Foru Aldundiak Pobesko eta Manzanosko saihesbideak egiteko proiektuak kontratatuko ditu aurten, trenbide pasaguneak kentzeko - arabapress
Foru Aldundiak Pobesko eta Manzanosko saihesbideak egiteko proiektuak kontratatuko ditu aurten, trenbide pasaguneak kentzeko
- Obren kostua erdibana finantzatuko dute Arabako Foru Aldundiak eta ADIFek
- Carlos Ibarlucea: “Pozik esan dezakegu laster kenduko ditugula Arabako errepideetako azken bi trenbide pasaguneak, eta horrek bide segurtasuna hobetuko du”

Gasteiz, 2022ko maiatzaren 16a.- Arabako Foru Aldundiak aurten egingo du A-2622 eta A-4342 errepideetan, Pobesen eta Manzanosen, saihesbideak egiteko proiektuak idazteko lizitazioa, Arabako herri horietan trenbide pasaguneak kentzeko. Foru erakundeak eta ADIFek bi saihesbideen proiektuen eta obren kostuak partekatuko dituzte, bai eta oinezkoentzako pasabideenak ere.
Carlos Ibarlucea Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko foru diputatuak gaur iragarri du hitzarmen bat sinatuko dutela laster, bi trenbide pasagune horiek kentzeko eta, horri esker, 400.000 euroko aurrekontua duen kontratua egin ahal izango dute aipatutako proiektuak idazteko. “Pozik esan dezakegu laster kenduko ditugula Errepideen Foru Sareko azken bi trenbide pasaguneak, eta horrek bide segurtasuna hobetuko du”, adierazi du.
Karguan berriki izendatu duten Ibarluceak Batzar Nagusietan egin du iragarpena, legegintzaldiaren azken zatian aurreikusitako proiektuak azaltzeko egindako agerraldian. Azpimarratu duenez, sailak bi lehentasun izaten jarraituko du, orain arte bezala: batetik, mugikortasun jasangarria sustatzea, “kalitatezko foru garraio publikoaren bidez eta bizikleta bultzatuz”, eta bestetik, errepideen segurtasuna hobetzea, “errepideak behar bezala mantenduz eta modernizatuz”.
Foru diputatuak adierazi du Errepideen Foru Sarea kontserbatzea funtsezkoa dela haren segurtasuna bermatzeko, eta gogorarazi du legegintzaldiaren hasieran Aldundiak bere gain hartu zuela bide zoruetarako aurrekontua bikoizteko konpromisoa, azken legegintzaldietako urteko batez bestekoa (1,5 milioi euro) erreferentziatzat hartuta. “2021ean lortu genuen helburu hori, baina ez gara hor geratuko: aurten 4 milioi euro inguru bideratuko ditugu, eta arreta berezia jarriko dugu bigarren mailako errepideetan”.
“Gure errepideak behar bezala mantentzea funtsezkoa da haien segurtasuna bermatzeko, eta, gainera, diru publikoaren kudeaketan efizientziaz jokatzea dakar; izan ere, mantentze lanak geroratzea garestiagoa da epe luzera.
Gauzatzen ari diren proiektuak noiz amaituko diren ere eman du jakitera Ibarluceak: hilaren amaieran hasi ahalko dira autoak Amurrioko eta Urduñako industrialdeen arteko A-625 errepidearen hiru kilometroko tarte berria erabiltzen, 21 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa izan duena, eta Moreda Araba eta Miñaogutxiko zeharbideak hobetu eta urbanizatzeko obrak ekainean eta urrian amaituko dituzte, hurrenez hurren.
N-124 errepidearen bikoizketa
Horrez gain, N-124 errepidea Armiñon eta Berantevilla artean bikoizteko proiektua noiz hasiko den ere zehaztu du. “Proiektu hori, 16 milioi euro baino gehiagotan esleitua, aste honetan bertan hasiko gara gauzatzen, joan den legegintzaldian hasitako Berantevilla eta Zambrana arteko bikoizketarekin jarraitzeko. Emaitza 6 kilometroko autobia tarte bat izango da, N-124 errepideko puntu horretatik egunero pasatzen diren 10.000 ibilgailuen segurtasuna hobetuko duena”.
“Horrez gain, ekainaren amaieran A-2126 errepidea egokitzeko eta hobetzeko lanak hasiko ditugu, Santikurutze Kanpezu eta Done Bikendi Haranaren artean, 8,5 milioi euro baino gehiagoko inbertsioarekin. Helburua da bihurgune arriskutsuak eta sestra aldaketak kentzea, eta galtzada zabaltzea. Berriz ere, segurtasuna da gure lehentasuna”, erantsi du.
