Foru Aldundia | 2025 07 02

Arabako Foru Aldundiak Aemarrek esklerosi anizkoitza dela-eta antolatzen duen ‘Busti zaitez’ kanpainarekin bat egitera animatu ditu herritarrak

Lurraldeko igerilekuek jarduera honen 28. edizioa hartuko dute igandean

Gasteiz, 2025eko uztailaren 2a. Estadio Fundazioko, Gamarrako, Mendizorrotzeko eta Aldayeta Club Nautikoko igerilekuak, igande honetan, hilak 6, ‘Busti zaitez’ esklerosi anizkoitzarengatik jardueran parte hartu nahi duten pertsonen murgilaldi solidarioaren agertokia izango dira, zeinak aurten 28. edizioa beteko baitu. Egun bat lehenago, larunbatean, hilak 5, Bastidako igerilekuetan egingo da jarduera.

Gaur goizean aurkeztu dute ekimena Aemar Esklerosi Anizkoitzaren Arabako Elkarteak eta Vital Fundazioak. Arabako Foru Aldundiaren, Gasteizko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza du, besteak beste. Gazteei eragiten dien gaixotasun sendaezin horren arazoaz herritarrak sentsibilizatzeaz gain, kanpainaren helburua da Aemar sozietateak eskaintzen dituen errehabilitazio zerbitzuak finantzatzeko funtsak lortzea.

Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko (GOFE) zuzendari kudeatzaile Ernesto Sainz Lancharesek dei bat egin du arabarrak igandean igerilekuetara joan daitezen eta esklerosi anizkoitza duten pertsonekin bat eginez elkartasunezko ekintza horretan lagun dezaten. Gaixotasun horrek 400 arabar ingururi erasaten die. Aurkezpenean, Aemar elkarteak esklerosi anizkoitza duten pertsonen eta haien familien bizi kalitatea hobetzeko egiten dituen ekintzei Arabako Foru Aldundiak emandako babesa berretsi du Sainz Lancharesek.

Esklerosi anizkoitza duten pertsonei lagundu nahi dietenek eta ‘Busti zaitez’ kanpainan parte hartu nahi dutenek igande goizean hurbilen duten igerilekura joan eta mugatutako eremuetan igeri baino ez dute egin behar. Egun osoan zehar, gaixotasunaren eta kanpainan parte hartzeko eta laguntzeko moduaren berri emango dute Aemar-eko boluntarioek. Gainera, artikulu solidarioak eskuratuz edo dohaintzak eginez lagundu ahal izango da.
 

Foru Aldundia Gizarte Politikak

Prentsa oharra

Jaitsi