Foru Aldundiak BeBai aitorpenak eman dizkie Arabako gizarte zerbitzuetako jardunbide egokiei - arabapress
Foru Aldundiak BeBai aitorpenak eman dizkie Arabako gizarte zerbitzuetako jardunbide egokiei
Entitate hauek egin dituzte proiektuak: Ikiriki eta Azirkarte Gizarterako Elkartea, Aspace Araba, Orobide egoitza, Osasun Mentaleko Jardunaldien Batzordea, Aguraingo Udala eta Asafes, IRSE Araba eta Sartu Araba, Gasteizko Udala eta Gizarte Ongizaterako Foru Erakundea


Gasteiz, 2025eko ekainaren 17a. Gaur goizean, Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politiken Sailak BeBai 2025 aitorpenak eman dizkie Arabako gizarte zerbitzuetako jardunbide egokiei. Europa Jauregian egin den ekitaldi instituzionalean, Ramiro González Arabako diputatu nagusiak eta Gorka Urtaran Gizarte Politiken Saileko foru diputatuak gizarte arretaren arloko sei entitateren lan ona aitortu dute, sektore horretan lan egiten dutenak oro har ezagutuak eta aitortuak izan daitezkeen ekimen berritzaileei ekitera motibatzeko eta gizarte erakunde guztietan arretaren kalitatea hobetzeko kultura sustatzeko.
Hainbat kolektiboren bizi kalitatea hobetzen laguntzen duten ekimenak dira, hala nola desgaitasuna duten pertsonena, gizarte bazterketako egoeran dauden emakumeena, familiena eta adinekoena eta haien familiena. Iñaki González Tejedok eta Eñaut Mikeo Beitiak, Azirkarte Gizarterako Elkartekoak, eta Luis Salazarrek, Ikiriki Elkartekoak, aitorpena jaso dute beren "Zirku eta asto ibilaldia" proiektuagatik. Hain zuzen, ikuskizun horretan adimen desgaitasuna duten gazteak dira protagonista.
Aspace Arabako Garuneko Paralisiaren Elkartearen izenean, eta haren "Arte hurbila" proiektuagatik —erakundeko zortzi erabiltzailek osatutako pintura taldea—, BeBai aitorpena jaso dute Nathaly Arciniega artistak, Egoitz Conte taldearen dinamizatzaileak, Nagore Redondo boluntarioak eta Ainhoa Gamarra elkarteko koordinatzaileak. Halaber, aitorpena jaso dute Murgiko Orobide egoitza zentroko Leire de la Vegak eta Borja Díezek eta Marta Lafuente zentroko zuzendariak, "Familien parte hartzea lotura emozionalak indartzeko, estimulazio sentsorialeko taldeko saioetan" proiektuagatik.
Gasteizko Udaleko Haurren eta Familien Zerbitzuaren aldetik, Karmele Valle eta Itziar Corcuera hezitzaileek, Raúl Rodríguez psikologoak eta Familiei Laguntza eta Babesa emateko Atalaren buruak, Mónica Hierrok, aitorpena jaso dute "Egokitzen" programagatik, zeina baita banantze edo dibortzio gatazkatsuetan gurasokidetasun positiboa lantzeko programa. BeBai aitorpena jaso dute beste hauek ere, Aguraingo Osasun Mentaleko Jardunaldiengatik: aguraindarren ordezkari Anabel eta Marixa Larreina eta Mamen Pérez Herviasek, Mari Mar Lamiquiz Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko (GOFE) prebentzio komunitarioko teknikariak eta Elena Ortiz de Zárate Asafes elkarteko lehendakariak (Buruko Gaixotasuna duten Pertsonen eta Senideen Arabako Elkartea).
Azken aitorpena "Bazterketa egoeran edo egoteko arriskuan dauden emakumeen arteko ezagutza trukerako laborategia"rentzat izan da, eta Joy Osakue eta Fátima Balouek programako parte hartzaileek, Mónica Margusino eta Garazi Ibáñez IRSE-Arabako eta Sartu-Arabako laguntzako teknikariek eta Eduardo Peña GOFEko Gizarte Inklusio eta Indarkeria Matxistaren Arloko teknikariak jaso dute. Aitorpenak emateko ekitaldiaren aurretik, "Araba a Punto" 2021-2025 aldian Arabako Lurralde Historikoan nahi ez den bakardadeari aurre egiteko foru estrategia kolaboratiboaren talde eragilean parte hartu duten lurraldeko 28 entitate eta erakundeak omendu dituzte.
Ekitaldiak amaiera bikaina izan du "Zirku eta asto ibilaldia" ikuskizunaren zati baten antzezpenari esker. Bertan izan dira gizarte baliabide eta zerbitzuen profesionalak, erabiltzaileak eta senideak, eta lurraldean gizarte arloan lan egiten duten Hirugarren Sektore Sozialeko erakunde publiko eta pribatuetako kideak.
Gizarte zerbitzuetako jardunbide egokiak dira iaz Arabako Lurralde Historikoan egin diren eta, era berean, baliabide, zerbitzu eta programetan erabiltzaileen, familien eta profesionalen bizi kalitatea sustatzea bultzatu duten proiektu, jarduketa eta esperientziak, zeinek afektua eta emozioak kontuan izan baitituzte, eta, batez ere, pertsona zaurgarri eta hauskorrenei laguntzeko egin baitira.