Ingurumena | 2021 09 09

Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak zortzi bisoi europar askatu dituzte, guztira, Salburuan

Kontserbazio lanei eta tranpak jartzeko kanpainei esker, esan daiteke Araban ez dagoela bisoi amerikarrik, zeina espezie inbaditzailea eta bertako espeziearen mehatxu nagusia baita.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailaren 9a. Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalarekin lankidetzan, abuztuan 8 bisoi europar askatu ditu Salburuan. Bisoi horiek gatibu hazi dira espeziea hazteko programaren barruan, gure lurraldeko populazioa indartzea helburu duen ekimenean. Gaurko askatzearekin amaitu da askatzeen urteko programa. Guztira zazpi kume eta heldu askatu dituzte; horietatik lau emeak dira eta beste laurak arrak.

Bisoi europarra “egoera kritikoan” katalogatuta dago, haren lehiakide handia den bisoi amerikarraren mehatxuagatik. 1998. urteaz geroztik, espezie exotiko inbaditzaile hori naturan ugaltzen ari zela detektatu zenetik, lankidetzan ari dira bi erakundeak, aldundia eta udala, kontrol lanak egiten.  Hala ere, espezie hori kontserbatzeko lanei eta tranpak jartzeko kanpaina arrakastatsuari esker, bisoi amerikarrik gabeko lurraldetzat jo daiteke Araba, dagoeneko.

“Ez dugu bisoi amerikarrik aurkitu 2019. urtearen hasieraz geroztik, eta horrek erakusten du kontserbazio lana funtzionatzen ari dela”, adierazi du Josean Galera Ingurumen eta Hirigintza Saileko foru diputatuak, eta pozik agertu da egindako lanagatik eta bisoi europarrak egoera “egonkorra” duelako, “egoera kritikoan dagoen espeziea” kalifikazioaren barruan.

Bertako izenak jarri dizkiete kumeei

Quincoces, Quincano, Quemada, Quer, Quesada, Quejana eta Quintana jarri diete izena Salburuan askatu dituzten bisoi europarraren kumeei, era horretan keinu bat eginez Arabako Foru Aldundiak espezie horren kontserbazio aktiboko lanetan esku hartzeak egin dituen eremuari. Izan ere, hazkuntza programa hasi zenetik, itxian hazitako kumeei alfabetoko letren arabera jartzen diete izena, jaiotza urtearen arabera.

Araban askatutako aleek eta Errioxako Najerillan askatzen ari direnek Arabako eta Ebro garaiko populazioa handitzen lagunduko dute; izan ere, espeziearen banaketa eremua oso zatikatuta dago penintsulako iparraldean, Amerikako bisoiaren presioaren eta erasoaren ondorioz. Aldundiak kontratatu ditu dagoeneko askatutako zortzi aleen jarraipen lanak, haien kokapenaren eta mugimenduen berri ematen duten lepokoei esker.

Gainera, hainbat errepidetan harrapatzeak izaten direnez, Aldundia, Eusko Jaurlaritzarekin eta Udalarekin lankidetzan, espeziearentzako arriskutsuak diren lekuak seguruagoak izateko lanean ari da, erreketan eta ibaietan faunarentzako pasabideak sortuz, hala nola Arkautin, Ilarratzan, Burgelun eta Kanpezun.

Ingurumena Ingurumen eta Hirigintza Saileko foru diputatua Ingurumena

Prentsa oharra

Jaitsi