Ultra trail proba Euskadira eta Nafarroara itzuli da bi urte geroago, II. BUTS zirkuituko Gasteiz-Iruñea lasterketa antolatuta - arabapress
Ultra trail proba Euskadira eta Nafarroara itzuli da bi urte geroago, II. BUTS zirkuituko Gasteiz-Iruñea lasterketa antolatuta
- Izurriteak sorrarazitako etenaldia amaitu da eta Arabako eta Nafarroako hiriburuak lotzen dituen lasterketa egingo da uztailaren 23tik 25era.
- II. Basque Ultra Trail Series zirkuituko bigarren lasterketak 130 kilometro eta 6.150 metroko desnibel positiboa izango ditu.
- Probak badakar berritasunik: BUTS TXIKI deritzon lasterketa, Andoin eta Antsoain artekoa, 75 kilometro eta 4.000 metroko desnibel positiboa dituena.



Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 15a. Pairatu dugun izurrite latzaren ziozko bi urteko etenaldiaren ondoren, ultra trail-eko lasterketak Euskadira eta Nafarroara itzuliko dira uztailaren 23, 24 eta 25ean, Gasteiz-Iruñea lotzen dituen II. Basque Ultra Trail Series (BUTS) zirkuituko bigarren proba puntuagarria egingo dela. Lasterkariak Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazatik irtengo dira uztailaren 23an, ostiralean, 22:00etan, eta parte-hartzaileek 33 orduko epea izango dute ibilbidea osatzeko (hau da, uztailaren 25eko edo igandeko 7:00ak arte). Litekeena da lehen lasterkaria Antsoaingo udaletxeko plazara iristea larunbat goizeko 13:30ak aldera.
Proba Arabako Foru Aldundiaren egoitzan aurkeztu da, eta bertan Ana del Val, Kultura eta Kiroletako foru diputatua, Txelo Auzmendi, Asparrenako alkatea, Fernando Pérez, BUTS zirkuituaren zuzendaria, eta Mireia Trigueros, Euskal Mendizale Federazioaren Mendi Lasterketak saileko kidea, izan dira.
Ana del Valek “eskerrak eman dizkie antolatzaileei, duela pare bat urte egindako proba ausartagatik eta bigarren edizioari heldu nahi izateagatik, oztopo guztien gainetik. Proba honek ez dauka zerikusirik orain arte egin direnekin, eta ziur nago gure kirol egutegian sendotu egingo dena”, adierazi du.
Beste alde batetik, Fernando Pérez, pozik agertu da probaren antolaketak amaiera ona izan duelako “azken bolada honetan pairatzen ari garen une zail hauetan”, eta eskerrak eman dizkie “boluntarioei eta lasterkariei” haien konpromisoagatik, BUTS zirkuituarekiko atxikimendua dela eta, “horietako batzuek duela ia bi urte eman baitzuten izena”.
Gasteiz-Iruñea ultra trail proba ibilbidea, gutxi gorabehera, erdiz erdi banatzen da Araba eta Nafarroa artean, eta lasterkariek hogei bat tontor igo beharko dituzte, Beriain (1.493 metro) mendia, lasterketaren 90. kilometroan, probako kotarik garaiena izango dela. Proba Gasteizko mendietatik eta Iturrieta, Entzia, Urbasa eta Andia mendilerroetatik igaroko da, eta hortik Iruñerriaren inguruan ibiliko da Ezkabaraino. Iruñeko gailur enblematiko hori izango da lasterketan parte hartzen dutenek igo beharreko azken koska, Antsoaineraino azkar bai azkar jaitsi baino lehen.
Bigarren edizioa duen BUTS zirkuituak hiru euskal hiriburuak eta Nafarroakoa lotzen ditu urtero-urtero egiten diren lau ultra trail lasterketetan. 2019ko otsailean, Bilbo-Gasteiz lasterketa egin zen eta 2020an Gasteiz-Iruñea lasterketa egitekoa zen, baina azkenean ezin izan zen egin pandempiaren eraginez eta urtebete atzeratu behar izan zen. Inguruabar hori dela eta, 2022an egingo dira zirkuituaren azken bi lasterketak: Iruñea-Donostia, maiatzean, eta Donostia-Bilbo, urrian.
130 kilometroko lasterketa batean, eta Euskadin eta Nafarroan ultra trail probarik egin gabe denbora luzean egon ondoren, faboritoez hitz egitea zaila bada ere, garaipena lortzeko hautagaien zerrenda zabalak argiro erakusten du 'ultrarruner' direlakoen tropelak gogo biziak dituela Euskal Herriko mendi, bidezidor eta basoetan barrena ibiltzeko. Gizonezkoetan, Pantxo Saint Martin Iparraldeko lasterkaria nabarmendu behar dugu. Senperekoa 120 kilometrotik gorako lehen proban lehiatuko da Gasteiztik Iruñerainoko lasterketa honetan. Urko Valdivieso bilbotarrak, Igon Mancisidor debatarrak eta Ander Erice iruindarrak ez diote aurrerabiderik emango senpertarrari. Gainera, Miguel Angel Peñalver valentziarra eta Owen Davies, Durangon bizi den britainiarra, ezin ditugu ahaztu.
Emakumezkoetan, hasiera batean, Séverine Duhalde frantziarra eta Amaia Otxoa de Alda donostiarra dira irabazteko aukera handiena dutenak. Nolanahi ere, faboritoek kale egingo ote duten zain izango dira Bilbon bizi den Joanna Pawelczak poloniarra, Mapie Larroude frantziarra eta Vanesa Ruiz balearra.
