Santa Katalinako Lorategi Botanikoa bisitaldi eta lantegi programa oso batekin itzuli da - arabapress
Santa Katalinako Lorategi Botanikoa bisitaldi eta lantegi programa oso batekin itzuli da
- Nobedade gisa, Ipuin Jaialdia eta herpetologia lantegia sartu dira.
- Mugikortasun eta ikusmen urria duten pertsonentzako bisita inklusiboak eskaintzen ditu.



Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 27a.- Santa Katalinako Lorategi Botanikoa programa oso batekin itzuliko da denboraldi honetan: gaikako bisita gidatuak, antzerki moduko ibilbideak, kultura ekitaldiak, lantegi didaktikoak eta hitzaldiak, bertako natura ondarea zabaltzeko eta biodibertsitatearen eta ingurumenaren zaintzan sentsibilizatzeko. Uztailaren amaieran, berritasun modura, mundu magikoekin lotutako hainbat jarduera biltzen dituen Ipuin Jaialdia egingo dute.
Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Sailak programa honi diruz lagunduko dio, bai eta baliabide turistiko hori balioan jartzea ere 34.500 euroko urteko hitzarmen baten bitartez. Lehen hitzordua datorren igandean izango da, maiatzaren 30ean, 12:00etan, "Plastikorik gabe bizi" hitzaldiarekin, petroliotik eratorritako material hori erabili gabe bizitzeko esperientzia azalduko duen familia baten eskutik.
Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko foru diputatuak Santa Katalinako Lorategi Botanikoa bisitatu du gaur Michel Montes Iruña Okako alkatearekin eta Roman Gutiérrez Lorategi Botanikoaren Lagunen Elkarteko presidentearekin batera, eta bertatik bertara ezagutu ditu haren espazioak eta denboraldi honetako programazioaren edukia, pandemiak iaz nahitaez geldiarazi ondoren.
"Santa Katalina naturagune eta gune historiko oso baliotsua da, eta, beraz, Iruña Oka, Añana eskualdea eta Araba osorako funtsezko turismo baliabidea ere bada. Bere erakargarritasuna, gainera, handitu egiten da arabarren eta bisitarien eskura jartzen duen jarduera eskaintza indartsu batekin; izan ere, jendea ondarea ezagutzeko mugitzen baita, baina, batez ere, sentitzeko, esperimentatzeko, ikasteko…", adierazi du Cristina González diputatuak.
Bestetik, Michel Montes Iruña Okako alkateak eta Román Gutiérrez Santa Katalinako Lorategi Botanikoaren Lagunen Elkarteko lehendakariak azpimarratu dute programaren “kalitatea, eskaintza zabala eta xarma”, eta arabar guztiei gonbita egin die "natura, kultura eta historia bateratzen dituen leku paregabe hau ezagutu eta hartaz gozatzera. Ziur gaude harritu egingo direla eta familia eta lagunekin berriro itzuliko direla”.
Programaren barruan daude Lorategiko lore eta landareen sekretu guztiak ezagutzeko bisita botanikoak; herpetologia lantegia, herpetologo baten eskutik Santa Katalinako urmaeletan eta inguruetan bizi diren anfibioak eta narrastiak ezagutzeko; euskal mitologia protagonista duten ipuin kontaketak; haurrentzako bisita antzeztuak gida oso berezi batekin --'Katalina' katalingorria--; eta aire zabaleko zinema saioak.
Ipuin jaialdia
Denboraldi honetako berrikuntzetako bat izango da uztailaren 24 eta 25eko asteburuan egingo den Ipuin Jaialdia, haur eta helduentzako hainbat jarduerarekin (ipuin kontaketak, antzerki moduko narrazioak, dantza, etab.) mundu magikoekin lotuak. Jarduera horiek Santa Katalinako Lorategi Botanikoa egituratzen duten naturako lau elementuak izango dituzte ardatz: sua, ura, lurra eta airea.
Programazioa osatzeko, familiarteko yoga saioak, bertan bizi diren tximeletak ezagutzeko lantegiak eta perretxikoak eta gurbitzak biltzeko irteerak izango dira.
Jarduera guztiak aire zabalean egingo dira.
Santa Katalinako Lorategi Botanikoa Trespondeko herrian dago kokatuta, Gasteiztik hamabi kilometrora. Denboraldi honetan, berrikuntza gisa ere, mugikortasun urriko, ikusmen urriko edo entzumen arazoak dituzten pertsonentzako bisita inklusiboak eskaintzen ditu, Iruña Okako Udalaren laguntzarekin. Bisita horiek joelette aulkien, norabide barren eta zeinu hizkuntzaren bidez egiten dira, profesional espezializatuekin.
Edukiera murriztuak kontuan hartuta, gomendatzen da sarrerak erostea eta programatutako bisita eta jardueretarako lekua erreserbatzea aldez aurretik www.jardinbotanicosantacatalina.com web orrian. Bisita eta jarduera inklusiboak astebeteko aurrerapenarekin erreserbatu behar dira, horiek garatzeko behar diren materiala eta profesionalak edukitzeko prest.
Santa Katalinako Lorategi Botanikoak jendaurreko ordutegi hau dauka: astelehenetik ostiralera, 11:00etatik 15:00etara; eta larunbat, igande eta jaiegunetan, 10:00etatik 20:00etara. Aurten ere, Sidalava elkarteak kudeatuko du Santa Katalina, Iruña Okako Udalak erabaki baitu erakunde horrekin hitzarmena berritzea, gizarteratzeko zailtasunak dituztenei enplegua emateko.