Iruña Veleiak ikerketarako aztarnategi eskola eta praktika laborategia izan nahi du - arabapress
Iruña Veleiak ikerketarako aztarnategi eskola eta praktika laborategia izan nahi du
- Kultura eta Kirol Sailak “Iruña Veleia biziberritzeko eta garatzeko proiektua 2022-2025” aurkeztu du. Proiektu horren estrategiaren helburua da “garai berri bat” irekitzea erromatar hirirako
- Aurten bakarrik, 1,15 milioi euro inbertituko dira, batez ere Eusko Jaurlaritzak kudeatzen dituen Next Generation funtsen ekarpenari esker
- Aurten, gainerako 2023-2025 estrategiari ekiteko inbertsioa itxiko dela aurreikusten da, eta 2025 baino lehen “erabaki egonkorragoak eta epe luzekoak hartzeko prest egongo gara, hamar urterakoak”
- Epe ertainean, besteak beste, bisitarientzako eraikin modular zabalgarri bat sortzea aurreikusten da, bai eta hedapen plan bat eta gizarte programa bat egitea ere, urteko bisitak nabarmen hobetze aldera



Vitoria-Gasteiz, 2022ko maiatzaren 20a. Iruña Veleia hiri erromatarrak ondare historiko-arkeologikoa ikertzeko eta kontserbatzeko aztarnategi eskola eta praktika laborategia bihurtu nahi du datozen urteetan.
Hala jakinarazi du Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak gaur egin den Batzar Nagusien Batzordean, non Iruña Veleia biziberritzeko eta garatzeko proiektua 2022-2025 “ aurkeztu baitu, etorkizunean egingo diren epe labur, ertain eta luzerako ekintzen estrategia bat ezartzeko asmo argiarekin, eta horrekin batera, garai berri bat irekitzeko hiri erromatarrarentzat, Arabako proiekzio elementu garrantzitsuenetako bat izan dadin”, adierazi du Del Val diputatuak. Horrez gain, jakinarazi duenez, proiektuaren xehetasunak amaitzen ari dira Eusko Jaurlaritzarekin batera, eta hark Next Generation kultura funtsetatik kopuru handi bat zuzenduko du, erakundearen partaidetzarik gabe ezingo bailitzateke jauzi kualitatibo eta kuantitatibo hori egin”.
Etorkizunerako diseinatu den proposamena hiru denbora tarte ditu jomuga: Epe laburrerako (2022 eta 2023ko zati baterako, finantzaketa kontsolidatuarekin), epe ertainerako (2025era arte, urtea amaitu baino lehen kontsolidatuko dena) eta, azkenik, epe luzerako planaren diseinua (2025-2035).
“Aurreko esperientziaren ondorioz, helburu zehatzak dituen proiektu bat diseinatu nahi izan dugu aurrekoa baino epe laburragoan, etorkizun argi eta hurbil bateranzko trantsizioa egiteko (2025). Orduan bai, erabaki egonkorragoak eta epe luzekoak hartzeko moduan egon gaitezke, hasierako inbertsio batzuk eginda eta Plan Zuzentzailearen ondorio zientifikoak asimilatuta egongo direlako” esan du Del Valek.
“Beharrezkoa da, beraz –azpimarratu du–, denbora eta hausnarketa, funtsezko hainbat helbururekin: emaitza berriak behar bezala zabaldu ahal izatea, ikerketa proiektu berri bat idatzi ahal izatea, hedapena eta sarbidea hobetzea, hau da, Iruña Veleiak merezi eta behar du proiektu egoki bat, ahal duen neurrikoa eta bere potentzial guztia aterako duena, eta horretan lanean ari gara eta arituko gara”.
Planak hiru helburu ditu: Ikerketa zientifikoa kultura ondarean, kalitatezko kultura turismoan eta gizarte balioa eta itzulkina sortzean. Horiek lortzeko, bost jarduketa ardatz diseinatu dira.
-
Ikerketa: Aztarnategiko ikerketa arkeologikoko lanei jarraipena ematea. Baina, horretarako, ikerketa proiektu egokia behar da, ondo zehaztua eta diziplina anitzeko talde zabal eta trebe batek sostengatua, eta, horretarako, Iruña Veleiari buruzko ezagutza indartu behar da; horretarako, miaketa geofisiko intentsiboen proiektu bat egingo da.
-
Kontserbazioa: Lehentasuna emango zaio arkeologia egiturak kontserbatzeari eta zaharberritzeari. Harresian jardutea, oppidum barruko eremuak sendotzea
-
Interpretazioa: Bisitarientzako harrera zentro berria eraikitzea. Eraikin modular zabalgarri bat, harrera eta zerbitzu gune egokiago eta zabalagoekin, eta ikerketa arkeologikoko laborategirako gune bat. Gainera, inguruaren diseinu berria. Ardatz honetan, berreraikuntza birtualeko aplikazio mugikor bat sortu da, eta beste interpretazio baliabide batzuk sortuko dira.
-
Zabalkundea eta gizarte programa: aztarnategia jendarte guztiari ezagutaraztea, eta, horrela, kalitatezko baliabide turistiko eta kultural garrantzitsu bihurtzea; bestalde, aztarnategia ingurunearekin hobeto integratzea, ezagutza sortuz eta tokiko ondarea balioesteko jarrera positiboak bultzatuz. Horretarako, marka irudia garatu, komunikazioa planifikatu, ekintzak abiarazi eta tokiko erakundeekin eta inguruko herritarrekin harremanetan jarri behar da.
-
2025-2035 ikerketa-proiektuaren plangintza: epe labur eta ertaineko jarduketen helburuari esker denbora horretan kultura ondareari buruzko ikerketa zientifikoko proiektu handi bat diseinatu ahal izango da, “2025ean gauzatzen hasteko modukoa”.
Aurrekontua
Foru arduradunak kontatu duenez, azken 12 urteetan 2,3 milioi euro inbertitu dira. Aurten bakarrik, 1,15 milioi euro inbertituko dira, zati bat 2023an gauzatuko bada ere, hau da, “azken 12 urteetan inbertitutakoaren % 50. Ez da inoiz horrelako inbertsiorik egin, eta, beraz, aukera handia dugu”.
Nabarmentzekoa da 900.000 euro Eusko Jaurlaritzak Next Generation UE funtsen kultura kuotatik datozela, 150.000 euro Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren zuzeneko ekarpenetik, eta 100.000 euro aldundiak egindako ekarpenik.
“Eta eskerrak eman nahi dizkiot Eusko Jaurlaritzari. Izan ere, Eusko Jaurlaritzarekin proposamenaren xehetasunak zehazten ari gara oraindik, eta haren ekarpenik gabe ezinezkoa izango litzateke jauzi kualitatibo eta kuantitatibo hau egitea” nabarmendu du Del Valek, 2025era arteko inbertsioa aurten ixtea aurreikusten dela adierazteaz gain.
2010-2020 Plan Zuzentzailearen Memoria
Agerraldia baliagarria izan da, halaber, aztarnategiaren historiako etapa bati amaiera emateko, eta 2010-2020 Plan Zuzentzailearen ondorioen aurkezpena eginez; izan ere, hasieratik amaierara bitarte aurrez aurre izan dituen aurkako inguruabar guztiak gorabehera, planteatzen ziren helburu gehienak modu egokian lortzea lortu da”.
Gaurtik aurrera, jende guztiaren eskura jartzen dira Arabako Foru Aldundiaren webgunean, edonork, espezialistak nahiz jakin-mina besterik ez dutenak, ezagutu eta kontsultatu ahal izateko asmoarekin.