Foru Aldundia | 2022 03 30

Kultur programazioa garatzeko dirulaguntzaren eskabideak aurkezteko epea apirilaren 25ean amaituko da

  • Elkarte eta enpresentzako deialdiak 232.000 euroko aurrekontua du, 5.000 euro gehiagorekin handitu ahal izango dena, eta onartzeke dago toki erakundeentzako beste bat
  • 2021ean 18 proiektu finantzatu zituen dirulaguntza lerroak 67.000 euro gehiago izango ditu aurten

Gasteiz, 2022ko martxoaren 30a.  Gaur argitaratu da ALHAOn Arabako Lurralde Historikoan eta Trebiñuko enklabean kulturgintzako eta kultura zabaltzeko programak garatzeko 2022ko ekitaldiko dirulaguntzen deialdia, 232.000 euroko aurrekontua duena eta 5.000 euro gehiagorekin handitu ahal izango dena. Eskaerak aurkezteko epea martxoaren 31tik apirilaren 25era izango da.

Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko diputatuaren hitzetan, “dirulaguntza ildo garrantzitsuenetako bat da; izan ere, helburua da kultura sektoreko profesional autonomoek, enpresek eta elkarteek sustatutako kulturgintzako eta kultura zabaltzeko programak garatzen laguntzea”.

Emandako dirulaguntzak ezin izango du eskatutako zenbatekoa gainditu, ezta programan diruz lagundu daitekeen aurrekontu osoaren % 60 ere. Eskatzaile bakoitzeko proiektu bakarra aurkeztu ahal izango da, eta ezingo du 30.000 euroko aurrekontua gainditu.

 “Iaz, Plan A delakoarekin, —gogorarazi du Del Valek— deialdi bakar batean batu ziren bi laguntza lerro, egungoa eta toki erakundeena, eta guztira 220.000 euroko zenbatekoa izan zen. Kultura eragileen lerroa 165.000 eurokoa izan zen, zehazki, eta, beraz, aurten 67.000 euro gehiago izango ditu. Iaz 18 proiektu lagundu ziren diruz”.

 “Aurten ere toki erakundeentzako deialdia egingo da, eta 80.000 eurokoa izango dela aurreikusten da; alegia, iaz baino 25.000 euro gehiago izango ditu. Hau da, bi lerroen artean 92.000 gehiago izango dira guztira aurten”, nabarmendu du.

          

Foru Aldundia Kultura Kultura eta Kirol Saileko foru diputatua

Ana del Valen adierazpenak

Prentsa oharra

Jaitsi