Gizarte Zerbitzuak | 2023 02 16

Arabako Foru Aldundiak jokabide arazoak edo osasun mentaleko arazoak dituzten adingabeak hartzeko prestakuntza duten familiak bilatzen ditu

Europako funtsek finantzatzen duten eta lau autonomia erkidego partaide dituen Redes AFE (Familia Harrera Espezializatua) programaren proiektu pilotuan parte hartzen du

Helburua da prestakuntza espezifikoa duten eta egiten duten lanagatik ordaina jasoko duten familiek hartzea behar bereziak dituzten sei adingabe

Gasteiz, 2023ko otsailaren 16a. Arabako Foru Aldundiak prestakuntza bereziko familia harrera espezializatuko programa bat sustatuko du, lehendik dauden proiektuen proiektu berritzaile osagarri gisa, batez ere babesgabetasun egoeran dauden eta jokabide arazoak, osasun mentaleko arazoak edo egokitzapen arazoak dituzten 7 eta 18 urte bitarteko haurrak eta nerabeak familietan hartzeko. Familia hartzaile potentzialek prestakuntza eta trebetasun espezifikoak izan beharko dituzte, eta ordainsari bat jasoko dute haien lanagatik.

Helburua da premia berezi horiek dituzten sei adingabe Arabako familiek hartzea, instituzionalizatzea saihesteko eta duten kaltea eguneroko bizitzan konpontzeko. Lurraldean, 130 haur inguru daude harreran, eta hamazortzi izan daitezke proiektu honen onuradun.

Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko Adingabeen eta Familien Arloak Redes AFE (Familia Harrera Espezializatua) izeneko programa pilotu batean lan egingo du. Programa kudeatuko dute FICE gizarte erakundeen estatuko plataformak, Agintzari gizarte ekimeneko sozietate kooperatiboak eta Resilis fundazioak. Programa Europako Next Generation EU funtsek finantzatuko dute, eta Gizarte Eskubideen eta 2030 Agendaren Ministerioak onetsi du. Euskadin ez ezik, Nafarroako, Kataluniako eta Madrilgo autonomia erkidegoetan ere ezarriko da proiektua.

Emilio Sola Gizarte Politiken Saileko foru diputatuak gaur goizean aurkeztu du proiektua, Josu Gago Redes AFE (Familia Harrera Espezializatua) programaren zuzendariarekin batera. Emilio Solak azaldu duenez, haurrak babesteko programa berri hau Araban dauden gainerako neurriei gehituko zaie. “Beste leku batzuetan (Gipuzkoan, esaterako) eta gure inguruko beste herrialde batzuetan garatutako planteamendu bat da, eta frogatu da eraginkorra dela behar berezien profil espezifikoa duten adingabeei arreta emateko”.

Haur eta nerabe horiek ezin dute beren jatorrizko familiekin bizi, baina ezin dute ohiko harrera familia batekin bizi, jokabide eta egokitzapen zailtasunak erronka handia baitira. Bizi diren egoitza harrerako zentroetan arreta egokia jasotzen duten arren, gehienetan ezin dute erreparazio emozionalaren beharrei erantzungo dien arretarik izan. “Zaintzak eta arreta jasotzen dituzte, baina zaila da eguneroko bizitzan haiekin haien zailtasunen oinarrian dauden gai emozionalak lantzea”, gehitu du foru diputatuak.

Horiek horrela, Emilio Solak adierazi du familia inguruneari etekina ateratzeko aukera bakarra haur horien beharretara egokitutako zerbitzu espezifiko bat garatzea dela. “Izan ere, prestakuntza bereziko familia harrera espezializatuaren helburua da harrera familia batean bizitzeko aukera ez ezik, haur horien arazoen oinarrian dagoen kalte emozionala konpontzeko aukera ere eskaintzea”.

Josu Gago programaren zuzendariak azaldu duenez, familia horietako kideren batek kualifikazio profesional jakin bat izan behar du, familiako eguneroko bizitzan erreparazio lan hori egin ahal izateko. Kualifikazio edo prestakuntza hori egiaztatuta eta homologatuta egon beharko da: diplomatura, lizentziatura edo gradua Psikologian, Gizarte Hezkuntzan, Irakasle Ikasketetan, Gizarte Lanean, Pedagogian, Psikopedagogian edo beste arlo batzuetan. Horregatik guztiagatik, pertsona horiek bete behar dituzten funtzioekin bat datorren ordainsaria jasoko dute.

Familia espezializatu horiek erakartzeko kanpaina batekin osatuko da programa, eta, aldi berean, biztanleria guztia sentsibilizatuko da Foru Aldundiak tutoretzapean dituen haurrak familietan hartzearen garrantziaz. Informazio gehiago behar duenak edo programan sartzea eskatu nahi duenak web orria (www.redesafe.org) kontsulta dezakete, mezu elektroniko bat bidali (araba@redesafe.org) edo telefonoz deitu (645 095403). 

Gizarte Zerbitzuak Foru Aldundia Gizarte Politiken Saileko foru diputatua

Prentsa oharra

Jaitsi