Gizarte Zerbitzuak | 2023 03 23

Foru Aldundia Arabako egoitzetako kalitate adierazleen proiektua hasiko da garatzen irailetik aurrera

Jardunaldi tekniko bat egin du zentroetako ordezkariekin, Arabako egoitza sarearen egoerari buruzko txostenaren emaitzak bateratzeko

Egoitza kopuru handiena balioesten duten alderdiak dira egoiliarren presioak eragindako ultzerak izateko arriskua, nutrizio egoera, depresioa, mina eta gogobetetzea

“Etengabeko hobekuntzako dinamika planifikatu eta ebaluatu batean sartu nahi dugu, Arabako egoitza sarean artatzen ditugun pertsonen bizitza hobetzeko azken helburuarekin”, Emilio Sola foru diputatuak adierazi duenez

Gasteiz, 2023ko martxoaren 23a. Arabako Foru Aldundiak datorren irailean jarri nahi du abian lurraldeko adinekoentzako egoitzetan kalitate adierazleen sistema bat ezartzeko proiektu pilotua. Prozesu hori pixkanaka ezarriko da zentro eta zerbitzu sozialetan. 

Gizarte Politiken Sailak jardunaldi tekniko bat izan du gaur Europa Jauregian Arabako egoitza zentro publiko zein pribatuekin. Jardunaldi horretan, egoitza sarearen egoerari buruzko txostena azaldu da, zentroen artean egindako inkestaren emaitza gisa, asistentzia eta kudeaketa prozesuetan zer eskala edo tresna aplikatzen dituzten zehazteko, bai eta ezarrita dituzten kalitatea hobetzeko ekimenak ere.

Inkestan ageri den erradiografian, nabarmentzen da Arabako zentroetan bizi den pertsona “oso nagusia, mendekotasun handikoa eta dementzia maila handikoa” dela, Emilio Sola Gizarte Politiken Saileko foru diputatuak ziurtatu duenez.

Oso adinekoa eta dementzia diagnostikoarekin
Arabako 88 egoitza zentroetatik 84k erantzun dute; horietatik % 72 egoitzak dira, eta % 22 etxebizitza komunitarioak. Zentroen batez besteko tamaina nahiko txikia da: 50 plaza egoitzen kasuan eta 13,5 plaza etxebizitza komunitarioetan. Artatutako biztanleria oso zaharra da: hamar egoiliarretik 8k 80 urte baino gehiago dituzte, eta hamarretik 4k 90 urte baino gehiago. 

Arabako egoitzetan mendekotasun larria eta handia (2. eta 3. graduak) duten pertsonen ehunekoa % 72tik gorakoa da. Egoitza publikoetan mendetasun handia (3. maila) duten pertsonen proportzioa (% 62) zentro itunduetan eta pribatuetan dagoena bikoiztetik hurbil dago. Hamar egoiliarretik zazpik dementzia diagnostikoa dute, eta % 26k narriadura kognitiboa. Eta egoiliar guztien herenak dementzia larria du, bereziki zentro publiko eta itunduetako egoiliarrei dagokienez.

Arabako egoitza zentroek jada hartuta dituzten baremoei dagokienez, ia guztiek egiten dituzte adineko pertsonen egoera funtzional eta kognitiboaren balorazioak, bai sartzen direnean, bai aldizka. Gainera, hamar egoitzatik 7k eta hamar etxebizitza komunitariotatik 4k asistentzia datuak kudeatzeko sistema informatikoak dituzte. 

Guztira, hamar zentrotik seik adierazle sistema bat dute, eta zentro handienek kalitatea ziurtatzeko kanpoko sistemak izaten dituzte. Zentro kopuru handiena adierazleen bidez balioesten duten alderdiak dira egoiliarren presioak eragindako ultzerak izateko arriskua (% 96), nutrizio egoera (% 72), depresioa (% 69), mina (% 58) eta gogobetetzea (% 52).

Arabako Foru Aldundiak egoitzei jakinarazi die “badela hobetzeko tarterik”, eta, beraz, proposatu die partaidetza eta lankidetza prozesu batean laguntzea, adineko pertsonen zentroetako asistentzia kalitatearen alderdi garrantzitsuak neurtzeko adierazle sistema bat adostu, baliozkotu eta ezartzen hasteko. 

Zentroak prozesuan parte hartzera animatu ondoren, Emilio Sola foru diputatuak ziurtatu du proiektu hori “ez dela beste bat Gizarte Politiken Sailaren ekimen guztien artean”. Proiektu horretan, “asko dago jokoan”. “Geure buruari eta gizarteari esaten ari gara etengabeko hobekuntzako dinamika planifikatu eta ebaluatu batean sartu nahi dugula, Arabako egoitza sarean artatzen eta zaintzen ditugun pertsonen bizitza hobetzeko azken helburuarekin”, adierazi duenez. 

Kronograma
Suitzan eta Australian ezarritako ereduei jarraiki, lehen fasean adierazle gutxi batzuk aukeratuko dira, adostasun eta informazioa biltzeko aukera gehien dutenak. Horrek aldaketa handia ekarriko du, eta, etorkizunari begira, aldizkako ebaluazioak egitea eta baremo berriak pixkanaka zabaltzea erraztuko du. Zentroen parte hartzea borondatezkoa izango da, nahiz eta Foru Aldundia elementuak sartzen joango den zentroek adierazleak har ditzaten sustatzeko.

Proiektuaren kronogramari dagokionez, aurreikusten da apiriletik irailera bitarte aldi bat irekiko dela lehen fase horretako adierazleak aurrez hautatzeko, eta egoitzekin batera ereduaren diseinuan eta egokitzapenean lan egiteko. Aurreikuspenen arabera, irailean hasiko dira adierazleak ezartzen zentroetan, fase pilotuan. 

Gizarte Zerbitzuak Foru Aldundia Gizarte Politiken Saileko foru diputatua

Prentsa oharra

Jaitsi