Foru Aldundiak bizikleta elektrikoak sartu ditu bere ibilgailu parkean - arabapress
Foru Aldundiak bizikleta elektrikoak sartu ditu bere ibilgailu parkean
- Langileek erabil ditzaten laneko joan-etorri laburretan.
- Cristina González: "Gure flota berritzen jarraituko dugu ingurumen jasangarritasuneko irizpideekin, ahal den guztietan ibilgailu elektrikoei lehentasuna emanez".

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 7a.- Arabako Foru Aldundiak hiru bizikleta elektriko sartu ditu erakundeak langileen eskura jartzen duen ibilgailu parkera, lana gauzatzearekin lotutako joan-etorrietarako. Arabako BH markako hiru bizikleta elektriko horiek Gasteiztik ibilbide laburreko joan-etorrietan erabiltzeko dira.
Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren Saileko foru diputatuak gaur iragarri du ekimena, aurreko legealdian abian jarritako estrategiaren barruan, ibilgailu parkean kutsatzen ez duten ibilgailuak pixkanaka sartzeko eta mugikortasun jasangarria sustatzeko. "Gure flota berritzen jarraituko dugu ingurumen jasangarritasuneko irizpideekin, ahal den guztietan ibilgailu elektrikoei lehentasuna emanez", esan du.
Gonzálezek azaldu duenez, Foru Aldundiak bost ibilgailu ditu gaur egun (bi ibilgailu elektriko huts, hibrido entxufagarri bat eta bi hibrido ez-entxufagarri) osorik edo zati batean energia elektrikoz mugitzen direnak, eta iragarri du aurten kopuru hori handitu egingo dela, auto berriak erosteko lizitazio kontratuen bidez. Aurreikuspenen arabera, gutxienez bi ibilgailu elektriko berri erosiko dira, 'zero isuri' ingurumen bereizgarridunak.
"Berrikuntza oso progresiboa izango da; izan ere, merkatuko segmentu batzuetan, hala nola lur orotako ibilgailuetan, garraio ibilgailuetan eta beste batzuetan, ez dago eskaintza elektrikorik edo oso mugatua da. Gainera, kontuan izan behar da merkatu elektrikoa garapen betean dagoela eta oraindik ezin diela zerbitzu eta antolakuntza behar askori eraginkortasunez erantzun", azaldu du.
Aldundiaren ibilgailu parkean ibilgailu elektrikoen kopurua pixkanaka handitzeak kargadore elektrikoen kopurua ere handitzea ekarriko du. Gaur egun, Arabako Foru Aldundiak 22 kilowatteko sei kargagailu ditu, hiru karga-puntu bikoitzetan banatuta, eta 7 kilowatteko zazpigarren bat txoferren garajean dagoena.
Kargagailuen sarea handitzeko, lehenik eta behin, Ibilgailu Zerbitzuko aparkalekuaren eta Ogasunaren eraikineko lurpeko aparkalekuaren instalazio elektrikoa egokitu beharko da. Horretarako, 46.200 euro inbertituko dira datozen hilabeteetan. "Lan horiek amaitzen direnean, uda ostean, kargagailu berriak jarriko ditugu aparkaleku horietan, flota berritu eta ibilgailu elektriko huts eta hibrido entxufagarri berriak erosi ahala".
Kargagailu berriak instalatzeak, gainera, inbertsio osagarria ekarriko du, softwarez hornitzeko, karga eraginkortasunez kudeatu dadin.
Kargagailu berri horiek 7.4 kilowatteko potentzia izango dute, hau da, gauez ibilgailuak lanorduetatik kanpo kargatzeko diseinatuta egongo dira.
Garraio publikoa eta bizikletak
Cristina Gonzálezek azpimarratu duenez, mugikortasun iraunkorreko estrategia hori osatzeko, ohiko bizikletak eta ibilbide laburreko joan-etorrietarako bizikleta elektrikoak jarri dituzte aldundiko langileen eskura. Hiru bizikleta elektrikoak parke mugikorrean sartu berri dira, eta, eskariaren eta langileen erabilera mailaren arabera, aztertuko da horien kopurua handitzea datorren urtean.
Bestalde, helburu berarekin, aldundiko langileek BAT txartelak dituzte eskura, lana dela eta joan-etorriak egiteko Gasteizko eta Arabako garraiobide publikoak (tranbia eta Tuvisako eta Alavabuseko lineak) erabiliz.