Gizarte Zerbitzuak | 2021 03 22

NagusiLab proiektuak adinekoak zaintzeko sare sozial bat definituko du Araban

Proiektua Artehazia, Kultura Berrikuntza, Arteak eta Gizartea Elkarteak sustatu du, eta Arabako Foru Aldundiaren eta Vital Fundazioaren babesa du.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 22a. NagusiLab proiektuak Araban adinekoak zaintzeko sare komunitario bat sortzea du helburu, adinekoak beren etxeetan ahalik eta denbora gehien gera daitezen, hala nahi izanez gero. Egia da pandemiak gizartearen jomugan jarri duela kolektibo hori, pairatzen dituen gabeziak agerian utzi baititu. Hala ere, lantzen ari garen proiektuak ez du krisi-garaietan soilik oinarritu nahi, arreta eta zaintzako sare sozial iraunkorra sortzean baizik. Artehazia, Kultura Berrikuntza, Arteak eta Gizartea Elkarteak sustatutako proiektu honek Vital Fundazioaren (erakundearen Covid19 laguntzen onuradunetako bat baita) eta Arabako Foru Aldundiaren (programa hau diruz lagundu baitu) laguntza du.

Gaur egun, hiru AuzoLab lantzen ari dira, Berrikuntzarako Herri Laborategiak, beste hainbeste erronkaren inguruan. Horietako bat etxebizitzak eta hiriak nolakoak izan behar duten aztertzea da, pertsonak euren etxean geratzeko aukera izan dezaten. Beste batek adineko pertsonen inguruko jarrerak eta estereotipoak desagerraraztean jartzen du arreta (horien kalifikazioa, adinaren araberako haien trebetasunena eta ezagutzena, beren bizitzen kontrola galtzea, familia-ingurunea hasten baita erabakiak hartzen, edo tratu paternalista instituzioen eta gizartearen aldetik, besteak beste). Eta, azkenik, zaintza-sare bat sortzeko orduan, hirugarren esparrua Erkidegoan dauden ahulguneak aztertzea da (zerbitzuenak zein gizartearenak).

Aurreikuspenen arabera, datorren apirilaren 15ean, AuzoLab-etan lortutako emaitzak aurkeztuko zaizkie proiektuan parte hartzen duten pertsona guztiei, eta une horretan hasiko dira forma ematen, gutxienez, hiru prototipo sortzeko (ukigarriak edo ukiezinak izan daitezke, eta ez dute obra artistikoaren itxurarik izango).

Miren Martin Artehaziako proiektuen koordinatzaileak adierazi duenez, “Nagusilabek erabakiak pertsonek beraiek har ditzatela nahi du. Horregatik, ez dugu lan egiten adinekoak nola bizitzea nahi dugun pentsatzen, baizik eta nola bizi nahi dugun guk geuk adin aurreratuetara iristen garenean. Izan ere, askotan, kolektibo batentzat definitzen ditugun irtenbideak, kolektibo horren parte izatera iristen garenean, ez zaizkigu hain onak iruditzen”.

Emilio Sola Gizarte Politiken saileko foru diputatua azpimarratu duenez, Nagusilabek hausnarketarako dituen erronkak Etxean Bai-ren ildotik doaz, Foru Aldundiaren proiektu estrategikoetako bat. “Etxean Bai-ren bitartez, sasoi onean zahartzea eta zahartze  arduratsua ahalbidetuko duen eredu bat prestatzen ari gara, pertsonentzat egokia. Pertsona gehienok etxean bertan zahartu nahi dugu. Nahi horretatik abiatuta, pertsonak etxean artatzeko eredu berri bati ekingo diogu. Espero dugu Nagusilaben egiten den gogoeta-ahalegina erreferentzia izatea administrazioentzat, eta, zehazki, Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politiken Sailarentzat, etorkizuneko ekintzetarako”.

Bestalde, Axier Urresti Vital Fundazioen zuzendari exekutiboak hausnarketa bat partekatu nahi izan du: “Erakundeak, gizartea, hiriak, Lurraldea… prest al gaude etorkizuneko adinekoen beharrak asetzeko? Vital Fundazioan uste dugu funtsezkoa dela aztertzea, berrikuntzatik abiatuta, nola sortu zaintza-sare eta komunitate-bizitza global bat, eremu horretan aurrean ditugun erronka guztiak aztertuko dituena, diziplinarteko eta belaunaldien arteko ikuspegi batetik, eta, horregatik, apustu aktiboa egin dugu NagusiLab proiektuaren alde”.

Herritarren eta kulturaren ekarpena

NagusiLab proiektua prozesuari eta, beraz, emaitzei, aparteko berezitasuna eskaintzen dien metodologia bati jarraiki gauzatzen ari da. Elementuetako bat da herritarrek beraiek definitu dituztela erronkak eta horiek lantzen ari direla. Bestea, AuzoLab-ak elkarrekin sortzeko prozesu gisa pentsatuta daudela; beraz, kulturaren eta sorkuntzaren mundutik datozen eragileak sartu dira. Eta, azkenik, lan-saio guztiak sormen aplikatuko oinarri artistiko eta kulturaleko dinamika eta tresnekin egin direla.

Hala, abenduan abiatu zen proiektua, hamabost kidez osatutako Talde Bultzatzaile batekin. Talde horretan adinekoekin lan egiten duten profesionalak daude, maila publikoan zein pribatuan, osasun-arlokoak izan zein ez, zaintzaileak, hainbat kolektibotako adinekoak eta sektorera bideratutako ekintzailetza-proiektuak dituzten gazteak. Talde horrek erabaki zituen landu beharreko hiru erronkak.

Horietako bakoitza AuzoLab batean garatzen ari da, non metodologia Arabako artistek eta sortzaileek jartzen duten: Thusia S. Koop. antzerki konpainia, Guk.estudio kolektiboa (arkitekto batek, hirigile batek, diseinatzaile batek eta musikaren mundutik datorren emakume batek osatua) eta Marina Blázquez, esperientziak diseinatzen dituen arkitektoa.

AuzoLab-etan hogeita hamar pertsona inguruk egiten dute lan: gerontologia espezialitatea ez duten osasun-profesionalak, adinekoak eta gazteak, ikasleak, gizarte-langileak, migratzaileak integratzen dituzten kolektiboak, desgaitasun fisikoa duten pertsonak, aldi berean zaintzaileak direnak, merkatariak … Belaunaldi arteko proiektua egitea izan da helburua, lanbide, prestakuntza, jatorri, kultura, erlijio … desberdinetako pertsonez osatua. Azken batean, Arabako egungo gizartearen ordezkaritza bat.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Gizarte Zerbitzuak Gizarte Politikak Gizarte Politiken Saileko foru diputatua

Prentsa oharra

Jaitsi