Kultura | 2021 05 18

Gasteizko Arma Museoak Samurai armadura ikusgai jarriko du berriz Museoen Nazioarteko Egunean

Ana del Val: “Herritarrak gonbidatzen ditugu museoetan programatutako bisita tematikoetan eta hitzaldietan parte hartzera eta bildumez gozatzera”.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 18a.- Gaur, maiatzak 18, Museoen Nazioarteko Eguna da, eta Arma Museoak dituen bi Samurai armaduretako bat aurkeztu du museoan bertan Arabako Foru Aldundiaren Kultura eta Kirol Sailak, jarduera programa inauguratzeko.

Kultura eta Kirol Saileko diputatu Ana del Valek azaldu du armadura TÔSEI GUSOKU motakoa dela; alegia, Edo aldiko (1603-1868) armadura modernoa, “gerlari japoniarrak gudu zelaian armadura deigarri, eder eta praktiko hauek jantzita nabarmentzen zirenekoa”.

Del Valek azaldu duenez, armadurak 17 pieza ditu, zeinak hainbat teknika erabiliz eginda baitaude, antagonikoak ere badiren askotariko materialak baliatuz: burdina eta zeta, egur lakatua eta letoia... “Zati bakoitza artisau maisu batek egiten zuen, eta teknika artistikoen sekretuak belaunaldiz belaunaldi transmititzen ziren”.

Armadura honetan, zetak eta Urushi lakak zeuden kontserbazio egoerarik kaskarrenean, oso material naturalak eta hauskorrak baitira, eta, erabileraren ondorioz higatzeaz gain, erraz deskonposatzen dira argiaren eraginez eta ingurumen aldaketak direla eta. Behin armadura egonkortuta eta zaharberritze tratamendua amaituta, obra arma exotikoen atalean kokatu dute, eta beira arasa ere berritu dute.

Foru diputatuak Federico Coullaut-Valeraren La Perezosa obra ere aurkeztu du. Coullaut-Valera ibilbide luzeko eskultorea izan zen eta enkargu lanak egin zituen gehienbat. Gai erlijiosoak zabal jorratu zituen, bereziki Aste Santuko pausoak; monumentu eskultura eta erretratuak egin zituen batez ere; eskulturako teknika eta material ohikoak erabili zituen: egur eta harri tailla eta buztin modelatzea, eta bere lanak estilo errealistakoak ziren.

La Perezosa gaztaroko obra da; “emakume gazte biluzi bat irudikatzen du, estilo klasikoan, eta oso kolore argiko hareharriz egina dago”. Oinarria bloke biribildu arbastatu gabea da eta atzealdean sinadura eta data ditu (F. Coullaut Valera 1936). Figura oinarritik “irteten” da; formetan biribila eta oso gainazal leunekoa da; nagiak ateratzeko unea irudikatzen du eta, beraz, nabarmenak dira gorputzaren tortsioa eta besoen mugimendua. Ohiko figurazioa da, zeinetan nagusi baita eredu femeninoaren nolabaiteko idealizazioa. F. Coullaut Valera ez da oso ezaguna Euskal Herrian, baina Donostiako Urgull mendiko Jesusen Bihotz Sakratuaren figura ikusgarria egin zuen, esaterako.

Bestalde, Ana del Valek herritarrak gonbidatu ditu Kultura eta Kirol Sailak Museon Nazioarteko Eguna ospatzeko antolatu dituen bisita tematikoetan eta hitzaldietan parte hartzera. “Museoen etorkizuna: berreskuratu eta berrimajinatu” da aurtengo lema.

“Museoek antolatu dituzten eta uda osoan zehar izango diren bisita tematikoetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, gure museoak eta bertako bildumak berreskuratu eta berrimajinatzeko, eta beste ikuspegi bat izateko eta beste modu batzuetan gozatzeko”.

Bisitak museoak irekita dauden orduetan izango dira eta aurretiko hitzordua eskatu behar da.

Kultura Kultura Kultura eta Kirol Saileko foru diputatua

Prentsa oharra

Jaitsi