Arabako Foru Aldundiak familia harrera gertuagotik ezagutzeko aurrez aurreko informazio hitzaldiei ekingo die berriz astelehenetik aurrera, hilak 27 - arabapress
Arabako Foru Aldundiak familia harrera gertuagotik ezagutzeko aurrez aurreko informazio hitzaldiei ekingo die berriz astelehenetik aurrera, hilak 27
Saioak hilean behin egingo dira eta babesgabetasun egoeran dauden haurrak eta nerabeak hartzeko interesa dutenentzat dira.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailaren 24a. Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak (GOFE), Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politiken Sailari atxikitako erakunde autonomoak, babes gabezia larrian dauden adingabeen familia harrerari buruzko informazio hitzaldi presentzialei ekingo die astelehenetik aurrera, hilak 27, uda igaro ondoren.
Hitzaldiak berriz hasteko, covid-19ren aurkako neurriak beteko dira, eta, beraz, aldez aurretik izena eman behar da.
Honako egun hauetan izango dira harrera kanpainako hitzaldiak urte amaiera arte: irailak 27, urriak 18, azaroak 15 eta abenduak 20. Hitzaldiak 17:30etik aurrera egingo dira Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultura Etxean.
Familia profil eta mota guztiek har dezakete haur bat harreran: familiek, bikoteek, bikoterik gabeko pertsonek, seme-alabak dituztenek edo ez dutenek. Interesdunak harremanetan jar daitezke eta familia harrerako programan izena emateko eskatu, honela: 945 77 30 52 telefono zenbakira deituz edo acogimiento@araba.eus posta elektronikora idatziz.
Familia harrera babes neurri bat da, hainbat egoerarengatik gurasoekin bizi ezin diren umeei berea ez den familia batekin garatzeko aukera ematen diena; harrerari esker, aldi berean, beren gurasoekin harremanetan jarrai dezakete kaltea konpontzeko. Adin txikiko asko daude foru sareko etxebizitza eta zentroetan, eta aukera dago familiek haiek harreran hartzeko.
Araban harrera familian interesa duen pertsona orok har dezake parte saioetan. Hitzaldietan, harrera modu horren oinarrizko alderdiak jorratuko dira; informazioa emango da adingabeen ezaugarri eta bizipenen inguruan; protagonista bakoitzak harreran zer zeregin duen aztertuko da, zein lege eta administrazio esparru dagokion, eta, guzti-guztia, parte hartzean oinarritutako metodologia dinamikoaren bidez.