Ekonomia Garapena eta Jasangarritasunaren Saileko foru diputatua | 2025 03 10

Foru Aldundiak Europar Batasunaren Eraldaketa Komunitarioko Bulegoa (EKB) sortu du, lurraldean komunitate energetikoak sustatzeko

% 100 berriztagarria den energiaren autokontsumoa sustatzeko aukera bat da, etxeko eta hirugarren sektoreko eskari elektrikoari erantzun ahal izateko adierazi du Saray Zarate Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren Saileko diputatuak

Gasteiz, 2025eko martxoaren 10a. Arabako Foru Aldundiak aurrera egin du lurraldean autosufizientzia energetikoa sustatzeko estrategian, eta Eraldaketa Komunitarioko Bulegoa jarri du abian. Bulego hori ibiltaria eta txandakakoa izango da, eta astean behin egongo da Arabako kuadrilletako hainbat udalerritan. Era birtualean lan egingo duen beste bulego baten bidez ere emango du zerbitzua.

Eraldaketa Komunitarioko Bulegoa abian jartzearen helburua da herritarrei, ETEei, saltegiei edo autonomoei laguntzea, besteak beste, lurralde osoko landa, hiri eta industria eremuetan energia komunitarioko proiektuak sor ditzaten.  % 100 berriztagarria den energiaren autokontsumoa sustatzeko aukera bat da, etxeko eta hirugarren sektoreko eskari elektrikoari erantzun ahal izateko adierazi du Saray Zarate Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren Saileko diputatuak ekimenaren aurkezpenean. Bertan izan dira Aiara, Lautada, Añana, Arabako Mendialdea eta Arabako Errioxa kuadrilletako lehendakariak.

Aste honetatik aurrera, Arabako EKBk bulego fisiko bat izango du, eta egunero txandakatuko da lurraldeko kuadrilla bakoitzean. Aste honetan asteazkenean hasiko da Añanan, ostegunean Aiaran, eta Arabako Errioxan, Arabako Mendialdean, Gorbeialdean eta Lautadan jarraituko du.

EKBko taldeak energia proiektu kolaboratiboak garatzeko interesa duten kolektibo eta entitateei lagunduko die, komunitate energetiko eredu desberdinak eta herritarrak energiaren kudeaketan ahalduntzea sustatuz.

Saray Záratek nabarmendu duenez, horrek aukera ematen die energia kontsumoa murrizteko eta efizientzia handitzeko interesa duten pertsonei, komunitate energetiko gehiago ezartzeko proaktiboak izan daitezen.

EKBk prestakuntza eta zabalkunde zerbitzua eskaintzen dut; horretarako, komunitate energetikoak nola eratu eta haien funtzionamendua zein den jorratuko duten ikastaroak, sentsibilizazio jardunaldiak edo tailerrak antolatzen ditu.

Eskainiko den beste funtzioetako bat da laguntza teknikoa ematea autokontsumo energetikoarekin lotutako proiektu horiek dinamizatzeko eta ahalduntzeko.

Leihatila bakar gisa funtzionatuko du, eta honako hauei buruzko informazio eguneratua emango du, besteak beste: energia komunitarioko proiektuak abian jartzeko modua; komunitate energetiko batek egin ditzakeen jarduera motak; komunitatearen gobernantza, sustapena eta garapena; forma juridikoak, bideragarritasun azterlanak, finantzaketa eta laguntzak.

Eraldaketa komunitarioko bulegoen lan eremuaren beste eginkizunetako bat aholkularitza izango da, gai administratiboetan, juridikoetan, legaletan eta teknikoetan eta laguntzetan eta finantzaketan espezializatutako zerbitzua eskaintzeko, proiektuek sektoreko legezko eta arauzko baldintzak bete ditzaten.

Arabako udalerriek energiaren arloan hartu dituzten konpromisoen ondorioz, Foru Aldundiak lehentasunezkotzat jotzen du energia berriztagarria sortzea, mugikortasun jasangarriaren alde egitea eta trantsizio energetiko eta ekologiko bidezkoaren erronkari laguntzen dioten jarduketak egitea.

Helburu horiek lortzeko, hainbat norabidetan lan egin behar da, autokontsumorako proiektu berriztagarriak ezartzeko, banaka, herritar gisa eta administrazio gisa edo modu kolektiboan.n.

Ekonomia Garapena eta Jasangarritasunaren Saileko foru diputatua Foru Aldundia

Prentsa oharra

Jaitsi