2022ko errenta kanpainak aurreko urtean baino 17,6 milioi gehiago itzuli ditu, eta % 14,7ko igoera ekarri du zergadunen alde - arabapress
2022ko errenta kanpainak aurreko urtean baino 17,6 milioi gehiago itzuli ditu, eta % 14,7ko igoera ekarri du zergadunen alde
"Aurreko kanpainetan baino kopuru handiagoa da, eta inflazioak familiengan eta autonomoengan zuen eragina arintzeko hartutako neurrien eraginean oinarritzen da", azaldu du foru diputatuak

Gasteiz, 2023ko uztailaren 14a. 2022ko errenta kanpainak aurreko urtean baino 17,6 milioi gehiago itzuli ditu, eta horrek % 14,7ko igoera ekarri du zergadunen alde. Itziar Gonzalo Ogasuneko foru diputatuak gaur goizean ezagutzera eman du zifra hori, aurreko ekitaldiari dagokion balantzearen aurkezpenean.
"Aurreko kanpainetan baino kopuru handiagoa da, eta inflazioak familiengan eta autonomoengan zuen eragina arintzeko hartutako neurrien eraginean oinarritzen da. Hain zuzen, zergadunentzat onuragarriak izan ziren deflaktazioa eta 200 euroko gutxitzeak", azaldu du foru diputatuak.
Hori dela eta, aurkeztutako proposamenen kopurua iazkoa baino handiagoa izan da: 189.182 aitorpen, guztira. Horietatik, zati handi batek, hau da, % 67k baino gehiagok, zergadunaren aldeko itzulketa izan du.
Era berean, Itziar Gonzalok adierazi duenez, "normaltasuna izan da kanpainaren joera orokorra, eta, horregatik, oso balorazio positiboa egiten dugu, eta pozgarria da". Eta etengabeko hobekuntza azpimarratu du, "herritarrei errazteko harremana Foru Ogasunarekin modu arin eta eraginkorrean". Ildo horretan, honako hau nabarmendu du: "Arabako Foru Ogasuna, aurreko kanpainetan bezala, nahierako zerbitzu bat ematen saiatu da kanpaina honetan, eta, horregatik, zergadunek arreta indibidualizatua eta presentziala edo harreman digitalagoa aukeratu ahal izan dute".
Errentaren balantze ekonomikoa
2022ko errenta kanpainan, 132.702 aitorpen egin ditu Foru Ogasunak berak, hau da, aurkeztutako aitorpen guztien % 70.
Aitorpenak aurkezteko, 90.602 zergadunek Foru Ogasunak egindako Rentafacil proposamena berretsi dute, eta 42.100 Gasteizko, Laudioko eta Guardiako ogasun bulegoetan egin dira aurrez aurre. Gainera, 38.471 gestorien bidez aurkeztu ziren, eta 18.009 bete ziren egoitza elektronikoaren bidez, Rentared modalitatean.
Aurkeztutako aitorpen guztietatik, 127.515 itzultzekoak ziren, 140 milioi euro guztira, eta zergadunaren aldeko batez bestekoa, berriz, 1.102 euro.
Bestalde, Foru Ogasunaren alde dirua sartu beharreko aitorpenak 51.437 izan dira, 114 milioi euro guztira, eta 2.229 euroko batez besteko diru sarrera. Ondorioz, Arabako Foru Ogasunak kanpaina honetan jaso duena baino ia 26 milioi euro gehiago itzuli ditu.
Kanpaina honetan, telefono bidez erantzun zaie 24.180 laguni baino gehiagori, hitzordua eskatu dutelako edo aitorpenarekin lotutako zalantzak argitu dituztelako.Posta elektronikoz, webeko formularioaren eta postaren beraren bidez, 2.700 inguru erantzun dira, eta herritarrekin komunikatzeko interakzio digitala areagotu egin da.
Beste datu batzuk
- Aurten zerga aurkeztera behartuta ez dauden zergadunek itzuli beharreko aitorpen gehiago aurkeztu dituzte. Horrela, Ogasunak berak 26.471 aitorpen proposamen egin zituen aurkeztu beharra eduki gabe itzuli beharreko kuotaren emaitza zuten zergadunei.
- Ehuneko 9tik gorako igoera "Lan etekin garbiak" kontzeptuan.
- Aurrezkiaren zerga oinarria % 11 baino gehiago handitu da, batez ere kapital higiezinaren etekinen (% 18) eta ondare irabazien (% 7,8) gehikuntzetan oinarrituta.
- Kenkariak % 5,5 handitu dira. Nabarmentzekoa da dohaintzen (% 57), etxebizitzan inbertitzearen (% 26) edo desgaitasunaren (% 10) ondorioz kendutako zenbatekoaren igoera.