Errepideak eta Garraioak | 2021 04 25

AMAk BAT txartela eskuratzeko eta kargatzeko makina bat instalatu du Logroñoko autobus-geltokian

Alavabuseko 200.000 bidaiarik baino gehiagok erabiltzen dute urtero geltoki hori euren joan-etorrien jatorri eta helmuga gisa.

Vitoria-Gasteiz. Apirilaren 25a.- Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak osatzen duten Arabako Mugikortasun Agintaritzak (AMA) BAT txartela saltzeko eta kargatzeko makina bat jarriko du martxan Logroñoko autobus-geltokian, bihar, apirilaren 26an, astelehena.

Helburua da BAT txartela eskuratzeko erraztasunak ematea Alavabusen hiriarteko foru-lineetako 200.000 bidaiari baino gehiagori, hiri horretako geltokia urtero joan-etorriak egiteko erabiltzen baitute. Logroñoko geltokia Alavabuseko bost linearen jatorria eta helmuga da: 8 Logroño/Oion/Laguardia, 9 Vitoria-Gasteiz/Logroño, 10 Logroño/Haro, 11 Logroño/Eskuernaga eta 17 Bilbo/Logroño.

Bost linea horiek Arabako Errioxako eta Añanako kuadrilletako herri askori ematen diete zerbitzua, hala nola Oion, Laguardia, Labastida, Lapuebla de Labarca, Elciego, Moreda de Álava, Labraza, Yecora, Viñaspre, Lantziego, Kripan, Elvillar, Assa, Samaniego, Leza, Navaridas, Mañueta eta Zambrana.

“AMAren lan-ardatzetako bat da BAT txartela Araban diharduten garraiobide publikoetan ordaintzeko modu gisa finkatzea; eta horretarako, txartela eskuratzea eta kargatzea erraztuko duten, eta txartel horren elkarreragingarritasuna bultzatuko duten politikak sustatuko dira. Makina hori Logroñoko geltokian instalatzea aurrerapausoa da helburu horretan", azaldu du AMAren lehendakari Blanca de la Peñak.

Makina bihar, apirilaren 26an, astelehena, jarriko dute martxan Logroñoko autobus-geltokian. BAT txartela eskuratu nahi duten bidaiariek txartel hori 3 euro ordainduta jaso ahal izango dute, eta, era berean, saldoa erraz kargatzeko aukera izango dute euren joan-etorriak ordaintzeko.

Bi eragiketak —BAT txartela erostea eta saldoa kargatzea— kreditu-/zordunketa-txartelaren bidez baino ez dira egingo.

Logroñoko autobus-geltokiko makina berriak salmenta- eta karga-puntuen sare bat itxiko du. Sare hori honako hauek osatzen dute: Vitoria-Gasteizko tranbiaren geralekuek eta autobus-geltokiak, Antso Jakitunaren kaleko tranbiaren jendaurreko arreta-bulegoak, Vitoria-Gasteizko Udalaren herritarrentzako arreta-bulegoek eta Arabako herri nagusietako Kutxabanken kutxazainek.

Halaber, erabiltzaileek aukera dute BAT txartelaren saldoa online kargatzeko Android gailu mugikorrekin, BAT NFC aplikazioa erabiliz.

BAT txartelak garraio-txartela ordaintzeko eskudiruaz ahazteko erosotasuna eskaintzen du, baita txartel arruntaren prezioarekiko deskontuak egiteko abantaila ere. Gainera, koronabirusaren aurkako babes-neurrien esparruan, erakundeek haren erabilera sustatzen dute, lehentasunezko ordainbide gisa, txartela erosi eta baliozkotzean kontaktu pertsonala ekiditeko.

Errepideak eta Garraioak Mugikortasuna Mugikortasun Jasangarria eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatua

Audioa

Prentsa oharra

Jaitsi