Foru Aldundiak eta Gasteizko Gotzaindegiak 545.000 euroko inbertsioa egingo dute ondarea zaintzeko - arabapress
Foru Aldundiak eta Gasteizko Gotzaindegiak 545.000 euroko inbertsioa egingo dute ondarea zaintzeko
Urteroko hiru hitzarmenak berritu dituzte, eta 2020an baino 128.000 euro gehiago inbertituko dituzte.



Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 12a. Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak eta Carlos García Llata Gasteizko Elizbarrutiko bikario nagusiak Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Gotzaindegiak urtero egiten dituzten hiru hitzarmenak sinatu dituzte gaur, eta, horrekin, "ondarea zaintzeko eta kontserbatzeko" duten konpromisoa berretsi dute. Bi erakundeek guztira 545.400 euroko inbertsioa egingo dute, erdi bana; hain zuzen 2020an gauzatutakoa baino 128.000 euro gehiago izango dituzte.
Hauek dira sinatutako hiru hitzarmenak: Lehenik, Gotzaindegiaren jabetzako ondasun higiezinak kontserbatzeko, birgaitzeko eta/edo zaharberritzeko lanak finantzatzera bideratutako hitzarmena. Erakunde bakoitzak 150.000 euroko inbertsioa egingo du. Guztira, 300.000 euro (2020an baino 96.000 euro gehiago), bost proiektutan.
-
Manzanosko Done Joan eliza. Zaharberritze obrak eta obra zuzendaritza. 125.000 euro.
-
Lezako San Martin eliza. Zaharberritze obrak eta obra zuzendaritza. 144.000 euro.
-
Caicedo Yusoko Jasokundearen elizaren proiektua. 8.000 euro.
-
Lapuebla de Labarcako Santa Maria elizaren proiektua. 8.000 euro.
-
Askartzako Done Mikel Goiaingeruaren eliza. Kontserbazio eta mantentze obrak.
Bigarrenik, Gotzaindegiaren jabetzako ondasun higigarriak kontserbatzeko, birgaitzeko eta/edo zaharberritzeko lanak finantzatzera bideratutako hitzarmena. Erakunde bakoitzak 40.000 euroko inbertsioa egingo du. Guztira, 80.000 euro (2020an baino 32.000 euro gehiago); bost proiektutan inbertituko dute zenbateko hori:
-
Zambranako Kristoa: 9.708,70 euro.
-
Armiñongo Maria Sortzez Garbiaren erretaula: 31.731,70 euro.
-
Andako pintzeladurak: 31.715,70 euro.
-
Kandelariaren Ama Birjina: 37.96,20 euro.
-
Sansomendiko Doloreetakoa: 3.047,99 euro.
Hirugarrenik, Arte Sakratuaren Museoaren kudeaketa gastuak finantzatzeko hitzarmena. Hartarako, erakunde bakoitzak 82.700 euro jarriko ditu, iaz bezala. Horrekin, bermatuko dute museoaren kudeaketa eta funtzionamendua, eta jendeari aukera emango zaio ikusteko bi erakundeenak eta partikularrenak diren balio artistiko handiko arte sakratuko piezak. Guztira, 545.400 euro (iaz baino 128.000 euro gehiago), bi erakundeek erdi bana.