Ingurumena | 2021 09 05

Foru Aldundiak murriztu egin du ibilgailuen zirkulazioa Arabako isurialdean, oreinen marrualdia hasten dela eta

Murrizketak bihar hasiko dira, irailak 6, astelehena, eta urriaren 3an amaitu. Bi helburu dituzte: oreinen sakabanatze geografikoa saihestea eta ugalketa edo marrualdi garaian hautespen naturala erraztea.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailaren 5a. Gorbeiako Arabako isurialdeko pistetan eta baso bideetan, Zuiako eta Zigoitiko lurretan, ibilgailuen joan-etorria mugatuta egongo da bihartik aurrera (irailak 6, astelehena) urriaren 3ra arte, oreinen marrualdi garaia hasi baita eta hautespen naturala errazteko.

Marrualdi eremu mugatuan oinez, bizikletaz edo zaldizko ibilaldi guztiak Bidezidorren Sare Orokorraren barruan egin beharko dira -behar bezala markatuta dagoena-, eta ezin izango da haietatik irten inolaz ere. Horrez gain, zaldiz eta mendi bizikletaz ibiltzeko, dela taldean edo bakarka, dela era antolatuan, parkeko kudeaketa organoaren baimena beharko da.

Azken urteotan, marrualdi garaian joan-etorriak arautzeak emaitza ezin hobeak lortu ditu Arabako Foru Aldundiak egiten duen espeziearen kudeaketan, bai espeziearen hobekuntzan, bai inguruko kalteen murrizketan. Marrualdi garaian debekatuta dago perretxikoak eta basoko fruituak biltzea.

Marrualdia ikusteko, Foru Aldundiak bi gune prestatu ditu, eta bertaratzen direnek isilik egon beharko dute, estalita eta geldirik. Argazkiak flashik gabe egin daitezke, baina oreinengana hurbildu gabe eta linternak, fokuak edo antzekoak erabili gabe.

Ingurumena Ingurumena

Prentsa oharra

Jaitsi