Garapen ekonomikoa eta inbertsioa | 2021 11 17

Foru Aldundiak Bastidara eramango du Inspira programa, irakasle eta familientzako bi jardueraren bidez

Zabalkunde ekimen horien bidez, ikasleen eta, batez ere, nesken artean bokazio zientifiko eta teknologikoak sustatu nahi dira.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko azaroaren 17a.  Arabako Foru Aldundiko Berdintasunaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza, Deustuko Unibertsitatearekin eta Arabako Parke Teknologikoarekin sinatutako hitzarmenari esker, Inspira programa lurraldeko hainbat herritan zabaltzeko jardunaldiak egiten ari da. Programa horren helburua da bokazio zientifiko eta teknologikoak sutatzea ikasleen eta, bereziki, nesken artean.

Azaroaren 18an eta 23an iritsiko da Guardia-Arabako Errioxako kuadrillara, zehazki Bastidara, bi jarduerarekin.

Haietako lehena irakasleentzako hitzaldi bat izango da, euskaraz, eta izenburu honekin: “STEAM arloetan genero arrakalari aurre egin”; eta, bigarrena, zientzia eta teknologiari buruzko lantegi praktikoa, familientzat, zientzia eta teknologiaren arloetako lanbideetako emakume faltaren arazoa ezagutarazteko.

Bokazio falta horren arrazoiez hitz egingo da, eta azalduko da nola lagundu gazteei eta, batez ere, neskei, etorkizuneko erabakiak har ditzaten besteak beste honako hauen eraginik sentitu gabe: konfiantza falta, sexuaren araberako aukera desberdinak, genero estereotipoak edo STEAM arloetako ikasketak eta lanbideak ez ezagutzea.

Bi jarduerak Bastidako kultura etxeko ekitaldi aretoan egingo dira, arratsaldeko 17:30ean.

Arabako Foru Aldundiak Inspira programa babesten du, zeina 2016an sortu baitzen Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultatean, STEAM lanbide deiturikoetan (zientzia, teknologia, arteak eta matematika hitzen ingelesezko sigla) emakumeen talentua sustatzeko, eta dagoeneko bosgarren edizioa du Araban.

Garapen ekonomikoa eta inbertsioa Ekonomia garapena

Prentsa oharra

Jaitsi