Gonzalok "datuen digitalizazioa eta kudeaketa" indartuko du, ogasun "moderno eta hurbila" finkatzeko - arabapress
Gonzalok "datuen digitalizazioa eta kudeaketa" indartuko du, ogasun "moderno eta hurbila" finkatzeko
Datuak modu eraginkorragoan kudeatzea dugu legegintzaldi honetako erronketako bat, eta horrek teknologia berrietan inbertsioak egitea ekarriko du

Vitoria-Gasteiz, 2023ko irailaren 27a. Ogasunaren digitalizazioa sendotuz eta datuen tratamendua eta kudeaketa eginez modernizazioan aurrera egitea da sailak dituen erronketako bat. Horrela azaldu du Ogasun, Finantza eta Aurrekontuetako foru diputatuak legegintzaldi honetan garatu beharreko helburu nagusietako bat. Itziar Gonzalo Arabako Batzar Nagusietan agertu da gaur goizean, bere sailak datozen lau urteetarako izango dituen ildo estrategikoen berri emateko.
Helburua kudeaketa eraginkorragoa, hurbilagoa eta herritarrentzat gardenagoa ezartzea da. Horretarako, datozen urteetan Ogasunak inbertsioak egingo ditu teknologia berrietan eta tresna informatikoetan. "Dagoeneko hasita dagoen bidean aurrera egitea, etorkizunean Ogasunak zergadunari zergen aitorpenak aurkezteko aukera eman diezaion, eskura dituen datuen arabera" adierazi du.
Itziar Gonzalo andreak azpimarratu du, halaber, TicketBAI sistema sendotu egin dela edo sistemak modernizatu egin direla zergadun bakoitzaren 360º-ko ikuspegia lortzeko. "Ikuspegi horren bidez, zergen araberako ikuspegitik zergadunaren ikuspegi bakarrera igaro ahal izateko, borondatezko betetzea hobetze aldera" azaldu du.
Iruzurraren aurkako borroka sailaren lehentasunezko beste jarduketetako bat da, eta zerga ihesa detektatzeko sistemaren modernizazioaz ere baliatuko da. Zerga kudeaketaren hobekuntza da, foru arduradunaren iritziz, "zerga sistema bidezkoa, progresiboa, jasangarria eta lehiakorra lortzeko bidean aurrera egitea" dakarrena.
Era berean, foru arduradunak agendan ezarri duen beste helburuetako bat honako hau da: "zerga sistema berrikustea egoera sozioekonomikora egokitze aldera. Horretarako sortutako aberastasuna modu bidezkoagoan birbanatzen eta zerbitzu publiko hobeak izaten lagunduko diguten neurrietan sakondu behar dugu".
Ildo horretatik, nabarmendu du "zer nolako aldaketak egin behar diren Arabako erronka handiei aurre egiteko, hala nola erronka demografikoari, ekonomia jasangarriari, enplegu aldaketei eta garapen ekonomikoaren sustapenari". Foru arduradunak aurreratu du, berrikuspenaren aurreko urrats gisa, bi zuzeneko zerga nagusietan (pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga eta sozietateen gaineko zerga) egin ziren aurreko erreformen ebaluazioa egingo dela. Zerga horien gaineko araugintza eskumen osoa du zerga arduradunak.
Foru diputatuak, gainera, fiskalitate berdea bultzatzearen alde agertu da, "pizgarria baita ingurumena zaintzen eta hobetzen laguntzeko".Horretarako, Itziar Gonzálezek zehaztu du "ingurumenaren aldeko jarduketak egiten ahaleginduko diren neurriak, eta, beraz, pertsona guztien onurarako direnak, aztertuko direla".
Ildo horretan, berrikuntza aipatu du hazkunde ekonomikorako elementu gisa, eta iragarri du "enpresak lehiakorragoak izan daitezen sustatzeko neurriak jarriko direla abian, eta, horretarako, beren negozioak garatzeko modu berriak edo proiektu berriak aztertuko direla".
Foru diputatuak aipatu duen beste helburuetako bat da Foru Aldundiaren aurrekontuak Garapen Jasangarriaren Helburuekin lerrokatzea. Bere hitzaldian honako hau ere aipatu du: "Europaren finantzaketa lortzea, Arabako trakzio proiektu eta proiektu eraldatzaile nagusiek behar dituzten baliabideak burutzeko erronka estrategiko gisa".
Gonzalo, hain zuzen ere, aurrekontuen jasangarritasunaren garrantziaz aritu da, "Aldundiaren eta haren foru sozietateen zor bizia murrizteko politikekin jarraitzea ekarriko baitu, legegintzaldi honetan jarraitu beharreko jarduketa ildoa ezarrita".
Aipatu duen beste ekintzetako bat foru erakundearen finantza kalifikazioa (Rating Fitch) finkatzea eta mantentzea izan da. Horrek agerian uzten du Arabako profil sozioekonomiko osasungarria, nazioko eta nazioarteko estandarren pean.