Arabako Foru Aldundiak lankidetzan dihardu ONCErekin, afiliatuen arteko topaketetan laguntzeko - arabapress
Arabako Foru Aldundiak lankidetzan dihardu ONCErekin, afiliatuen arteko topaketetan laguntzeko
Kriskitin Lasterketa ere bultzatzen du, zeina 2022an berriz ere modu presentzialean egingo baita

Gasteiz, 2022ko martxoaren 3a. Arabako Foru Aldundiak eta ONCEk beste lankidetza hitzarmen bat sinatu dute erakunde horren jarduerak eta itsuei nahiz herritar guztiei zuzendutako programak garatzeko, kolektibo horren gizarteratze mezua ezagutarazte aldera. Berritasun gisa, akordioak aukera emango du ONCEko afiliatuen lurralde topaketen jarduera bultzatzeko.
COVID-19aren pandemiaren ondorioz ia bi urteko nahitaezko geldialdiaren ondoren, bi erakundeek lankidetzari ekin diote berriz 2022an. Alde batetik, Kriskitin Lasterketari ekingo zaio berriro, eta aurrez aurre eta modu birtualean egingo da; eta, bestetik, ONCEko afiliatuen lurralde topaketak sartuko dira lankidetzaren barruan.
Gaur goizean, Emilio Sola Gizarte Politiken Saileko foru diputatuak eta Rafael Ledesma ONCEren Euskadiko Lurralde Kontseiluko lehendakariak beste lankidetza hitzarmen bat sinatu dute zenbait programa egiteko.
“Hitzarmen honen helburua da laguntzea desgaitasunen bat duten pertsonak —batez ere itsuak— dagokien gizartean erabat gizarteratu daitezen, dagozkien eskubide guztiekin. Horretarako, ezinbestekoa da gizarteak kolektibo horren errealitatea hobeto ezagutzea, Arabako lurraldea inklusiboagoa izan dadin”, adierazi du Emilio Sola foru diputatuak.
Bestalde, Rafael Ledesmak nabarmendu du oso garrantzitsua dela foru, udal eta autonomia erakundeekin lankidetzan jarraitzea, baita hirugarren sektore sozialeko erakundeekin sarean lan egitea ere, Euskadi eta Araba askoz inklusiboagoak izan daitezen.
Programatutako jarduera berria lurralde topaketak izango dira. Topaketa horien helburua da ONCEren afiliatuei hainbat jarduera eskaintzea: belaunaldiartekoak, gizonen eta emakumeen arteko berdintasun handiagoa lortzera bideratuak eta emakumeenganako indarkeriaren aurkakoak, ONCEren joko produktuak saltzen dituzten agenteen bilerak, gor-itsuen taldearekin jarduerak, Interneten erabilera sustatzea, hezkuntza komunitatean eta gazteen artean erakundeak egiten duen lanaren kontzientziazioa, eta gazteen topaketak, besteak beste.
Garatu beharreko bigarren programa Kriskitin Lasterketa da. 2020an eta 2021ean, ONCEk ezin izan du lasterketa hori modu presentzialean egin, pandemiak eragindako egoeraren ondorioz; beraz, azken bi urteetan modu birtualean egin du. Harrera ona izan duenez, aurten, 2022an, lasterketa modu birtualean eta aurrez aurre egitea proposatu dute, osasun egoerak aldekoa izaten jarraitzen duen heinean.