Foru Aldundiak Gillernako herrigunea Zuiako HUArekin lotuko du, bertako hondakin uren saneamendu eta arazketa sistema hobetzeko - arabapress
Foru Aldundiak Gillernako herrigunea Zuiako HUArekin lotuko du, bertako hondakin uren saneamendu eta arazketa sistema hobetzeko
1,6 km-ko luzerako eroanbidea A-4418 foru errepidearekiko nahiko paralelo joango da, eta nekazaritza eta abeltzaintza eremua zeharkatuko du, Ametzaga Zuiako egungo ponpatze estaziora iritsi arte



Gasteiz, 2025eko apirilaren 11. Lurraldeko udalerrietan uren saneamendu eta arazketa sarea hobetzea da Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren Sailaren lehentasunetako bat, eta hainbat esku hartze egiten ari da toki erakundeetan. Jarduera ildo horretan kokatzen dira Gillernan hondakin uren tratamendua hobetuko duen hoditeria berria instalatzeko lanak.
Gaur egun, Gillernak elkarren artean independenteak diren bi arazketa sistema ditu, hobi septikoetan oinarrituak. Sistema horiek Baia ibaiaren inguruetatik igarotzen diren erreketara eta ibaiadarretara isurtzen dituzte urak. "Egiten ari diren lanei esker, gaur egungo arazketa sistemak kendu ahal izango dira, araztutako uren isurketek ingurumenean eraginik izan ez dezaten", nabarmendu du Saray Zarate Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren Saileko diputatuak, obren aurrerapena ikusteko gaur goizean egindako bisitan.
Aurreikusitakoaren arabera, jarduketaren bidez, Gillernako egungo bi isurketak bateratu eta grabitatearen bidez Ametzaga Zuian dagoen ponpaketarekin lotuko dira, Zuiako Udalak kudeatzen duen Zuiako araztegian batera tratatzeko. Araztegi horrek, gaur egun, Murgia, Sarria, Markina, Bitoriano, Ametzaga Zuia, Aperregi eta Lukianoko herriguneei ematen die zerbitzua.
1,6 km-ko luzerako eroanbide berria A-4418 foru errepidearekiko nahiko paralelo joango da, eta nekazaritza eta abeltzaintza eremua zeharkatuko du, Ametzaga Zuiako egungo ponpatze estaziora iritsi arte. Gainera, gainezkabide bat jarriko da Gillernako irteera baino lehenago, euri jasa handien garaian ur garbiak egungo ponpaketara iristea mugatzeko.
Foru arduradunak nabarmendu duenez, "Jarduketa horrek Foru Aldundiak Zuiako Udalarekin eta Gillernako eta Ametzaga Zuiako administrazio batzarrekin obra horiek eraikitzeko eta ustiatzeko sinatutako hitzarmenean hartutako konpromisoari erantzuten dio. Lan horiek iazko abenduan hasi ziren, eta datorren ekainera arte luzatuko dira.
Obrak horiek 575.848,89 euroko kostua izango dute, BEZa barne, eta haiek gauzatzeak berekin ekarriko du amaitutzat ematea 2016-2026 aldirako Arabako Hornidura eta Saneamenduko Plan Zuzentzailean programatutako jarduketak. Plan hori Zuiako araztegiarekiko konexio berriei buruzko Foru Gobernuaren 228/2018 Erabakiaren bidez onetsi zen.
2019an, Aperregi eta Lukianoko herriguneak araztegi horretara lortzeko lanak amaitu ziren. Ponpatze estazio bat eta lotutako kolektoreak jarri ziren, eta guztira 801.515,27 euroko foru inbertsioa egin zen.
Ildo horretan, honako hau adierazi du Zaratek: "Aurrera egiten jarraitzen dugu Arabako Ur Hornikuntzaren eta Saneamenduaren Plan Zuzentzailean (2016-2026) jasotako helburu eta jarduketetan, lurraldeko toki erakundeen hornidura eta saneamendua bermatzeko. Horrelako jarduketei esker, aurrera egin daiteke uraren ziklo integralaren kudeaketarantz eta eskaeraren kudeaketa eta baliabide hidrikoen erabileraren efizientzia hobetzerantz, Uraren Esparru Zuzentarauak ezarritako jarraibideekin bat etorriz".