Gazteriaren Foru Erakundea EBko beste herrialde batzuekin elkartzen da Erasmus+ programa eskaintzeko - arabapress
Gazteriaren Foru Erakundea EBko beste herrialde batzuekin elkartzen da Erasmus+ programa eskaintzeko
Gazteek eta gazteentzat egindako online edukia sortzeko proiektu bat da, 2030. urteko testuinguruan kokatutako errealitate batean

Vitoria-Gasteiz, 2022ko martxoaren 25a. Gazteriaren Foru Erakundea, EBko beste herrialde batzuekin batera (Grezia, Bulgaria, Alemania, Austria), Erasmus + proiektu bat (New Normal Channel Proyect) gauzatzen ari da, gazteek eta gazteentzat online egindako edukia sortzeko, 2030. urteko testuinguruan kokatutako errealitate batean.
Ana del Val Arabako Kultura eta Kirol Saileko foru diputatu eta Gazteriaren Foru Erakundearen arduradunak aurkeztu du gaur.
NNC esperientzia hezkuntza-simulazio bat da, ingurune interaktiboa, motibatzailea eta ahalduntzailea eskaintzen duten desafioetan oinarritua, esperientziazko ikaskuntzaren ikuspegi pedagogikoa duena. Esperientziak kultura digitalarekin eta sormenarekin loturiko trebetasunak ikasteko eta garatzeko ingurune interaktiboa eskainiko die gazteei, eta horrek lagunduko du trebetasunen eta gaitasunen (mundu digitalean ulertzeko eta sortzeko gaitasuna) arrakala gainditzen.
Ana del Valek adierazi duenez, “parte-hartzaileek berriemaile gisa lan egingo dute New Normal Channel-erako. Plataforma horretan zientzian, entretenimenduan, kulturan eta 2030eko azken albisteetan izandako azken aurrerapenak ezagutu ahal izango dituzte. Haien arduradunak, NNCren edukien buruak, izendatzen dizkien zereginak bete beharko dituzte, eta gai garrantzitsuetan sakondu, lan egiten duten kanalerako edukia prestatzeko. Horrek, era berean, lan-bizitzatik hurbil dagoen esperientzia bizitzeko aukera ematen die” adierazi du.
Beren partaidetzaren bidez, gazteek aukera izango dute…
-
Beren irudimena garatzeko eta COVID19ren inpaktuak eragindako etorkizuneko munduko agertokiak aurreikusteko, beren sormena hobetuz eta praktikan jarriz.
-
Edukiak eta kultura digitala sortzen dituzten eragile eta herritar aktibo bilakatzeko, beren ideia eta iritziei ahotsa emanez.
-
Kultura digitala ulertzeko eta ikuspegi kritiko batetik kontsumitzeko, informazio okerra, desinformazioa eta berri faltsuak zer diren ulertuta.
-
Errealitatea nola eraldatzen den ulertzeko, beren egokitze gaitasuna eta malgutasuna hobetuz.
-
Kultura digitalarekin loturiko ezagutza teknikoak, haien gaitasunak eta enplegagarritasuna hobetzen dituztenak, eskuratzeko
-
Ekintzaile gaitasunak garatzeko, ekimena hartuz eta proaktibo izanez
“Proiektu hau – gaineratu du foru-arduradunak – pandemiaren erdian sortu zen, gazteek eduki digital asko kontsumitzen zutela baina gazte gutxik sortzen zutela ikusi ondoren. Uste dugu esperientzia hori oso interesgarria eta aberasgarria izan daitekeela, parte-hartzaileentzat izan dezakeen hezkuntza-balioagatik ez ezik, oro har eskaintzen dituen aukerengatik ere bai (sorkuntza digitala, 5 hizkuntzatan parte hartzea…) eta horregatik animatu nahi ditugu gazteak parte hartzera”.
Proiektu guzti honen euskarri den plataforma jendaurrean jarri berri da, eta bertan jasotzen dira proposatutako erronkak, bai eta gazteei erronkak konpontzeko beharrezkoak diren trebetasun batzuk garatzen laguntzeko eskaintzen den prestakuntza-euskarria ere: http://nnchannel.eu/es/experiencia-nnc/
Web orri honetan informazio interesgarri gehiago aurki daiteke, hala nola sare sozialetarako zuzeneko estekak: Instagram, Twitter eta Facebook.
Gainera, parte hartzera bultzatzeko, parte-hartzerik onenak aukeratuko dira ekainera arte, bi kategoriatan: banakakoa eta taldekoa. Parte-hartzerik onenak, banakako kategorian, bi pertsonentzako Europako hiriburu baterako bidaia batekin sarituko dira, proiektuko bazkideen hiriburuen artean aukeratzeko, eta, taldeko kategorian, taldekideentzako egonaldi batekin Zuhatzako uhartean.