Kirolarabak “erreskate plan” bihurtu du errendimendu handiko klubei ematen dien laguntza - arabapress
Kirolarabak “erreskate plan” bihurtu du errendimendu handiko klubei ematen dien laguntza
- 225.000 eurokoa da aurrekontua, eta aldaketak egingo dira oinarrietan COVID-19aren ondorioak arintzeko; besteak beste, nominak eta gastu arruntak ordaintzeko aukera.
- Izena emateko azken eguna maiatzaren 15a izango da.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko apirilaren 30a. ALHAOn argitaratu da Kirolaraba Fundazioaren goi mailako klubentzako laguntzen deialdia. 225.000 euroko aurrekontua du, eta aldaketak egin dira aurtengo oinarrietan, “COVID-19ak eragin ahal izan dituen ondorioak arintzeko erreskate plan” bihurtzeko.
Deialdiaren xedeak berbera izaten jarraitzen du, alegia, laguntzak ematea Eusko Jaurlaritzaren kirol erakundeen erregistroan inskribatuta eta Arabako lurraldeko kirol federazioei atxikita dauden eta kategoria absolutuan goi mailako taldeak dituzten ALHko edo Trebiñuko enklabeko kirol taldeei eta/edo klubei, behar adina baliabide izan ditzaten jarduerak egiteko.
“Baina, ezohiko urtea denez hau —adierazi du Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko diputatuak—, laguntza honen oinarriak berrantolatzea erabaki dugu. Aurreko urteetan, entrenamendu eta lehiaketa gastuak ordaintzen ziren partida honetan, dietak eta gastuak barne. Aurten ere ordainduko dira gastu horiek, kategoria erdi profesionalean egin ahal izan baitira batez ere urtearen lehen seihilekoan, baina aurten jarduerak eragindako gastu arruntak ere ordainduko dira, bai errendimenduak bai bestelako jarduerek eragindakoak, hala nola entrenatzaileen eta begiraleen ordainsariak, aholkularitza, telefonia, lokalen alokairua eta abar. Horrela, ‘erreskate plana’ izango da goi mailako lehiaketara bideratutako kirolarien entrenamenduak egiten dituzten klubentzat”.
Izena emateko azken eguna hau izango da: maiatzaren 15a.