Beste proiektu batzuen izapidetze egoeraren berri eman du ondoren diputatuak, hala nola La Tejerako portuaren hobekuntzarena –hasierako onespena emango diote laster informazio azterlanari– eta Elortzako zubi berriaren eraikuntzarena, eta Espainiako Gobernuarekin elkarlanean bultzatutako beste bi proiektu nabarmendu ditu, epe ertainean gauzatuko direnak: Armiñongo lotunea handitzea eta Pobesen eta Manzanosen trenbide pasaguneak kentzea.
Armiñonen, A-1 eta AP-1 errepideak lotzen dituen lotunearen edukiera handitu nahi dute, autobidea liberalizatzearen ondorioz puntu horretan izandako trafiko hazkundeari egokitzeko. “Duela bi hilabete sinatu genuen bi aldeen arteko hitzarmen bat, eta horren bidez, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak 16 milioi euroko konpromisoa hartu zuen obra garrantzitsu hori finantzatzeko. Obrak 2023ko edo 2024ko amaieran hasiko direla aurreikusten dugu”.
Bestalde, Ibarluceak iragarri du datozen asteetan bigarren hitzarmen bat sinatuko dutela, kasu honetan ADIFekin, aurten bertan Pobesko eta Manzanosko errepide saihesbideen eta oinezkoentzako pasabideen proiektuak lizitatzeko, trenbide pasaguneak kendu ahal izateko. “Guk errepide saihesbideak eraikitzeko proiektuak lizitatuko ditugu, eta ADIFek gauza bera egin du oinezkoen pasabideak eraikitzeko proiektuak idazteko kontratuekin”.
“Proiektu horiek onetsi eta horiek gauzatzeko beharrezko inbertsioa zein den jakin ondoren, beste hitzarmen edo gehigarri bat sinatuko dugu obrak gauzatzeko. Arabako Foru Aldundiak eta ADIFek bai proiektuen idazketa (400.000 euroko kostua aurreikusten da), bai obrak erdibana finantzatzeko konpromisoa dute”, adierazi du.
Mugikortasunaren arloan, foru garraioaren eskariaren susperraldia nabarmendu du Ibarluceak, pandemiaren aurretik erregistratutakoaren antzeko mailara iritsi baita. Hala, zehaztu duenez, diruz lagundutako Alavabus lineek, urtarriletik apirilera bitartean, 361.000 arabar baino gehiago garraiatu dituzte, 2019ko garai bereko antzeko kopurua, eta landa herrigune txikiak eskualdeko herrigune nagusiekin lotzen dituzten eskualdeko garraio lineek 17.504 erabiltzaile izan dituzte, 2019an baino % 88 gehiago.
“Gure helburua da datozen hilabeteetan susperraldi hori sendotzea, eta, epe ertainean, pandemia iritsi arte izandako bidaiarien hazkundea izatea berriro”, adierazi du.
“Helburu horrekin, etengabeko hobekuntzarako estrategia bat dugu, eta, horretarako, Arabako herritarren mugikortasun premien eta ohituren bilakaeraren aldizkako azterketa egiten dugu, Arabako eta eskualdeko garraioko lineen ordutegiak, ibilbideak eta geralekuak egokitzeko. Gainera, zerbitzua eta haren kalitatea hobetzeko, tresna eta zerbitzu berriak gehitu ditugu: web berria, bidaia planifikatzailea eta, egun batzuk barru, erabiltzaileei arreta emateko zentral integrala”.
Azkenik, arabarrek egunero lantokietara eta ikastegietara egin beharreko joan-etorrietarako bizikleta garraiobide gisa sustatzeko emandako urratsak azpimarratu ditu diputatuak, eta, zehazki, bizikleta bideen sarearen proiektua nabarmendu du. “Datozen asteetan, Gasteiz eta Arabako Parke Teknologikoa lotuko dituen bizikleta bidearen proiektua idazteko lizitazioa egingo dugu. 3.500 pertsonak lan egiten dute parke teknologikoan, 158 enpresatan”.
“Eta datozen urteetan ibilbide berriak egiten jarraituko dugu, bai hiriburuaren inguruan, bai Arabako eskualdeetan. Bizikleta bideen sarea garatzeko lehen fasean, 2027ra arte 2,5 milioi euroko inbertitzea aurreikusten dugu, eta funts europarrak lortzeko lanean ari gara, inbertsio horiek azkarrago egin ahal izateko”, erantsi du.