Kultura | 2021 03 25

Añanako Gatz Harana, Europako VALSIPAM proiektuko 9 bazkideetako bat

  • InterregSudoe Europako lurralde lankidetzarako programak VALSIPAM proiektua onetsi du bere laugarren deialdian, zeinaren helburua baita “Munduko Nekazaritza Ondarearen Sistema Garrantzitsuen (Sipam) eta Europako beste antzeko lurralde batzuen dinamizazio eta balorizazio turistiko jasangarria sustatzea”.
  • Proiektuak Europan Sipam lurraldeen sare bat sortzearen alde egin du, sistema horiek desagertzeko arriskua murriztea ahalbidetuko duten irtenbide berritzaileetan oinarritutako eredu integral bat diseinatu, probatu eta ezartzeko.

Gesaltza Añana, 2021eko martxoaren 25a.  Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak (FAO) adierazi du Añanako Gatz Harana dela Munduko Nekazaritza Ondarearen lehen Sistema Garrantzitsua (SIPAM) Europan.  SIPAMak nekazaritza sistema berezi horiek babesteko eta haien etorkizuna bermatzeko tresna dira. Izan ere, sistema horiek gizarte, kultura, ekologia eta ekonomia zerbitzuak ematen dizkiote gizateriari. Hala ere, mehatxu handiak dituzte gaur egun, besteak beste: klima aldaketa, globalizazioa, produktu lehiakorragoak edo jarduerari uztea errentagarritasun txikiagatik (horrek despopulatzea dakar, eta biodibertsitatea eta ezagutza galtzea ere bai).

Proiektuaren xedea da SIPAM lurraldeen sarea sortzea, balorizazio turistikorako eredu integral bat diseinatu, probatu eta ezartzeko. Eredu horrek sistemak desagertzeko arriskua murrizteko irtenbide berritzaileak emango ditu. VALSIPAM proiektua berritzailea da, lurralde lankidetzarako proiektu batean lehenbizikoz heltzen zaiolako SIPAM nazioarteko aitorpena duten nekazaritza sistema berezien edo antzeko ezaugarriak dituztenen berrikuntzarako ahalmena eta aukerak ustiatzeko erronkari. Garapen jasangarrirako eredu bat sustatzen du, honako hauekin estuki lotuta dauden esperientzia paregabeen turismoan oinarritua: SIPAM sistemak (edo antzekoak), biodibertsitatea, paisaia, nekazaritzako eta basogintzako jardunbideak eta kultura ondarea. Eredu hori SUDOE eremuko antzeko nekazaritza sistemetan ere aplikatu ahal izango da.

VALSIPAM proiektua 2020ko azaroaren 1ean abiatu zen Andaluziako Nekazaritzako Kontseilaritzaren gidaritzapean eta 1.140.000 euroko aurrekontuarekin, eta 2023ko otsailaren 28an bukatuko dela aurreikusi da. Hiru herrialdetako (Espainia, Portugal eta Frantzia) bederatzi bazkide ditu. Zehazki, proiektuko bost parte hartzaile dira Espainiakoak (Añanako Gatz Harana Fundazioa, Andaluziako Junta, Taula del Séniako mankomunitatea, Consell de L´Horta de València partzuergoa eta Andanatura fundazioa), bi Portugalgoak (Goi Tamega Eskualdearen Garapenerako Elkartea eta Guadianaren Ibilbidea - Garapen Integratuko Elkartea) eta beste bi Frantziakoak (Charente-Maritime eta Cantal-eko nekazaritza ganberak).

Bederatzi erakunde horiez gain, beste 14 erakunde elkartu ere badaude. Beraz, nazioarteko lankidetza talde horretan guztira 23 kide daude, besteak beste: tokiko eta eskualdeko agintariak, tokiko garapenerako erakundeak eta enpresa munduari laguntzekoak, ikerketa erakundeak eta unibertsitateak, nekazaritza ganberak, jatorri deituren erakunde arautzaile bat, parke naturalak eta turismoaren arloko elkarteak.

Kultura Kultura

Prentsa oharra

Jaitsi