Foru Aldundia elkarlanean aritu da Ebroko Konfederazio Hidrografikoarekin, Eltziegon La Mezana hezegunea sortzeko - arabapress
Foru Aldundia elkarlanean aritu da Ebroko Konfederazio Hidrografikoarekin, Eltziegon La Mezana hezegunea sortzeko
Lanak amaitu dituzte dagoeneko, eta gaur goizean, Uraren Munduko Eguna dela eta, Josean Galera Ingurumen Saileko foru diputatua, María Dolores Pascual CHEko presidentea eta Eltziegoko alkatea bertan izan dira


Gasteiz, 2023ko martxoaren 22a. Foru Aldundia elkarlanean aritu da Ebroko Konfederazio Hidrografikoarekin, Eltziegon La Mezana hezegunea sortzeko. Lanak amaitu dituzte dagoeneko, eta gaur goizean, Uraren Munduko Eguna dela eta, Josean Galera Ingurumen Saileko foru diputatua, María Dolores Pascual CHEko presidentea, Juan Carlos Uribe Eltziegoko alkatea eta gainontzeko agintariekin bertan izan dira.
Ebroren ibilguaren eta ibaiaren adar zahar baten artean zegoen eremu bat leheneratzeko udalak egindako proposamenetik sortu zen proiektua; izan ere, uraldietan isolatuta eta babesik gabe geratzen zen eremu hori, eta denboraren poderioz, ekosistema hondatzen joan zen.
Hori dela eta, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak hainbat lan egin ditu bertan, putzu irregular bat induskatzeko. Putzu horrek gutxieneko ur maila izango du urte osoan, haren oinarria Ebro ibaiaren mailaren azpitik geratzen baita, eta uraldietan erabat murgilduta geratu ahal izango da. Hala, habitat egokia izango da inguruko animalia autoktono mota askorentzat.
Foru Aldundiak, berriz, ekoizpen makalen eremu zaharra espezie autoktonoentzako hezegune bihurtu du. Esku hartze horretan, hezegunearen ertzak aldaxkatze bidez landareztatu dituzte, ibaiertzeko berezko zuhaitz eta zuhaixka espezieen berrehun ale baino gehiago landatuz, eta ingurunea babestu dute.
Josean Galera Ingurumen Saileko diputatuak uste du garrantzitsua dela hezeguneetan esku hartzea, “klima aldaketa arintzen laguntzen dutelako, atmosferako CO2-a xurgatuz eta karbono organikoa finkatuz. Klima aldaketa moteltzen dute, lehorteak, hezetasun atmosferikoa eta muturreko tenperaturak erregulatzen baitituzte. Beraz, hezegune horietaz arduratzea klima aldaketa arintzeko eta hartara egokitzeko ekintzetan aurrera egitea da. Eta Aldundia lantzen ari den ardatz estrategikoetako bat da hori”.
Hezegunearen helburua da, halaber, uraldien ondorioak arintzea; izan ere, ibaiak ura husteko duen gaitasuna hobetu dezake, baina, aldi berean, ez da fisikoki harengandik banandu, eta, horregatik, eremuko ekosistemari eusten lagunduko du.
Eremu hori, gainera, habitat ezin hobea izango da bisoi europarrarentzat, apoarmatu korrontezalearentzat, uretako hegaztientzat, anfibioentzat eta uretako intsektuentzat, hala nola, burruntzientzat.