Foru aldundiak Down Araba elkartearekin lankidetzan jarraituko du, Down sindromea duten gazteen bizimodu independentea sustatzeko - arabapress
Foru aldundiak Down Araba elkartearekin lankidetzan jarraituko du, Down sindromea duten gazteen bizimodu independentea sustatzeko

Vitoria-Gasteiz, 2021eko apirilaren 9a. Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak (GOFE) jarraitu egingo du datozen bi urteetan Down Araba-Isabel Orbe elkartearekin sinatu zuen lankidetza hitzarmenarekin, Down sindromea duten pertsonen bizimodu independienterako trebakuntza programa aurrera eramateko. Aldundiko Gizarte Politiken Sailari atxikia den erakunde autonomoak guztira 85.000 euro bideratuko ditu hitzarmen honetara aurten.
GOFE 2007tik ari da lankidetzan “Enebizia: bizitza independenterako entrenamendua” programa aurrera eramaten. Programa horren bidez bizitza independenterako entrenamendu esperientzia bat izatea lortu nahi da, Down sindromea duten gazteen integrazioa eta normalizazioa erraztuz. Programan 12 gaztek hartzen dute parte zuzenean, bai eta haien familiek ere, zeharkako onuradun gisa. Gazte horiek pisu batean trebatzen dira beren autonomia hobetzeko.
Enebizia programak Down sindromea duten gazteak prestatzen ditu autonomia pertsonala eta, beraz, bizi kalitatea sustatzen duten trebetasunetan, barne hartuta, eguneroko bizimoduan erabakiak hartzen eta euren etorkizunaren antolamenduan parte hartzen. Aldi berean, autonomia pertsonal handiagoa lortzen da eta pertsona horien zahartze goiztiarra saihesten.
Programaren azken helburua da bizimodu independentea egiteko aukera ematea hala nahi duten eta entrenamendu programa behar bezala egin duten pertsonei.
Hain zuzen ere, 2020an, bizitza independenteari laguntzeko programa bat jarri zen abian, Enebizia II izenekoa. Programa horrek jarraipena izango du, eta lankidetza hitzarmenaren parte da. Programa horren bidez, behar diren laguntzak ematen zaizkie lehendik Enebizia entrenamendu programan parte hartu eta beren bizimodu independientearekin jarraitzea eta sustatzea erabaki duten pertsonei, beren gizarte eta familia inguruneetako laguntza normalarekin.
Down Araba-Isabel Orbe elkartean Down sindromea duten 61 pertsonaz gain, haien familiak eta lagunak, eta hainbat bazkide laguntzaile, profesional eta boluntario daude egun. Guztira, 300 bat pertsonako taldea da.
Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak, gainera, elkartearekin lankidetzan dihardu, lurralde historikoko gizarte zerbitzuen eremuko programak eta jarduerak mantendu eta garatzeko laguntzen deialdien bidez.