bat kaleratu du
Erakundeak herritarrei ezagutzera eman nahi die Barria, Espejo eta Zuhatza aterpetxeek zer aukera eskaintzen dituzten abenturaz eta naturaz gozatzeko, 12 laguneko taldeetan.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailaren 8a. Udako Kanpaina amaitu ondoren, Gazteriaren Foru Erakundeak bideo bat kaleratu nahi izan du foru sareko aterpetxeen berri emateko. Lagun edo familia taldeek ere erabil ditzakete aterpetxe horiek, batez ere asteburuetan, gutxienez 12 laguneko taldeetan.
Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatu eta Gazteriaren Foru Erakundeko lehendakariaren arabera, "Askotan uste dugu aterpetxeak talde antolatuentzat baino ez daudela eskuragarri, eta ez jendearentzat oro har, eta, egia esan, urritik aurrerako asteburuetan, aukera asko daude instalazio bikainez ez ezik, Barriak, Espejok eta Zuhatzak eskaintzen dituzten abentura eta natura aukerez gozatzeko, eta, gainera, arrazoizko prezioan, aterpetxe horiek publikoak baitira”.
Barriako aterpetxea antzinako monasterio zistertar bat da, gazteentzako aterpetxe gisa birgaitua. Kanpoko fatxadan eta barruko egituran monasterioaren estetika osoa mantentzen du, baina, aldi berean, etengabe egindako birmoldaketen ondoren, taldeei eta aterpekideei ostatu emateko beharrezkoak diren erosotasun guztiak eskaintzen ditu.
Baditu berdegune handiak, bilera edo jarduera gelak arbela elektroniko edo kainoi proiektatzailearekin, WIFIa, kirol zelaiak, espazio berdea (baratze ekologikoa, oilategia eta eguzki sukaldea dituena), kirolak txikientzat eta igerilekua. 4, 6, 8, 12 eta 24 lagunentzako logelak ditu.
Espejoko gazte aterpetxea eskola zaharreko lurretan dago. Eraikin berria eta modernoa da, eta familiak eta era guztietako taldeak hartzeko behar diren erosotasun eta zerbitzu guztiak ditu. Aterpetxe hau Omecillo ibaiaren parke-igerilekuaren ondoan dago, eta kanpoko espazioa eta ingurua ditu azpimarragarri. Saskibaloi, minibasket eta futbito kantxak, ping pong mahaiak, bizikleten mailegu zerbitzua eta abar ditu. Espejo herriak frontoi estali bat du. 3, 5, 6 eta 8 lagunentzako gelak ditu. Gela guztiek dute komuna. Aterpetxeak WIFI, TV eta DVDz hornitutako 5 areto ditu.
Eta, azkenik, Zuhatza Uharteko gazte aterpetxea Uribarri Ganboako urtegiko 500.000 m2-ko uharte batean dago, Gasteiztik 15 km-ra. Aterpetxe hori helmuga ezin hobea da benetako kanpaleku baten antzera ingurune naturalaz gozatu nahi duten taldeentzat. 10 eremu desberdinetan banatuta dago, eta eremu bakoitzean egurrezko etxola bat dago, 12 lagunentzakoa, eta jarduerak egiteko estalitako etxola-tailer bat. Aterpetxeak jangela komun bat, komun eta dutxarako hiru eremu guztientzat, kirol instalazioak (pontoia duen bainugunea, pilotaleku estalia, rokodromoa, pista amerikarra) eta WIFI eremua ditu.
Kontratatutako pentsio oso bakoitzeko, ostatuak berak duen ur jarduera bat eskaintzen da, ordu eta erdikoa. Uretako jarduerak arraunketa, piragua, pedaloa, windsurfa eta optimista dira.
Erreserba egiteko, jarri harremanetan erakunde honekin 945181988 telefonoan, edo bidali mezu elektroniko bat Alberguesifj@araba.eus helbidera.
Bideoa: hemen.
Argibide gehiago: hemen.

