Foru Aldundia | 2023 02 13

Foru Aldundiak 370.000 euro emango dizkie tokiko saltokiei, lehiakorragoak izan daitezen

Ekipoak eta lokalak hobetzeko inbertsioak eta sustapen eta dinamizazio ekintzak finantzatzen ditu

Cristina González: “Laguntza lerro horien bidez, gure herri eta hirietako ekonomian eta bizitza sozialean gakoa den sektore baten jarduera eta enplegua sendotzen lagundu nahi dugu

Gasteiz, 2023ko otsailaren 13a. Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Sailak txikizkako merkataritzari zuzendutako hiru laguntza lerro jarriko ditu abian datorren astean, sektore horri inbertsio proiektuak gauzatzen eta sustapen eta dinamizazio ekintzak garatzen laguntzeko. Laguntza horiek 370.000 euroko zuzkidura izango dute, guztira.

            Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko foru diputatuak eta Felipe García arlo horretako zuzendariak laguntza ildo horiek aurkeztu dituzte gaur prentsaurrekoan, eta azaldu dutenez haien helburua da “Arabako saltoki txikien lehiakortasuna indartzea, haien digitalizazioan eta modernizazioan aurrera egitea, eta, horrela, sektorearen jarduera ekonomikoa eta enplegua sendotzen eta bultzatzen laguntzea”.

            Cristina Gonzálezek azaldu duenez, “txikizkako merkataritza funtsezkoa da gure herri eta hirietako ekonomia, enplegu eta bizitzarako, bai eta artisauen eta hurbileko produktuen lana merkaturatzeko ere, eta laguntza horien helburua da haien ekipamendu teknologikoa hobetzea, lokala modernizatzea eta desgaitasuna duten pertsonentzat irisgarri egitea, lineako salmenta zabaltzea eta haien salmentak areagotzeko dinamizazio ekintzak garatzea”.

            Lehenengo laguntza lerroaren helburua da tokiko merkataritzaren inbertsio proiektuak babestea, eta 218.000 euroko zuzkidura du, 2022an baino % 45 gehiago. Programak bi proiektu mota finantzatzen ditu: digitalizazioarekin eta lineako salmentarekin lotutakoak (aplikazio informatikoak, ekipo informatikoak, aholkularitza, web orriak, etab.) eta lokalaren espazio fisikoa eta desgaitasuna duten pertsonen irisgarritasuna hobetzearekin lotutakoak.

            Azken horien artean, honako hauek daude: lokalak egokitzeko obrak; altzari eta ekipo berriak erostea; errotuluak, toldoak eta pertsianak erosi eta jartzea; irudi korporatiboa, ikusmen, entzumen edo ukimen orientazioko panelak diseinatu eta garatzea; eta informazioa braillez diseinatu eta jartzea.

Laguntza diruz lagundu daitekeen inbertsioaren % 50ekoa da, 4.500 euroko mugarekin saltoki onuradun bakoitzeko, eta oinarriek honako hauek lehenesten dituzte: Arabako udalerri txiki eta ertainetan kokatutako saltokien inbertsioak (8.000 biztanle baino gutxiagoko herriak), digitalizazioarekin eta lineako salmentarekin lotutako inbertsioak, eta langile kopuruari dagokionez tamaina txikiagokoak diren negozioek egindako eskaerak.

“Arabako txikizkako merkataritza digitalizatzen ari da, eta, Merkataritzako Barometroaren azken datuen arabera, negozioen ia % 17k linean saltzen dute, hau da, Euskadiko batez bestekoa baino bi puntu gehiago, baina oraindik badago bere ezarpenean hazten jarraitzeko tarterik”, azaldu duenez diputatuak.  

Dinamizazio ekintzak

Bigarren laguntza lerroak txikizkako merkataritza babesten du, bezeroak erakartzeko eta fidelizatzeko eta salmentak bultzatzeko dinamizazio eta sustapen ekintzak egin ditzaten. Programa berria da, 100.000 euroko zuzkidura du eta lau ekimen mota diruz laguntzen ditu: dinamizazio ekintzak; teknologia berriak (erakusleiho birtualak, SEO posizionamendua, sare sozialak, mugikorretarako APPak…); zerbitzu erantsiak, hala nola erosketa sortzea; eta publizitatea.

Laguntza diruz lagundu daitekeen inbertsioaren % 50ekoa da, 3.000 euroko mugarekin saltoki onuradun bakoitzeko, eta oinarriek honako hauek lehenesten dituzte: Arabako udalerri txiki eta ertainetan kokatutako saltokiek izapidetutako inbertsioak (8.000 biztanle baino gutxiagoko herriak), establezimenduan eta ingurune hurbilean dinamizatzeko ekitaldiak antolatzea, eta teknologia berriei lotutako ekintzak.

Lehenengo bi laguntza lerro horien erakunde onuradunak dira beheko solairuan kokatuta 9 langile autonomo edo gutxiago dituzten saltokiak (autonomoak, sozietate zibilak, ondasun erkidegoak eta merkataritza sozietateak), hornidura merkatuak eta saltoki guneak. Irizpide hori betetzen duten txikizkako saltokiek jaso ditzakete laguntza horiek, hala nola ile apaindegiek, apaindegiek, garbitegiek, tindategiek eta bidaia agentziek.

Azkenik, hirugarren laguntza lerroaren helburua da landa merkataritza suspertzea “aberastasuna sortzeko, enplegua sortzeko eta Arabako herrietan bizi direnen beharrei erantzuteko neurri gisa”. Lerro horrek 51.000 euroko zuzkidura du, eta Arabako udalei laguntzen die merkataritza dinamizatzeko jarduerak egiten: kontsumitzaileak fidelizatzeko ekintzak; eremuak edo sektoreak sustatzeko animazio ekintzak; jardunaldiak egitea; edo publizitatea.

Beste gastu batzuk ere finantzatzen ditu, hala nola merkataritzako sustapen materialaren diseinua, lanketa, maketazioa, itzulpena, inprimaketa eta banaketa; aholkularitza gastuak eta merkataritza jarduera berrien bideragarritasun azterlanak.

Laguntzaren zenbatekoa diruz lagundu daitekeen inbertsioaren % 90 da, onuradun bakoitzeko 15.000 euroko mugarekin 8.000 biztanle baino gehiagoko udaletarako eta 10.000 euroko muga 8.000 biztanle baino gutxiagoko udaletarako.

Hiru laguntza lerro horietarako eskabideak aurkezteko epea otsailaren 23an, osteguna, irekiko da, ALHAOn argitaratu ondorez, eta 2023ko martxoaren 31n amaitu, 14:00etan.

Foru Aldundia Enplegua, Merkataritza, Turismoa eta Foru Administrazioaren foru diputatua

Foru Aldundiak 370.000 euro emango dizkie tokiko saltokiei, lehiakorragoak izan daitezen

Prentsa oharra

Jaitsi