Ingurumena | 2021 05 28

Foru Aldundiak, ekainaren 1etik aurrera, berriro ekingo die bisita gidatuei eta ingurumen hezkuntzako jarduerei Arabako parke naturaletan

Otsailaz geroztik COVID-19a dela-eta bertan behera utzi ziren jarduerak berriro ere indartsu hasiko dira Gorbeia, Valderejo, Izki eta Aizkorri-Aratz parkeetan, 6 urtetik gorakoentzat pentsatutako ibilbideekin eta guztira 48 jarduerarekin.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko maiatzaren 28a. Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Sailak, ekainaren 1etik aurrera, Gorbeia, Valderejo, Izki eta Aizkorri-Aratz parke naturaletan bisita gidatuak egiteari ekingo dio, bai eta parketxeetan egiten diren ingurumen hezkuntzako jarduerak egiteari ere, bertan behera utzita baitzeuden joan den otsailetik, COVID-19aren ondorioz.

Bisita eta jarduera programa asteartetik igandera egingo da, goizez eta arratsaldez, ingurumen hezitzaileekin batera. Eskaintza adin profil zabal baterako pentsatuta dago, eta, horrela, ibilbide errazenak 6 urtetik gorakoentzat daude pentsatuta eta 2 ordu inguruko iraupena dute; zailenak, berriz, 10-12 urtetik gorakoentzat dira, eta 3 orduko iraupena dute.
Nati Lopez de Munain Ingurumeneko zuzendariak gogorarazi duenez, "Arabako herritarrei aisialdi osasungarri eta seguru honetaz gozatzeko gonbita luzatzen diet, baina kontuan izan behar dugu naturak ez duela giza jarduerarik izan azken hilabeteetan, eta, ahal bada, oraindik ere errespetu handiagoz jokatu behar dugu naturarekin, flora, fauna eta bertan lan egiten duten pertsonak ez asaldatzeko".

Asteburuetan bisitak gaika izango dira, euskaraz edo gaztelaniaz, eta parte hartzea erabakitzen dutenek parada izango dute goizez egindako txango batean Arabako parke naturaletako faunaren berezitasunak eta hegaztiek goizeroko kontzertinan egiten dituzten soinuak ezagutu ahal izateko . Berrikuntza gisa, ostiral gauetarako, gau paseo bat prestatu da gaueko harrapariei buruzko hitzaldi batekin.
Marutegiko gaztelua, Bujandako erkametzak, Lekandaiko basoak eta Valderejoko etnografia dira aste barruan Arabako espazioen onurak ezagutzeko aukeratu diren leku eta gaietako batzuk.

Bisita gidatuetan eta jardueretan ezinbestekoa da maskara erabiltzea eta segurtasun distantzia gordetzea. Gainera, oinetako erosoak, ura, txanoa eta eguzkitako krema eramatea gomendatzen da. Gehieneko kopurua indarreko araudira egokituz joango da; egun, begiraleaz gain, 6 parte hartzaile izango dira gehienez. Bi jarduera horietan ezin izango da txakurrik ereman.

Doako jarduera eta bisitaldi horietan parte hartzeko, parke natural bakoitzaren webgunean izena eman behar da 48 ordu lehenago. Izena eman ondoren, berrespen mezu elektroniko bat jasoko da ibilbidearen ezaugarriekin eta hartu beharreko segurtasun neurriekin batera.

Argibideak eta izen-emateak:

  • Valderejo: valderejoparkea.eus
  • Gorbeia: gorbeiaparkea.eus
  • Izki: izkiparkea.eus
  • Aizkorri-Aratz: aizkorriaratzparkea.eus
Ingurumena Ingurumena

Prentsa oharra

Jaitsi

Jardueren programa

Jaitsi