Foru Aldundiak bisita tematikoak, hitzaldiak eta aurkezpenak antolatu ditu Museoen Nazioarteko Egunerako - arabapress
Foru Aldundiak bisita tematikoak, hitzaldiak eta aurkezpenak antolatu ditu Museoen Nazioarteko Egunerako
Ana del Val: “Jendea sentsibilizatu nahi dugu museoek kultura trukerako duten funtsezko eginkizunaz, eta irmoki berretsi nahi dugu etorkizun bidezkoa eta jasangarria eraikitzeko duten balioa”

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 14a.- Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak jarduera programa askotarikoa eta interesgarria antolatu du maiatzaren 18an izango den Museoen Nazioarteko Eguna dela eta. Programa maiatzaren 18tik 23ra bitartean gauzatuko da, eta hitzaldiak, lanen aurkezpenak eta bisita gidatu tematikoak izango dira, besteak beste, eta Natura Zientzien Museoaren “Nire artelan gogokoena” pintura lehiaketako sariak emango dira.
Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak eta Javier Fernández Bordegarai Museo eta Arkeologia Zerbitzuaren buruak aurkeztu dute gaur programa, eta ezagutzaren transmisioan eta funtsezko balioen sustapenean museoek duten eginkizun garrantzitsua nabarmendu dute. “Programa honen helburua da sentsibilizatzea kultura trukerako, gizarte gisa aberasteko eta etorkizun bidezkoa eta jasangarria eraikitzeko museoek duten funtsezko eginkizunaz”, adierazi du Del Valek.
“Gure gizarteentzat erabakigarria den unea bizi dugu, eta museoek aldaketa beren gain hartu eta gidatu behar dute, eta berriz hausnartu eta esperimentatu behar dute kulturaren kontsumo eredu berriekin eta hibridoekin, eta irmoki berretsi behar dute etorkizun bidezko eta jasangarriaren eraikuntzan duten balioa. Kulturaren sorkuntza indarraren alde egin behar dugu, COVID osteko aroan suspertzearen eta berrikuntzaren motortzat hartuta”, erantsi du.
Aurtengo edizioaren lema “Museoen etorkizuna: berreskuratu eta berrimajinatu” da, eta lema horren bidez museoak, haietako profesionalak eta komunitateak gonbidatu nahi dira honako hauek sortu, imajinatu eta partekatzera: balioa (elkarrekin) sortzeko jardunbide berriak; kultura erakundeentzako negozio eredu berriak; eta gaur egungo gizarte, ekonomia eta ingurumen erronketarako irtenbide berritzaileak.
Jarduera programa maiatzaren 18an bertan hasiko da. 10:15ean, Arma Museoan, Samurai armadura aurkeztuko da: dô Maru motako samurai armadura, ezkataz egina, metala, larrua eta zeta konbinatuz; eta, horrez gain, Federico Coullaut-Valera (1912-1989) eskultorearen Emakume nagia lana ere aurkeztuko da. Lan hori Arte Ederren Museoko lorategiko horma hobi batean dago jarrita. 1975ean erosi zuen Arabako Foru Aldundiak, eta Zaharberrikuntza Zerbitzuak zaharberritu zuen.
Aurrerago, maiatzaren 22an (larunbata), Natura Zientzien Museoak eta Alavesiak antolatutako “Nire artelan gogokoena” pintura lehiaketako sariak emango dira Kultura Etxean; eta maiatzaren 23an (igandea), 11:30ean, 12:15ean eta 13:00etan, bisita gidatu tematikoak egingo dira Arte Ederren Museoan (Augustin Zuluetaren jauregia eta Arabako Arte Ederren Museoko lorategiko eskulturak) eta Bibat Museoan (Bendaña jauregia eta Bibat museoa. Bi eraikin museo batean).
Gainera, Aldundiaren museo guztietan —Arte Ederren Museoa, Arma Museoa, Natura Zientzien Museoa eta Bibat Museoa— bisita tematikoak programatu dira, gure museoen eta haietako bildumen gainean berriz hausnartzeko eta berrimajinatzeko ideiarekin, eta haien gaineko beste ikuspegi bat eta haiez gozatzeko era desberdinak eskaintzeko. Bisita tematikoak uda osoan egingo dira. Oraingo honetan hautatu den gaia “Emakumearen aztarna Arabako museoetan” da, eta bisitak aurrez hitzordua hartuta eta museoen irekiera ordutegiaren barruan egingo dira.