Kirola | 2021 04 30

Foru Aldundiak “Kirola egitean, erabili burua beti” izeneko kanpaina abiarazi du

  • Eskola kirolean osasun arauak betetzea indartu nahi du.
  • Maiatzaren 21era arte TikTok eta Instagramen lehiaketa bat egingo da eta 500 euro banatuko dira kirol materialetan.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 30a. Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Saileko buru Ana del Valek  zuzentzen duen Kultura eta Kirol Sailak “Kirola egitean, erabili burua beti” izeneko kanpaina abiarazi du, eskola kirolean osasun arauak betetzea indartu nahian.

Ana del Valen esanetan, "Ziur gaude eskola kirola segurua dela eta gure protokoloak funtzionatzen ari direla, besteak beste, entrenatzaileak eta haurrak arauak betetzen ari direlako, guztiontzat oso gogorra izan den urte baten ondoren. Baina, hala ere, erakunde gisa eskola kirolarekin dugun erantzukizunaren barruan, "Kirola burua erabiliz" egitearen garrantzia indartu nahi izan dugu, modu positibo, dinamiko eta dibertigarrian, bereziki koronabirusaren aurkako borrokaren azken txanpan.

Hala, kanpainak kirol desberdinak aipatzen dituen kartelak ditu, "Kirola egitean, erabili burua beti" mezu orokorraren pean. Adibidez, "Golik onenak, burua erabilita", "Saskibaloian irabazteko, erabili burua", "Helmugara pedalei eraginez iristeko, erabili burua".

Kartel horiek eta prestatu diren bideoak zabalduko dira eskola kiroleko programari atxikitako lurraldeko ikastetxe eta kirol zentro guztietan, @arabakirola-k helburu horrekin Instagramen eta TikToken  sortu dituen sare sozialetan eta Arabako sare instituzional ofizialetan.

#buruaerabilizjokatu izeneko lehiaketa

Gainera, gaurtik maiatzaren 21era bitartean, #buruaerabilizjokatu lehiaketa jarriko da abian sare sozialetan, neska-mutilek, hezitzaileek, klubek eta ikastetxeek beren sareetan dantza kolektibo bat parteka dezaten, parte hartu ahal izateko traol ofiziala erabiliz. Partaide guztien artean 500 euro zozkatuko dira kirol materialetan.

"Eskola kirola gogor kolpatu du pandemia honek, eta egoera latz honetan ikasleak zaurgarriak dira. Horregatik – adierazi du foru arduradunak –, merezi duten garrantzia eman nahi diegu, eta denboraldia haiei gustatzen zaien bezala amaitu: dantzan, ondo pasatzen, beren taldeekin bideoak egiten, menderatzen duten ingurune batean ikusgai egiten. Izan ere, eskola kirolariak eta haien entrenatzaileak garrantzitsuak direla jakitea nahi dugu, eta kirola burua erabiliz eginda, dantzan bukatuko dugu kanpaina, eta indartsuago hasiko gara kirola egiten".

Informazio guztia eta lehiaketaren oinarriak hemen ikus daitezke: https://web.araba.eus/es/deporte / https://web.araba.eus/eu/kirola

Bideoak hemen ikus daitezke:

Kirola Kirola Kultura eta Kirol Saileko foru diputatua

Audioa

Prentsa oharra

Jaitsi