Mandaitako kolektore berria uda honetan jarriko da martxan, hondakin uren tratamenduari erantzun hobea emateko - arabapress
Mandaitako kolektore berria uda honetan jarriko da martxan, hondakin uren tratamenduari erantzun hobea emateko
Azpiegiturak inpaktu txikiagoa eragingo du paisaian eta habitat naturaletan

Gasteiz, 2022ko maiatzaren 25a. Laster amaituko dira hondakin uren tratamenduari erantzun hobea emateko Arabako Foru Aldundia egiten ari den Mandaitako kolektore berriaren obrak. Epeak betetzen ari dira, eta azpiegitura, zeinaren obrak 2021eko irailean hasi baitziren, datozen asteetan amaituko da.
Hartara, 2,7 kilometroko kolektore berriak egungo hobiaren inguruan du abiapuntua, ondoren hainbat lurzati zeharkatu, A-2622 errepidearekiko paraleloan igaro eta, azkenik, han bide bat dagoela aprobetxatuta, Olabarrira iristen da. Ibilbide osoa grabitatean da, eta ez dago bulkadarik egin beharrik.
Gune horretatik, Mandaitako hondakin urak Iruña Okako hondakin uren estaziora eramango dira, Olabarriko ur beltzekin batera, jada eginda dagoen kolektorea aprobetxatuz.
Mandaitako ur beltzen sarearen irteeran euri urak sartzeko gune bat kentzeko jardun txiki bat ere egin da obren barruan. “Horrela, arazte sistemen funtzionamendua eraginkorragoa izatea lortzen dugu”, esan du Natividad López de Munain Ingurumen Saileko foru diputatuak, zeinak kolektore berriaren obrak bisitatu baititu gaur goizean.
Foru erakundeak 745.460 euroko inbertsioa egin du azpiegitura hidrauliko horretan. Hari esker ustiapen gastuak murriztuko dira, eta paisaian eta habitat naturaletan inpaktu txikiagoa eragingo duen trazadura egingo da, hasierako beste trazadura batzuekin alderatuta.
Gaur egun, Iruña Okako araztegiak Langraiz Okako, Olabarriko, Los Llanos eta Subillabideko industrialdeetako eta Zaballako espetxeko isurketei ematen die zerbitzua. Kolektore berriak Mandaitako gunea araztegi horretara eramango du.
Azpiegitura hori Tresponde, Billoda eta espetxe zaharreko hondakin urak ere bildu eta tratatzeko diseinatuta dago, eta herrigune horiek hurrengo fase batean lotuko zaizkio.
“Jardun honek Arabako Lurralde Historikoko Hornidura eta Saneamenduko 2016-2026 Plan Zuzentzailearen barruan identifikatutako premietako bati erantzuten dio, eta Aldundiak legegintzaldi honetan hartutako konpromisoetako bat da” esan du Natividad López de Munain.