BUTS TXIKIk Euskadiko eta Nafarroako ultra trail txapelketak hartuko ditu
Aurtengo berritasun nagusia BUTS TXIKI zirkuituaren estreinaldia da. Horren baitan, Andoin-Antsoain lasterketa egingo da, 75 km eta 4.000 metroko desnibel positiboa dituena. BUTS TXIKI direlakoak Basque Ultra Trail Series zirkuituaren barruko probak dira, BUTS “ahizpa nagusien” distantziaren erdia dutela, esaterako, Gasteiz-Iruñea lasterketarena (130 km/6.100 m-ko D+). Distantzia laburragoko (60 eta 80 kilometro artekoa) proba horien helburua da BUTS esperientzia mendiko beste lasterkari batzuengana zabaltzea da, azkenen lehiatzeko distantzia ehun kilometrotik beherakoa delako edo oraindik ere distantzia luzeagoko probetan ausartu ez direlako.
Horrez gain, Andoin-Antsoain BUTS TXIKI lasterketa 2021eko Ultra Trail Txapelketa izendatu dute Euskal Mendi Federazioak (EMF-FVM) eta Nafarroako Mendi eta Eskalada Kirol Federazioak (FNM-MNF). Horrela, Andoin (Araba) eta Antsoain (Nafarroa) lotzen dituen 75 kilometroko eta 3.950 metroko desnibel positiboko probak ebatziko ditu 2021eko ultra lasterketetako Euskadiko eta Nafarroako mendi-lasterkaririk onenak.
Andoin-Antsoain BUTS TXIKI lasterketa Andoingo plazatik (Asparrena) abiatuko da uztailaren 24an, larunbatean, goizeko 8etan. Probaren hasieran, Andoingo mendaterainoko aldats pikoari ekin beharko diote lasterkariek. Geroago, Legaireko zelaietara iritsita, probak bat egiten du BUTS lasterketaren ibilbidearekin helmugaraino. Lehen lasterkariak Antsoaingo udaletxe plazako helmugan izango bide dira 15:00ak aldera. Lasterkariek 18 ordu izango dituzte, gehienez ere, ibilbidea osatzeko (kontrola igande goizaldeko 2:00etan itxiko da).
Euskadiko Ultra Txapelketa ondoko kategorien arabera jokatuko da: absolutua (gizonezkoena eta emakumezkoena) eta klubak, eta kategoria bakoitzeko lehen hiru sailkatuek eta lehen emakumeak puntuak aterako dituzte. Nafarroako Ultra Txapelketan, berriz, hauexek izango dira kategoriak: seniorrak (gizonezkoak eta emakumezkoak, 18 urtetik aurrera), gizonezko beteranoak (45 urtetik aurrera) eta emakumezko beteranoak (40 urtetik gora).
BUTS TXIKIn garaipena lortzeko hautagaien zerrenda izugarria da, euskal eta espainiar lasterkari onenetako batzuk bertan izango direla. Mutiletan, Julen Martinez de Estibariz arabarra, Castellóko Ramon Recatala, Unai Dorronsoro beasaindarra edo Julien Jorro frantziarra nabarmendu behar ditugu, baina outsider ugari egongo dira faboritoen hutsegiterik txikiena aprobetxatzeko prest: Iñigo Arantzamendi, Iban Agirrezabala, Adur Mendizabal, Ezequiel Cuesta, Mikel Etxeberria… Emakumezkoetan, aldiz, Nafarroako lizentzia darabilen Uxue Fraile eta Leire Martínez, Euskal Herriko ultradistantziako bi mendi-lasterkari onenetakoen arteko lehia aipatzekoa da. Hala ere, Jone Urkizu, Elixabete Ursua eta Gema Lopez avilarra ez dira aurrekoetatik oso urrun ibiliko.
Euskadiko Ultrako egungo txapeldunak Uxue Fraile eta Ion Azpiroz ditugu, hots, 2019ko EH Mendi Erronkako irabazleak. Nafarroako txapeldunak, ordea, Maria Irigoyen de Mendizabal eta Alvaro Ramos dira, hau da, Nafarroa Xtrem 2019ko irabazleak. 2020an, txapelketa ezin izan zen jokatu COVID-19ak sorrarazitako pandemiagatik.
Oraingoa bigarren aldia da Basque Ultra Trail Series zirkuituak distantzia luzeko euskal lasterkaririk onenak erabakitzen dituena. 2017an, Iruñea-Donostia lasterketak ebatzi zuen Euskal Herriko Txapelketa. Silvia Triguerosek eta Raul Macarrok irabazi zuten orduan. Lasterketa horren laburpen-bideoa ondoko estekan ikus daiteke: https://www.youtube.com/watch?v=YpnhOAKjci0
Segurtasun protokoloa
Proben garapena ahalik eta ohikoena izan dadin, lasterketak gauzatzeko COVIDen aurkako protokoloak sortu eta ezarri dira, EAEko eta Nafarroako osasun-agintariekin lankidetzan. “Osasun agintariek ezarritako neurriei jarraiki, ziur gaude probak segurtasun osoz egin ahal izango ditugula parte-hartzaile eta boluntario guztientzat. Guztion konpromisoa dugu horrela izan dadin”, azaldu du Fernando Perezek BUTS zirkuituaren zuzendari teknikoak.
Horretarako, COVIDen aurkako neurrien protokoloa sortu da lasterketarientzat (kontsultatu hemen:aquí), eta bertan zehazten da dortsala nola jaso (aurreko astean jaso ahalko da, Bilbon, Gasteizen eta Antsoainen, jende pilaketak saihesteko) edo lasterketan zehar nola jokatu. Besteak beste, nabarmendu behar da lasterkariak maskara jantzita izan beharko duela nahitaez irteera aurreko parke itxian dagoen bitartean eta irteeraren osteko lehen 300 metroetan. Gainera, maskararik gabe lasterkariak ezin izango dira anoa postuetara eta helmugako parke itxira sartu.