Joanna Artieda nazioarteko postregile eta irakasleak 2022ko gatz uztari hasiera eman dio Añanako Gatz Haranean - arabapress
Joanna Artieda nazioarteko postregile eta irakasleak 2022ko gatz uztari hasiera eman dio Añanako Gatz Haranean
- Ramiro González Arabako diputatu nagusi eta Añanako Gatz Harana Fundazioko lehendakariak Añanako Gatz Haraneko gatzaren enbaxadore egiten duen aitorpen plaka eman dio Artiedari
- Gatz Uztaren kanpaina bete-betean hasi da maiatzean eta urrian bukatuko da. Aurreikusitakoaren arabera, guztira, 22 tona gatz lore eta beste 145 tona iturburuko gatz ekoitziko da artisau eran.



Gesaltza Añana, 2022ko ekainaren 3a.- Iruñean jaioa den Joanna Artieda nazioarteko postregile eta irakaslea arduratu da gaur goizean 2022ko Gatz Uztari hasiera emateaz. Ekitaldi horrek hasiera ofiziala ematen dio Añanako Gatz Haraneko (Gesaltza Añana, Araba) gatz produkzioari. Arabako diputatu nagusi eta Gatz Harana Fundazioko lehendakari Ramiro Gonzalezek Añanako Gatz Haraneko gatzaren enbaxadore egiten duen aitorpen plaka eman dio.
Haren hitzetan, "Edertasuna, dotoretasuna eta perfekzioa bizitzaren soiltasunean dago, eta Añanako gatz kristalek luxurik gozoena eskaintzen diete nire pastelei".
2018an, Espainiako pastelgintzako lan onenaren saria jaso zuen Joanna Artiedak, eta Frantziako eta Espainiako jatetxe onenetan prestatu da. 2016an Espainiako Chef hoberena izendatu zuten (sari hori lortu zuen lehen emakumea). 2017aren hasieran, Pastry Revolution aldizkariak 'munduan joera ezartzen duten 10 postregileen” zerrendan sartu zuen, eta Artieda Bartzelonara joan zen Hoffman-en irakasle taldean sartzeko (Michelin izar bat).
Bere gozogintza ibilbidean hamahiru sari baino gehiago lortu ditu (bi final nazional Madrid Fusiónen, Nafarroako gastronomiaren 2022ko saria eta beste batzuk). 2017az geroztik, `JoannArtieda´ bere marka eta enpresa propioa lantzen eta garatzen ari da, eta haren bidez, nazioarteko irakastaldi magistralak ematen ditu entzute handiko eskoletan, eta aholkularitza eta aholkularitza/prestakuntza ugari eskaintzen ditu gastronomian edo gozogintzaren munduan ari diren enpresentzat hainbat herrialde eta kontinentetan, hala nola Arabiar Emirerritan, Saudi Arabian, Italian, Mexikon, Libanon, Korean, Turkian, Espainian …
Joanna Artiedak Añanako gatzarekin duen harremana ez da oraingoa. Urteak daramatza gatza bere sorkuntzetan erabiltzen "aparteko produktua baita, purutasun handikoa eta artisau eran ekoiztua, eta horrek jatorrizko zaporea areagotzen laguntzen du”. Orain, lan horren aitortza eginez, enbaxadore ofizial bihurtu da beste nazioarteko eta aparteko sukaldari batzuekin batera.
Bestalde, Arabako diputatu nagusi eta Añanako Gatz Harana Fundazioko lehendakariak eskerrak eman dizkio munduan jardunean dagoen gatzagarik zaharrenean ekoitzitako gatzaren kalitatea ezagutzera emateagatik, eta Añanako Gatz Haranak etorkizuna izan dezan Joana Artieda bezalako profesionalek hainbat arlotan egiten duten lana nabarmendu zuen. Bere hitzaldian, Ramiro Gonzálezek ere Gatz Harana nabarmendu nahi izan du, “arabar guztion ondarea eta Euskadiko ondare altxorrik handienetakoa; azken urteotan egiten ari diren berreskuratze lanak erakundeen eta gizartearen konpromisoaren erakusgarri da”.
Minutu batzuk lehenago, Joanna Artiedak kanpainako lehenengo gatza jaso du larrainean bertan gatz egilearen laguntzarekin, eta era sinbolikoan garraiatu dute bien artean. Keinu honekin 2022ko Gatz Uzta inauguratutzat jo da, milaka urteko larrainez inguratutako paisaia paregabean.
Joannaren izena nazioarteko sukaldari garrantzitsuen zerrendan sartuko da eta han daudenekin bat egingo du, hala nola Andoni Luis Aduriz, Eneko Atxa, Martín Berasategui, Patxi Eceiza, José Carlos Fuentes, Dani García, Diego Guerrero, Iñaki Murua, Carolina Sánchez, Francis Paniego, Juan Roca, Pedro Subijana eta Oscar Belascorekin.
Bestalde, Pablo de Oraá Añanako Gatz Haranaren Fundazioko zuzendari-kudeatzaileak adierazi duenez, ekoizpena 22 tona gatz lorera eta 145 tona iturburuko gatzera iritsiko da aurten. Esku artean darabilgun aurreikuspen hori egiteko, kontuan hartu dugu nazioko eta nazioarteko merkatuetako eskariaren hazkundea, nahiz eta kontuan hartu behar den Añanako gatza ekoizteko era guztiz artisaua denez, ekoizpen hori eguzki eta haize baldintza egokiekin dagoela zuzenean lotuta, eta, jakina, gatz egileen lanarekin.