Errepideak eta Garraioak | 2021 03 15

Foru Aldundia proiektu batean lanean ari da, Aramaiora doazen eta handik datozen ibilgailuen zirkulazioa Legutioko erdialdetik ateratzeko

  • A-623 eta A-2620 errepideak lotuko ditu, eta Aramaiora doazen edo handik datozen ibilgailuek herria zeharkatzea saihestuko du.
  • Obrak, ziur aski, datorren legegintzaldiaren hasieran egingo dira.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 15a.- Arabako Foru Aldundiko Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saila Arabako A-623 eta A-2620 errepideak zuzenean lotuko dituen proiektua idazten ari da. Proiektu horren helburua da Aramaiora doazen edo handik datozen ibilgailuek Legutioko erdialdea zeharkatu beharrik ez izatea. Esku hartze horrek berekin ekarriko du gaur egungo A-2620 errepidearen zeharbidea Legutioko Udalari lagatzea, kale bihur dezan.

Blanca de la Peña Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko foru diputatuak azaldu duenez, “Gaur egun, 800 ibilgailuk baino gehiagok zeharkatzen dute egunero Legutioko erdigunea, eta haietako batzuk astunak dira; proiektu honi esker, auto eta kamioi horiek herriaren erdialdetik atera ahal izango dira. Jarduketa horretan, gainera, A-2620 errepidea udalari lagako zaio, eta plaza eta kale bihurtuko da herritarrentzat.”

“Legegintzaldi honen bigarren zatian proiektua onetsi eta beharrezkoak diren desjabetzeak egiteko aurreikuspenarekin ari gara lanean, eta, hartara, hurrengo legegintzaldiaren hasieran obrak hasi ahal izateko izapide guztiak egingo ditugu. Proiektuak 3 milioi euro inguruko inbertsioa ekarriko du”, adierazi du.

Esku hartze horri esker, Legutio eta Durango lotzen dituen A-623 errepidea Legutio eta Aramaio lotzen dituen A-2620 errepidearekin konektatuko da, eta lehenaren tarte bat egokituko da.

De la Peñak gaur aurkeztu du plangintza hori, bi lurraldeen arteko mugan dagoen Ubideko N-240 errepideko bidegurutzea hobetzeko Bizkaiko Foru Aldundiarekin egingo den hitzarmena azaltzeko Arabako Batzar Nagusietan egin duen agerraldian. Hitzarmen horren abiapuntua bi erakundeen diagnostiko komun bat da: bidegurutze horrek segurtasun arazoak ditu, txikia delako, eta handitu beharra dago, arazo horiek konpontzeko.

Hortaz, hitzarmenean zehaztu da Arabak eta Bizkaiak zer konpromiso hartuko dituzten eraikuntza proiektuaren idazketa lanak lizitatzeko eta ordaintzeko (proiektu horretan jasoko dira irtenbide teknikorik egokienak), eta zein izango den obren finantzaketa banatzeko irizpidea. Testuan ezarri da Arabako Foru Aldundiak eta Bizkaiko Foru Aldundiak erdi bana ordainduko dutela Ubideko bidegurutzea hobetzeko proiektuaren idazketa —60.000 euroko kostua izango duela kalkulatu da—, eta Araba arduratuko dela hura kontratatzeaz 2021eko lehen seihilekoan.

Halaber, proiektua egikaritzeko lanen finantzaketa banatzeko irizpidea ere ezarri da: Arabako Foru Aldundiak Arabako tartean egin beharreko obren eta desjabetzeen kostua hartuko du bere gain, eta Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko tartean beharrezkoak diren obren eta desjabetzeen kostua. Arabako Foru Aldundiko Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak zuzendu eta kontrolatuko du teknikoki kontratatutako obren egikaritzea.

Foru aldundi bakoitzeko bi ordezkarik osatutako jarraipen eta kontrol batzordeak hitzarmena betetzen dela zainduko du, eta beharrezko koordinazioa sustatuko du bere helburuak lortzeko egoki iritzitako ekintza guztietarako.

Bi erakundeak aurreikuspen honekin ari dira lanean, eta halaxe jaso da hitzarmenean ere: eraikuntza proiektuaren idazketa lanak 2021eko abenduan amaitzea, eta, orduan, beste hitzarmen bat sinatzea, Ubideko bidegurutzea handitzeko obrak egikaritzeko.

Blanca de la Peñak nabarmendu du Gasteiz eta Bilbo lotzen dituen N-240 errepidearen segurtasuna hobetzeko jarduketa multzo baten barruan sartzen dela Ubideko bidegurutzearen handitzea. Jarduketa horietako batzuk bukatu dira dagoeneko, hala nola N-240 errepidearen hiru kilometro baino gehiagoko tartea egokitzeko berriki egin den 9 milioi eurotik gorako inbertsioa, eta beste batzuk epe motz eta ertainean egingo dira; esate baterako, Ubideko bidegurutzea eta A-623 eta A-2620 errepideak lotzea

Foru diputatua Arabako Batzar Nagusietako Bide Azpiegituren eta Mugikortasun Batzordean ere izan da gaur, batetik, argibideak emateko ARABAT foru sozietate publikoa AP-1 Araba SA enpresa emakidadunarekin egindako kontratuari egiten ari zaion kontrolari eta jarraipenari buruz eta, bestetik, azken urteotan Zurbaoko bidegurutzean segurtasuna hobetzeko egin diren esku hartzeak eta etorkizunean egitea aurreikusi direnak azaltzeko.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Errepideak eta Garraioak Mugikortasuna Mugikortasun Jasangarria eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatua Bide azpiegiturak

Prentsa oharra

Jaitsi