Gizarte Politikak | 2025 03 31

Indesak bere lehenengo plan estrategikoa onetsi du, desgaitasuna duten pertsonei enplegu aukera gehiago eskaintzeko, enpresa modernizatzeko eta bezeroei zerbitzu hobea emateko

Enpleguko zentro bereziak epe luzerako jasangarritasuna lehenesten du, Arabako dibertsitate funtzionala duten pertsonen laneratzea bermatzeko

2025-2030 Plan Estrategikoak inbertsioak ezartzen ditu teknologian, instalazioen hobekuntzan, langileen gaikuntzan, eta administrazio publikoekin eta enpresa pribatuekin lankidetzan aritzeko estrategiak, besteak beste

Gasteiz, 2025eko martxoaren 31. Indesa enpleguko zentro bereziaren Administrazio Kontseiluak onespena eman dio enpresaren lehen Plan Estrategikoari (2025-2030). Plan horren helburua da bere negozio sozialaren eredua indartzea eta etorkizuneko erronkei egokitzea, eraldaketa ekonomiko eta sozialen testuinguruan. Asmo handiko ekintza programa da, eta indartu egiten du Indesaren konpromisoa, bere prozesuak modernizatzearekin eta bezeroei ematen dizkien zerbitzuak hobetzearekin, Araban desgaitasuna duten pertsonentzat laneratzea eta enplegu gehiago sortzearekin, eta epe luzera lanpostu gehiago sortzea ahalbidetuko duen finantza jasangarritasunarekin.

Izan ere, enpleguko zentro bereziaren lehentasuna da dibertsitate funtzionala duten pertsonei enplegu egonkorra eta kalitatezkoa ematea, erabateko laneratzea eta gizarteratzea lortzeko. Indesa administrazio publikoen partaidetzako irabazteko xederik gabeko sozietatea da —Arabako Foru Aldundiarena da zatirik handiena—, eta plantillaren % 90ek desgaitasuna du.

Dibertsitate funtzionala duten pertsonen kolektiboan Araban enplegua sortzeko erreferente gisa finkatua, Indesak enplegu aukera ugari sortzen ditu Araban zehar, hain zuzen, industria jardueretan eta zerbitzu, sukalde, garbitegi, lorezaintza jardueretan, bai eta zentro eta egoitzen garbiketan ere, eta zerbitzua ematen du sektore publikoan zein enpresa pribatuetan. Bezeroak erakunde publikoak dira gehienbat, enpresa pribatuez gain.                     

Gorka Urtaran: "Indesa eraldatzeko eta modernizatzeko aukera paregabea"

Onetsitako plan estrategikoa barneko eta kanpoko azterketa sakon baten emaitza da, eta erakundearen indarguneak eta ingurune aldakor batean aurre egin beharreko erronkak identifikatu ditu. "Laneratzean erreferente izaten jarraitu nahi dugu, baina baita gure eraginkortasuna eta berrikuntza gaitasuna hobetu ere, etengabe eraldatzen ari den merkatura egokitzeko. Aukera paregabea da enpresa eraldatzeko eta modernizatzeko, eta haren jasangarritasuna eta talentu gaztea erakartzeko, enpresa haztea ahalbidetuz", nabarmendu du Gorka Urtaran Gizarte Politiken Saileko foru diputatu eta Indesako Administrazio Kontseiluko presidenteak.

Gorka Urtaranek azpimarratu duenez, "ibilbide orri integral honek ekintzen egutegi bat ezartzen du, eta ekintza horiek pixkanaka egingo ditugu, besteak beste, teknologian inbertsioak eginez, instalazioak hobetuz, langileak gaituz eta administrazio publikoekin eta enpresa pribatuekin lankidetzan aritzeko estrategiak laneratzen laguntzeko".

Planak hiru helburu estrategiko ezartzen ditu datozen bost urteetarako, gizarte inpaktuaren, eragiketen jasangarritasunaren eta pertsonekiko konpromisoaren arteko oreka islatuko dutenak.

Helburu horietako lehena zerbitzuak dibertsifikatzea eta zabaltzea da, desgaitasuna duten pertsonen beharretara eta nahietara egokitutako enplegu berriak sortuko direla ziurtatuz. Bigarren helburua Indesaren barne prozesuak modernizatzea eta bezeroei ematen dizkien zerbitzuen kalitatea hobetzea da. Eta, hirugarrenik, lan ingurune bat sortu nahi du non pertsona guztien garapen profesionala eta talentua erakartzea eta enpresaren helburu soziala betetzea ahalbidetuko baitu.

Helburu horiek gauzatzeko, planak funtsezko sei ekintza ildo proposatzen ditu:

  1. Zerbitzu zorro inklusiboa eta Arabara egokitua garatzea: Indesak jarduera osagarrien eskari handia duten sektore estrategikoak identifikatu nahi ditu, hala nola logistika, paketatzea, garbiketa industriala eta mantentze lanak, bai eta aukerak arakatu ere sortzen ari diren arloetan, hala nola biozientzian, energia berriztagarrietan eta teknologia aplikatuan. Era berean, aliantza estrategikoak indartuko dira udalekin, enpresa pribatuekin eta elkarteekin, negozio aukera berriak sortu ahal izateko.

  2. Modernizazio teknologikoa eta efizientzia operatiboa: Produktibitatea optimizatzeko, barne kudeaketa hobetzeko eta kalitate handiagoko zerbitzua bermatzeko tresna digitalak eta prozesu automatizatuak txertatuko dira.

  3. Talentuaren plangintza: Lanbide-prestakuntza eta -garapeneko plan bat jarriko da abian, eta arreta berezia jarriko da talentu gaztea erakartzeko eta hari eusteko, bai eta lanpostuak dibertsitate funtzionala duten pertsonen beharretara egokitzeko ere. Era berean, estrategiak garatuko dira enplegatuak lan merkatu arruntean sartzen laguntzeko edo lan osteko irteerarako prestakuntzan laguntzeko.

  4. Posizionamendua, zerbitzuaren kalitatea eta marka proiektatzea: Irudi korporatiboa indartuko da, Araban laneratzearen, kalitatezko zerbitzuak ematearen eta erantzukizun sozialaren erreferente gisa.

  5. Ingurumen jasangarritasuna eta efizientzia: Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat etorriz, Indesak praktika arduratsuak garatuko ditu, garbitegiko, lorezaintzako eta sukaldaritzako funtsezko jardueretan ingurumen inpaktua murrizteko.

  6. Finantza gaitasuna eta hazkunde jasangarria: Finantzaketa iturriak dibertsifikatzeko lan egingo da, sektore pribatuarekin lankidetzan aritzeko eta Europako funtsak erakartzeko aukera berriak aztertuz, entitatearen egonkortasun ekonomikoa bermatzeko.

Gizarte Politikak Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi