Indesak gora egiten jarraitzen du enplegu aukerei dagokienez, eta lehen aldiz gainditzen du mila langileren kopurua - prentsa
Indesak gora egiten jarraitzen du enplegu aukerei dagokienez, eta lehen aldiz gainditzen du mila langileren kopurua
Enplegu zentro bereziak Arabako desgaituei enplegua eskaintzeko gaitasuna areagotu zuen iaz, Santa Marina Ospitaleko garbitegi zerbitzua bere gain zuelako, besteak beste

Gasteiz, 2025eko martxoaren 17a. Indesa enplegu zentro bereziaren plantillaren % 90 desgaitasuna duten pertsonek osatzen dute, eta gora egiten jarraitzen du jarduera bolumenari eta laneratzeko aukerak sortzeari dagokienez. Urte honen hasieran, lehen aldiz gainditu da mila langileren kopurua, eta zifra historiko horrek 2024ko ildoari jarraitzen dio, urte hartan entitateak bere langileen errekorra hautsi egin baitzuen, urtean betez beste 908 langileko kopuruarekin.
Indesa administrazio publikoen partaidetzako irabazteko xederik gabeko sozietatea da —Arabako Foru Aldundiarena da zatirik handiena—, eta plantillako gehienek desgaitasunen bat dute. Haren helburua da dibertsitate funtzionala duten pertsonei enplegu egonkorra eta kalitatezkoa ematea, erabateko laneratzea eta gizarteratzea lortzeko.
Zentroak enplegu aukera ugari sortzen ditu Araban zehar, hain zuzen, industria jardueretan eta zerbitzu, sukalde, garbitegi, lorezaintza jardueretan, bai eta zentro eta egoitzen garbiketan ere, eta zerbitzua ematen du sektore publikoan zein enpresa pribatuetan.
Plantillaren %90,45ek desgaitasunen bat du, inguruko enplegu zentro berezien artean ehuneko handiena. Enplegatuen erdiak baino gehiagok eraikinen eta lokalen garbiketa arloan lan egiten du, hau da, Gasteizko gizarte etxeetan, egoitzen foru sarean, ikastetxeetan eta erakunde publiko eta pribatuen beste bulego batzuetan.
Gorka Urtaran Gizarte Politiken foru diputatuak ontzat eman du Indesaren jarduera, eta zentro hori "bere jarduera ekonomikoaren bidez autofinantzatzen dela" nabarmendu du. Era berean, nabarmendu du enplegagarritasunak gora egin duela 2024an, hainbat faktore direla-eta, hala nola enkarguen gorakada edo orientazio eta laneratze lana. Indesa gorantz doan enpresa da, bere langileen profesionaltasun handiari eta bezeroen gogobetetasunari esker, gaineratu du Gorka Urtaranek.
Indesaren 2024ko memoria sozialak jasotzen duenez, batez besteko plantillak 24 enpleguko hazkunde garbia izan zuen aurreko urtearean aldean, hau da, urte arteko % 2,71ko igoera.
Enplegagarritasuna handitzea enpresaren jarduera ekonomikoa hobetzearekin lotuta dago. Horri dagokionez, nabarmentzekoa da garbitegiaren arloko enkarguak handitu egin direla; izan ere, 2024an bere gain hartu zuen Osakidetzaren gomendioa, zeinaren bidez enplegu zentro berezia Santa Marina Ospitaleko eta Bilbo-Basurtu ESIko garbitegi zerbitzua ematen hasi baita, Arabako ESIko, Arabako Errioxako ESIko eta Debagoieneko ESIko ospitaleetarako lehendik egiten ari zen lanari gehituta.
Enplegagarritasunaren igoera horretan lagundu du, halaber, Indesak zentro okupazional gisa duen zeregina bere gain hartzeak, desgaitasuna duten pertsonak gaitzen laguntzen baitu enplegu zentro berezian lan egiten hasi aurretik. Horrela, iaz, EGF+ek (Europako Gizarte Funtsa Plus) kofinantzatutako proiektua jarri da abian, LanAukera – Promoción de Oportunidades izenekoa. Proiektu horren xedea da desgaitasuna duten pertsonen gaikuntza sustatzea lan egin aurreko fasean, Indesan bertan laneratzea lortzeko, gaikuntza ibilbide bat garatu ondoren.
Eremu horretan bertan, eta egindako orientazio eta laneratze lanaren ondorioz, 233 pertsona kontratatu ziren iaz Indesan aldi baterako premiak betetzeko, hala nola oporrak betetzeko edo laneko baja egoeran zeuden langileak ordezteko.
Enplegagarritasunaren hobekuntza lanbide sustapenaren bidez ere gauzatu da, ataleko eta areako beharginen eta talde arduradunen kategoria altuenetan langileak gehituz.
Era berean, 2024an hitzarmen kolektibo berria sinatu zen, eta, soldata igoeraz gain, beste hobekuntza batzuk jaso ditu, hala nola ordainsaririk txikienak dituen kategoriari aplikatzeko moduko kalitatezko ordainsari bat ezartzea eta antzinatasun plus bat ezartzea.
Zenbateko ekonomikoei dagokienez, Indesak % 9,85 igo zuen fakturazioa iaz, 19,5 milioi euroraino.