Foru Aldundiak merkataritzaren digitalizazioa bultzatuko du DendaTIC programaren bidez - arabapress
Foru Aldundiak merkataritzaren digitalizazioa bultzatuko du DendaTIC programaren bidez
- Prestakuntza eta aholkularitza profesionala eskainiko die Arabako 52 negoziori.
- Cristina González: “Gaur egun, ezinbestekoa da Interneten eta sare sozialetan egotea sustapenerako eta salmentetarako, sektorearen oraina eta etorkizuna bermatu ahal izateko.


Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailaren 30a.- Arabako Foru Aldundiaren Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Sailak, DendaTIC programa berriaren bitartez, prestakuntza eta aholkularitza profesionala eskaintzen die txikizkako merkatariei, sektorearen digitalizazioan aurrera egiteko. DendaTICek negozioaren abiapuntuko egoera aztertuko du, eta teknologia berriak ezartzeko plan pertsonalizatu bat taxutuko du, negozioaren premia eta helburuetara egokitua.
Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko foru diputatuak gaur programa berezi hau aurkeztu du, tokiko merkataritzaren digitalizazioa hobetzeko eta hura kontsumo ohitura berrietara moldatzeko. “Kontsumitzaileen ohitura berrien ezaugarri bat da Internet eta sare sozialak arrunt erabiltzen direla produktuei eta zerbitzuei buruz informazioa hartzeko, eta erosteko".
“DendaTIC programaren helburua da txikizkako merkatariei teknologia berriak eraginkortasunez ezartzeko behar duten informazioa eta prestakuntza ematea, haien kudeaketa eta sustapen eta salmenta tresnak hobetzeko, eta prozesu horretan lagun egitea. Interneten eta sare sozialetan egotea pandemiaren aurretik garrantzizko elementu bat zen sektorearen lehiakortasunerako, baina gaur egun ezinbestekoa da jada”, azaldu du.
DendaTIC programak jarraipena emango dio 2020an Gasteizko eta besteak beste Laudio, Amurrio, Agurain eta Guardiako hogeita hamar bat dendarekin egin zen esperientzia pilotu arrakastatsuari. Bigarren edizio honetan indartu egin dira bitarteko ekonomikoak eta giza baliabideak, bai eta edukiak ere, digitalizazioari buruzko aholkuak eta prestakuntza emateko Arabako guztira 52 tokiko dendari.
DendaTIC hiru fase edo urratsetan garatuko da: lehenengo eta behin, parte hartzen duten denden diagnostiko bat egingo da informazioaren teknologia berrien ezarpenari, bertako langileen gaitasun digitalei eta enpresaren helburu eta premiei buruz, ondoren, aurrerago zehaztutako helburu eta premietara ondoen egokitzen diren irtenbide teknologikoak bilduko dituen plan pertsonalizatua taxutzeko.
Plan horretan honako hauek zehaztuko dira: abiapuntuko egoera eta ezarritako helburuak, planteatutako irtenbide teknologikoak eta horiek ezartzeko aurreikusitako epea.
Irtenbideen katalogoa
Ezarpenak, aholkularitza teknologikoak eta prestakuntzak osatzen dute programaren hirugarren eta azken fasea, eta plan pertsonalizatua gauzatzean datza, negozio bakoitzaren errealitatea kontuan hartuta, ahalik eta baliorik handiena emateko. “Horretarako, DendaTIC-ek prestakuntza eta aholkularitzako irtenbideen katalogo oso zabala dauka: E-Commerce ezartzeko aholkularitza, sare sozialetara sartzea, lineako salmenta kanpoko weben bitartez, logistika eta abar."
Katalogo horrek barnean biltzen ditu beste hauek ere: sare sozialak erabiltzea linean saltzeko; bezeroak fidelizatzea mailingaren, lineako txataren edo SMSen bidez; BIZUM bidezko ordainketak; zibersegurtasuna; SEO posizionamendua; eta hainbat tresnari buruzko prestakuntza, hala nola PrestaShop (merkataritza elektronikorako doako eta kode irekiko softwarea, sektorean liderra dena), Wordpress, Canva, Google Trends, Google Search Console eta Google Keyword Planner...
Helburua da merkatariek eskura dituzten tresna teknologikoak autonomiaz erabiltzea eta linean duten presentzia arrakastaz kudeatzeko oinarrizko kontzeptuak menperatzea eta, horretarako, esperientzia handiko aholkulari talde batek pedagogia lana egingo du, eta denda bakoitzari egokitutako prestakuntza emango.
Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Sailak datozen egunotan informazio kanpaina bat egingo du hainbat komunikabidetan eta sare sozialetan, programa hau Arabako tokiko merkataritzan ezagutzera emateko. Interesa duten dendek DendaTIC programari buruz informazio gehiago eskuratu dezakete www.araba.eus web atarian, dendatic@merkatu.com helbide elektronikoan eta 945 720 014 telefonoan.