Foru Aldundiak 200.000 eurorekin lagunduko die txikizkako merkatariei TicketBAI sistema ezartzen - arabapress
Foru Aldundiak 200.000 eurorekin lagunduko die txikizkako merkatariei TicketBAI sistema ezartzen
- Sistemaren softwarea erosteko eta berritzeko kostuaren % 50 finantzatuko du
- Bigarren deialdiak ekipo informatikoetan inbertitzeko dirulaguntzak emango ditu


Vitoria-Gasteiz, 2022ko otsailaren 11. Arabako Foru Aldundiak datorren astean aparteko laguntza deialdi bat zabalduko du, 200.000 eurokoa, tokiko txikizkako merkataritzarentzat, sektore horri TicketBAI fakturazio sistema ezartzen laguntzeko helburuaz. Laguntza lerro horrek beharrezko softwarea erosteko eta berritzeko kostuaren % 50 finantzatuko du, 1.000 euroko mugarekin enpresa onuradun bakoitzeko.
Bigarren diputatu nagusiorde eta Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko foru diputatuak, Cristina Gonzálezek, eta arloko zuzendariak, Felipe Garcíak, gaur laguntza lerro hori aurkeztu dute prentsaurrekoan, eta iragarri dute hilaren amaiera aldean beste deialdi bat onetsiko dela, 150.000 eurokoa, fakturazio sistema berria ezartzeko beharrezkoak diren tresneria informatikoetan egindako inbertsioak diruz laguntzeko, besteak beste.
“Jakin badakigu nolako ahalegin ekonomikoa egiten ari diren Arabako merkatariak TicketBAI sistema ezartzeko eta, laguntza hauen bidez, lagundu nahi diegu bere gain hartu beharko duten kostuaren zati handi bat ordaintzen”, azaldu du Cristina Gonzálezek.
Aparteko laguntza deialdiaren hasierako aurrekontua 200.000 euro da, eta txikizkako merkataritzako enpresa eta autonomoentzako da –ile apaindegiak, apaindegiak, bidaia-agentziak eta artisauak barne–, baldin eta egoitza fiskala Arabako Lurralde Historikoan badute eta jendeari saltzeko gunea edo artisautza-tailerra eta gehienez ere bederatzi lagunek osaturiko plantilla badaukate.
Cristina Gonzálezek azaldu duenez, TicketBAI fakturazio sistema ezartzeko beharrezkoa den softwarea erosi, harpidetu, entregatu, eguneratu edo berritzeko kostuaren % 50 finantzatuko du deialdiak, betiere inbertsioa 2021eko azaroaren 1etik 2022ko irailaren 30era bitartean egiten bada. Diruz lagundutako softwareak TicketBAI-ren Arabako, Bizkaiko edo Gipuzkoako edozein erregistrotan inskribatuta egon beharko du.
Laguntzaren gehieneko zenbatekoa, onuradun bakoitzeko, 1.000 euro izango da.
“Aparteko laguntza hauek bateragarriak izango dira beste erakunde batzuek merkataritza-sektoreko enpresei eta autonomoei ematen dizkieten laguntzekin, baldin eta guztirako zenbatekoa diruz lagundu daitekeen aurrekontuaren berdina edo txikiagoa bada”, nabarmendu du foru diputatuak.
Dirulaguntzak jasotzeko eskabideak aurkezteko epea otsailaren 17an (osteguna) hasiko da, Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean (ALHAOn) argitaratu eta hurrengo egunean, eta 2022ko urriaren 3ko 14:00etan amaituko da. Eskabideak modu elektronikoan aurkeztu behar dira, Arabako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez.
TicketBAI sistemako softwarea erosi, berritu edo eguneratu eta gero aurkeztu behar dira eskabideak, dagozkien fakturekin batera, deialdiko dirulaguntzak dagoeneko gauzatu eta ordaindu diren ekintzetarako ematen baitira. Laguntzak emateko prozedurak jarraituko dio eskabideak dokumentazio osoarekin aurkeztu diren hurrenkerari.
Deialdiari buruzko informazio guztia www.araba.eus web atarian ere eskuragarri dago gaurtik aurrera.
Cristina Gonzálezek, halaber, inbertsiorako laguntzen beste deialdi bat iragarri du, TicketBAI fakturazio sistema ezarri eta abian jartzeko beharrezkoak diren ekipo informatikoak eta hardwareak erosteko dirulaguntzak emango dizkiena txikizkako merkatariei. Bigarren deialdi hori ere otsail honetan onetsiko da, eta 150.000 euroko aurrekontua izango du.