Ogasuna | 2021 05 17

Fitch Ratings kalifikazio agentziak AA- kalifikazioan mantendu du Arabako Foru Aldundiaren kaudimen maila

  • Fitch Ratingsek Arabaren profil sozioekonomiko osasuntsua nabarmendu du, estatuko batez bestekotik gorako per capita BPG baitu, eta industria sektorearen partaidetza garrantzitsua, balio erantsi handiko arloetara bideratua.
  • Itziar Gonzalo foru diputatuak oso positibotzat jo du kalifikazioa, COVID-19aren krisiak egoera ekonomikoan eta kontu publikoen bilakaeran izan duen eragina gorabehera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 17a. Fitch Ratings kreditu kalifikazioko agentziak 2020ko azaroan emandako AA- kalifikazioan mantendu du Arabako Foru Aldundiaren kaudimena, perspektiba egonkorrarekin, eta nabarmendu du estatuko eta nazioarteko estandarren arabera Arabak profil sozioekonomiko osasuntsua duela; izan ere, industria sektorearen presentzia handia da eta balio erantsi handiko jardueretara bideratuta dago.

Arabako zorraren kalitateari dagokion benetako kalifikazioa AAA da, eskalako altuena, baina, Fitch agentziaren balorazio arauen arabera, Arabaren kalifikazioa, kasu honetan, ezin da Estatuari emandakoa (une honetan A-) baino hiru maila handiagoa izan.

Fitchek lurralde historikoaren arrisku profila positiboki baloratu du, probabilitate txikia dagoelako diru sarreren, gastuen edo zorraren portaerari dagokionez gerta litezkeen ustekabeko gertaerek arazoak sortzeko sortutako baliabide arrunten bidez lurralde historikoaren zerbitzua (amortizazioaren ordainketa eta interesak) estaltzeko.

Itziar Gonzalo foru Ogasun diputatuak oso positibotzat jo du jasotako kalifikazioa: “Kudeaketaren zorroztasuna eta zuhurtzia berresten ditu, ezin baitugu ondorengo belaunaldiekiko dugun erantzukizuna alde batera utzi. Ezin dugu hipotekatu Aldundiak etorkizuneko beharrei erantzuteko duen gaitasuna une honetan gehiegi zorpetuz”.

Fitch agentziaren arabera, lurraldearen arrisku profila batez ere zuzeneko eta zeharkako zergetatik datozen diru sarrera fiskal sendoen emaitza da, nahiko egonkorrak baitira. Fitchek baloratu egin du AFAk gastuak kontrolatzeko duen gaitasuna, diru sarreren bilakaera eta izaera ez-ziklikoa.

Zorraren eta likideziaren esparruari dagokionez, kalifikazio agentziak haren sendotasuna eta zorraren egituraren izaera kontserbadorea balioetsi ditu; izan ere, batez besteko kostua txikia da: % 1,7, eta 3,6 urteko batez besteko bizitza du.

Ogasuna Ogasuna, Finantzak eta Aurrekontuak Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko foru diputatua

Prentsa oharra

Jaitsi