Tetrapack 2023 erakusketa kolektiboa: inoizko neutroena - arabapress
Tetrapack 2023 erakusketa kolektiboa: inoizko neutroena
Tetrapack erakusketa koletiboaren hamalaugarren edizioak 2022ko Gazte Klik Klak lehiaketako lau irabazle gazteen lanak biltzen ditu
Neutroaren bueltan ardaztuta, maiatzaren 24an inauguratuko da Amárica aretoan, 19:30ean. Ekainaren 25era arte egongo da ikusgai.



Gasteiz, 2023ko maiatzaren 23a. Ainhoa García de Cortázar Matías, Lucía Jayo Altamirano, Óscar Golpe Manuel eta Rafael Hernández Jiménezek - 2022ko Gazte Klik Klak deialdiko irabazleek hilabeteak daramatzate Tetrapack sormen prozesu artistikoan murgildurik. Bertan, hiriko argazkigintzaren eta ikus-entzunezkoen testuinguruaren talde-ikuspegia garatu dute. Sortutako lanak biltzen dituen erakusketaren inagurazioarekin borobilduko dute prozesua.
Tetrapack formakuntza eta gidaritza urte hasieran abiatu zen, behin Gazte Klik Klak lehiaketa amaituta. Fase honetan elkarlanera bideratutako metodologia funtsezkoa izan da taldearen garapen artistikoa eta sormena bermatzeko. Oraingo honetan, artista gazteak IN SITU Art Kultur Elkarteak lagunduta aritu dira lanean, zehazki elkartea osatzen duten Yone Estivariz Urraca eta Sara Berasaluce Duque argazkilariekin. Azken hau 2011ko Gazte Klik Klak-eko irabazleetako bat izan eta komisario-elkartu lanak egin ditu. Formakuntza osatzeko ikus-entzunezkoen munduko hainbat aditurekin - Nagore Legarreta, Maider Jiménez, Laura C. Vela eta Jon Cazenave - hitzaldiak eta topaketa irekiak antolatu ziren otsailean.
Tetrapack 2023 erakusketa joan-etorriko ikasketen eta lankidetzen jarioaren emaitza da, eta “neutroa”ren nozioa da bere ardatz kontzeptuala. Inguratzen gaituen munduaren aurreko posizionamendu gisa, zein denboraren interpretazioa bezala uler daiteke kontzeptu hau, edota gure ingurunea behatzeko eta begiratzeko ikuspuntu baten eta objektuen pertzepzio moduan. Artista bakoitzak bere begiradatik landu du kontzeptua Mirar sin ver, You'll Never Guess, A Tiempo Cambiado eta Rompes el tiempo por mirarlo izeneko lanetan.
Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuaren eta Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailaren arteko lankidetzari esker, eta azken urteetan ohi denez, Tetrapack 2023 erakusketa Amárica Aretoan egongo da ikusgai. Maiatzaren 24an, asteazkena, irekiko ditu ateak 19:30ean. Inaugurazio-ekitaldian artistek erakusketaren gaira, neutraltasunera, egin duten hurbilketa teknikoa azalduko dute baita beraien hausnarketak partekatu ere. Erakusketa ekainaren 25era arte ikusi ahalko da aretoaren ohiko ordutegian: asteartetik ostiralera 18:00etatik 21:00etara, larunbatetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara eta igande eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara.
Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuak antolatuta, Gazte Klik Klak deialdiak, eta bere eskutik datorren Tetrapack sormen prozesuak, argazkilaritza eta ikus-entzunezkoak maite dituzten 14 eta 25 urte bitarteko gazteak biltzen ditu. Artista gazteei Gasteizko arte-zirkuituan murgiltzeko aukera ematea du xede.