Bibat museoak erakusketa eta argitalpen bat aurkeztu ditu Fournier-eko emakume kartagileen historiari buruz - arabapress
Bibat museoak erakusketa eta argitalpen bat aurkeztu ditu Fournier-eko emakume kartagileen historiari buruz
- Omenaldia egin nahi die hasieratik, emakumeen lana industriarekin lotzen ez zen garaietan, plantillako kide izan ziren emakume guztiei.
- Ia-ia bat egiten du fabrika sortu zeneko 150. urteurrenarekin, eta 2021. urte guztian egongo da zabalik.



Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 24a. Gaur Bibat Museoa - Fournier Karta Museoan aurkeztu dira “Emakume kartagileak. Memoria bizia" erakusketa eta “La historia de las naiperas de Heraclio Fournier. Expresión de una memoria viva” argitalpena, Aritza Sáenz del Castillok egina.
Prentsaurrekoan aurkeztu dute Ana del Val Kultura eta Kiroleko diputatuak, Javier Berasategui Naipes Heraclio Fournier S.A.ko zuzendari nagusiak, Diego Ruiz de Gauna marketin arduradunak, Edurne Martín museoko teknikariak eta argitalpenaren egileak.
Erakusketaren helburua Fournier-eko emakume kartagile guztiei omenaldia egitea da, karta fabrikaren hasieratik plantillaren zati garrantzitsu bat osatu baitzuten. Emakume gasteiztarrak edo Arabako hainbat tokitatik fabrikan lan egitera etorriak ziren, emakumeen lana industriarekin lotzen ez zen garai batean, eta hiriaren historiaren partaide izatera igaro ziren.
Horrela, erakusketa hau Arabako Fournier Karta Museoak antolatu du, eta BIBATeko aldi baterako erakusketen aretoan aurkeztuko da.
Liburuak, bestalde, Aritza Sáenz del Castillo EHUko Gizarte Zientzien Didaktika Departamentuko irakasle atxikiak egin dituen ikerketak jasotzen ditu. Ikerketa horien oinarri dira "emakume kartagile" haiek egindako jarduera eta zereginak, haien lan baldintzak, garapen ekonomikoari egin zioten ekarpena, XX. mendeko azken hamarkadetako industria garapenean izandako aldaketak eta beste alderdi batzuk, hala nola Gasteizko gizarteak haietaz zuen ikuspegia eta abar.
Argitalpen hori liburu dendetan eta Museoan bertan egongo da eskuragarri apiriletik aurrera, 18 euroan. Arabako eta Gasteizko historia hurbilenaren zati bat berreraikitzeko aukera ematen du, eta testuingurua ematen dio emakume horiek egin zuten lanari, hain zuzen, Fournier-eko emakume kartagileek egindakoari.