Udalekuak 2022 programa Euskadiko gazteentzako 3.973 plazarekin itzuliko da - arabapress
Udalekuak 2022 programa Euskadiko gazteentzako 3.973 plazarekin itzuliko da
- Hiru aldundiek udalekuen eskaintza aurkeztu dute, eta 15 instalazio egongo dira, hiru Arabakoak: Zuhatza, Barria eta Espejo.
- Arabako izen-ematea martxoaren 21ean hasiko da eta 30ean amaitu; zozketa apirilaren 6an egingo da, eta kostu orokorra 135 eurokoa izango da.
- Guztira iaz baino 1.652 plaza gehiago dira, eta plazen erdiak Araban daude, hain zuzen 1.695 (2021ean baino 880 gehiago).

Bilbo, 2022ko martxoaren 10a. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek berriro antolatuko dute Udalekuak kanpaina (aurten Udalekuak 2022), zeinaren bidez programa ludiko eta hezitzaileen eskaintza zabala egiten baitzaie Euskadiko haurrei eta gazteei.
Kanpaina honetan hiru lurraldeetako 7 eta 13 urte bitarteko 3.973 haurrek hartuko dute parte, 7 eguneko txandetan, uztailaren 1etik 29ra bitartean, eta 135 euroko prezioan (hobariak kontuan hartu gabe). Araban 1.695 plaza eskainiko dira. Kontuan izan behar da iaz, COVID-19aren ondorioz, 2.321 plaza eskaini zirela guztira, eta haietatik 815 Araban.
Gaur prentsaurrekoan aurkeztu dute Ana del Val Arabako Kultura eta Kirol Saileko foru diputatu eta Gazteriaren Foru Erakundeko arduradunak, Lorea Bilbao Bizkaiko Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak eta Isaac Palencia Caballero Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteriaren zuzendari nagusiak.
Ana del Valen esanetan, “Programa hau oso garrantzitsua da hiru aldundientzat; izan ere, beronen helburu nagusia da haurrei bizikidetzarako espazio ludiko bat eskaintzea, beren autonomia pertsonala sendotzeko, jarduera eskaintza zabalarekin: ingurumen jarduerak baserri eskoletan, kiroletakoak, hala nola piraguismoa, mendi ibilaldiak edo bela, eta jarduera ludikoak, besteak beste jolasak, txangoak eta tailerrak. Hau da, aukera paregabea neska-mutilentzat".
Araban, izena emateko epea martxoaren 21ean hasiko da, eta martxoaren 30en amaituko da. Zozketa apirilaren 6an egingo da. Iaz bezala, prozesu osoa, bai aldez aurretik izena ematekoa, bai erreserba berrestekoa, telematikoa izango da webgunearen bidez, eta indarrean dagoen ziurtagiri digital bat beharko da. Informazio guztia dosierrean jasotzen da, eta foru aldundi bakoitzaren web orrietan egongo da eskuragarri.
- Áraba: https://gazteria.araba.eus
- Bizkaia: www.bizkaia.eus/udalekuak
- Gipuzkoa: www.gipuzkoa.eus/udalekuak