Arabako Foru Aldundiak Arabako herritarrei galdetuko die klima aldaketaren inguruko beren ezagutzaz eta kezkaz - arabapress
Arabako Foru Aldundiak Arabako herritarrei galdetuko die klima aldaketaren inguruko beren ezagutzaz eta kezkaz
Foru Gobernuak klima aldaketaren aurkako borrokan bultzatzen duen “Klima Araba 2050” estrategiaren garapenaren barruan kokatzen da partaidetza prozesua, Arabako biztanleen errealitatera itzulia eta denboran iraunkorra.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko apirilaren 12a. Arabako Foru Aldundiak, Ingurumen Sailaren bitartez, hasi du Arabako gizarteari “Estrategia Klima Araba 2050” planaz galdetzeko prozesua, Araba karbonotan neutroa izatea eta nazioarteko desafio eta konpromisoekin bat egitea lortzeko asmotan. Hurrengo 30 urterako ibilbide-orria markatuko duen plan estrategiko berriak berretsi eta areagotu egiten du Arabak egin duen apustua, energia eraginkortasunaren, energia berriztagarrien garapen aurreratuaren, gure basoen CO2 hustubide efektuaren eta lurraldearen egokitzearen aldekoa.
“Klima Araba 2050” estrategian parte hartzeko prozesuaren helburu nagusia hau da: lurraldeko sektore desberdinen eta oro har herritarren kezkak eta beharrizanak ahalik eta ongien ezagutzea, arabarrek beren herrietako klima aldaketari buruz duten iritzia zuzen-zuzenean jakiteko.
"Zalantzarik gabe arrazoiak dauzkagu klima aldaketaren aurka ekiten hasteko, aurreikuspen ezkorrenei buelta ematen ahalegintzeko, haiek arintzeko eta egokitzeko", azpimarratu du Josean Galerak Ingurumen Saileko foru diputatuak.
Arabako herritarren partaidetzarik zabalena lortzeko eta klima aldaketaz duten pertzepzioa ezagutzeko asmotan, lau talde bereizi dira, 18 urtetik 75 urte baino gehiagora arteko pertsonak barne hartzen dituztenak, beren ezaugarriengatik pauta desberdinak behar baitituzte inkestaren zabalkunderako.
Inkesta Arabako Foru Aldundiaren web orri ofizialean (www.araba.eus) egongo da eskuragarri, eta Arabako udal guztiei gonbit egingo zaie beren web orrietan argitara ditzaten. Zabalkunderik handiena lortzeko, prestakuntza eta kultura zentroetara, elkarteetara, eguneko zentroetara eta erretiratuen etxeetara ere bidaliko da, besteak beste.
Ondoren, inkestaren emaitza aztertuta, ezagutu ahal izango dugu Arabako herritarrek klima aldaketaz duten pertzepzioa eta ezagutza, nolako garrantzia ematen dioten arazoari, zer deritzoten eragile desberdinengandik -administrazioa, ikastegiak eta komunikabideak, besteak beste- gai honen inguruan jasotzen duten informazioari, eta nola ikusten duten klima aldaketa Araban, egin beharreko ekintzen garrantzia, eta klima aldaketa moteltzen laguntzeko beren ekarpen pertsonala.
Klima aldaketaren eraginez, Araban ia 4 gradu igo liteke batez besteko tenperatura 2071-2100 aldian, bero olatuak izan litezke urtean 18 egunez, eta euririk gabeko egunak bi halako izan litezke. Horrek guztiak laborantzaren lekualdaketa eta industria produktibitatearen gutxitzea ekarriko lituzke, baita kalteak ere gizakien osasunari eta biodibertsitateari.
Arabako lurraldeak jasan litzakeen ondorio horiek “akuilatu eta bultzatu behar gaituzte klima aldaketaz hitz egiten dugunean geure buruaz, geure bizitzaz, lurraldeaz, orainaz eta etorkizunaz hitz egiten dugula ulertzeko”, uste du Josean Galera Ingurumen Saileko foru diputatuak.