| 2021 10 18

‘Etorri bidaiatzera’ kanpainak Arabako onena erakutsi die 250 bidaia agentzia eta komunikabide baino gehiagori

  • Espainiako hiri nagusietan aurkezpenak eginez eta “fam trip” baten bidez.
  • Cristina González: “Balantzea oso positiboa da, irismenagatik eta emaitzengatik: bisitari nazionalen kopurua % 25 baino gehiago hazi zen uztailean eta abuztuan, 2019ko udaren aldean”.
  • “Orain, joera hori iraunaraztea dugu erronka, lehen aldiz bisitatu gaituztenak fidelizatzea eta, hala, sektorearen susperraldia sendotzea, ahaztu gabe pixkanaka berriz konkistatu behar dela nazioarteko merkatua”.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urriaren 18a.- Turismoa sustatzeko “Etorri bidaiatzera” kanpainak Arabako natura eta ondare baliabide nagusiak erakutsi dizkie azken hilabeteetan Espainiako 250 bidaia agentzia, touroperadore eta komunikabide baino gehiagori, helmuga sendotzeko merkatu nazionalean. Kanpainari datorren azaroaren 5ean ekiten jarraituko zaio, Movistar plataforman "Miradas viajeras” telebista programa zuzenean emanez Gasteiztik.

Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko foru diputatu Cristina Gonzálezek eta arloko zuzendari Felipe Garcíak kanpaina horren balantzea aurkeztu dute gaur. Kanpaina maiatzaren erdialdean hasi zen, alarma egoera altxatu eta barne mugikortasuna berriz abiatzearekin batera.  Gonzálezek ekimen honen ebaluazio “oso positiboa” egin du, “bidaien preskriptoreen artean duen irismenagatik eta emaitzengatik”.

“Bertatik bertara eman diegu Arabako onenaren berri (haren izaera, ondarea eta enogastronomia) 250 bidaia agentzia, touroperadore eta herrialdeko komunikabide nagusietako kazetariri baino gehiagori, eta horrek guztiak azpimarratu du zer eragin eta presentzia daukan gure lurraldeak profesional horien agendan, prentsa espezializatuan, bidaia blogetan eta irrati eta telebista kateetan” esan du foru diputatuak.

Gonzálezek azaldu du halako kanpainek epe ertainera bideratzen dituztela beren helburuak, baina azpimarratu duenez, kasu honetan gainera, “oso pozik gaude epe laburrean lortutako emaitzekin. “Etorri bidaiatzera” kanpainaren xedea zen Araba merkatu nazionalean helmuga gisa ezagutaraztea, eta uztailean eta abuztuan erregistratutako datu ofizialek argi utzi dute ia 81.000 bidaiari nazionalek bisitatu gaituztela, 2019an baino %26 gehiagok, hau da, pandemia aurreko azken udan baino % 26k gehiagok”.

“Bidaiari espainiarren hazkunde handi horri esker, 2019ko uztaileko eta abuztuko zifrak berdindu ahal izan ditugu. Gogoan dut Arabako historiako turismorako urte onenetako bat izan zela. Eta beste herrialde batzuetatik etorritako bisitarien beherakada konpentsatu du”, erantsi du.

Foru diputatuak dioenez, erronka orain da “joera hori iraunaraztea, uda honetan lehen aldiz bisitatu gaituztenak fidelizatzea eta, hala, sektorearen susperraldia sendotzea, ahaztu gabe pixkanaka berriz konkistatu behar dela nazioarteko merkatua. Kanpaina espezifiko bat garatzen ari gara Europako herrialdeetan Arabako eskaintza zabaltzeko hainbat motatako bidaiarientzat: natura, enograstronomia, turismo inklusiboa, motorzaleen turismoa, autokarabanak, familiak…”.

9 hiri

‘Etorri bidaiatzera’ kanpainaren tokian bertako aurkezpenak maiatzaren 11n eta 12an hasi ziren Sevillan eta Malagan (Gasteizekin zuzeneko hegaldiz loturiko bi hiri); haiez gero Bilbon, Madrilen, Valentzian, Bartzelonan, Zaragozan, Valladoliden eta Santanderren jarraitu zuten. Aurkezpen egutegiak herrialdeko hiri garrantzitsuenak eta hurbiltasun geografikoagatik interesgarriak diren beste hiri batzuk konbinatu ditu.

"Araba gure naturari, ondareari eta enogastronomiari lotutako hamaika jarduera eta esperientziaren bidez bizi, sentitu eta dastatzen den destino seguru, jasangarri eta inklusibo gisa aurkeztu dugu. Inguruaz eta kulturaz presarik gabe gozatzen dakien bidaiariarentzat pentsatutako helmuga da, eta bidaiariek garai hauetan bilatzen duten guztia eskaintzen du: espazio irekiak, lasaitasuna eta masifikaziorik eza”, esan du Cristina Gonzálezek.

Gasteizko Udaleko alkateorde eta Turismo zinegotzia, Maider Etxebarria, aurkezpen horietan izan da, bai eta Añanako Gatz Haraneko zuzendari Pablo de Oraá eta Santa Maria katedraleko zuzendari Jon Lasa ere. 

"Etorri bidaiatzera" kanpainak herrialdeko bidaia agentzia lider batzuk bildu ditu aurkezpen hauetan, hala nola Viajes El Corte Inglés, Halcón Viajes, North Incoming Service, Zafiro Tours, Cosmopolitan People, Olympia Madril, Viajes Geo, B the travel Brand edo Azul Viajes, nazioko eta tokiko egunkari nagusiak (El País, El Mundo, La Vanguardia, Grupo Vocento, etab.), irratiak (SER, COPE, Onda Cero, RNE …), TVE eta National Geographic bezalako hedabide espezializatuak.

“Etorri bidaiatzera”k lau eguneko fam trip edo familiarizazio bidaia batekin jarraitu du irailean, bidaia agentzia, touroperadore eta komunikabide horietatik hamabost inguruk parte hartuta.<0} Bidaia agentzia, touroperadore eta turismoan berezitutako kazetari horiek, Arabak dituen natura, ondare eta enogastronomia erakargarri garrantzitsuenak bisitatu, ezagutu eta bizi izan zituzten, tokian bertan.

Kanpainak mugarri hau izango du: Movistar plataformak ematen duen "Miradas Viajeras" telebista programa grabatzea eta azaroaren 5ean zuzenean Gasteiztik ematea. Zuzeneko hiru ordu izango dira, eta Arabako eskualde guztietako turismo baliabideen presentziaz gain haien zabalkundea egingo da.

Cristina Gonzalezen adierazpenak

Prentsa oharra

Jaitsi