Arabako Foru Aldundiak deia egin du esklerosi anizkoitzagatik Cazoo Baskonia eta Valencia Basket taldeek jokatuko duten partida solidariora joateko - arabapress
Arabako Foru Aldundiak deia egin du esklerosi anizkoitzagatik Cazoo Baskonia eta Valencia Basket taldeek jokatuko duten partida solidariora joateko
Bihar jokatuko den partidaren atsedenaldian egingo da Aemar elkarteari laguntzeko “Saskiratu esklerosi anizkoitza dutenen alde” ekitaldiaren 16. edizioa
Txartelak Aemar elkartearen egoitzan eskuratu daitezke, baita bihar partidan ere.

Gasteiz, 2023ko martxoaren 2a. Bihar, hilak 3, 20:30etik aurrera Cazoo Baskonia eta Valencia Basket taldeek jokatuko duten Euroligako partida Aemar Arabako Esklerosi Anizkoitzaren Elkartearen aldeko ekintza solidario berrirako esparrua izango da. Atsedenaldian, zozketa egingo da elkartearen egoitzan (Giza Eskubideen hiribidea, 37, behea) eta bihar Fernando Buesa Arena pabiloira sartzeko ateetan erosten diren txartel guztien artean . Txartelak 2 euroan eskura daiteke, eta 6 txartel erosiz gero, 10 euroan.
Aemarrek antolatutako ekintza solidario honek Caixaren Gizarte Ekintzaren, 5+11 Fundazioaren, Gasteizko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren laguntza du, eta Arabako herritarrei partidara joateko eta kanpainan parte hartzeko deia egiten die elkarteak.
Koronabirusaren pandemiak eragindako geldialdiaren ondoren, Aemarrek jarduera hori antolatzeari ekin dio berriro, partidaren aurretik pabiloian txartelak saltzen egongo diren erakundeko boluntarioei esker.
Partidaren atsedenaldian notario aurrean egingo den sari zozketa batean datza 2006az geroztik egiten den ekitaldi hori. Sariak bidaia oparien bonuak eta Cazoo Baskoniarentzako abonuak dira, besteak beste. Saritutako txartelen zerrenda honako hauetan argitaratuko da: Aemar elkartearen www.asociacionaemar.com web orrian (bertan oinarriak eta xehetasunak ere kontsulta daitezke), Facebook-eko orrian (www.facebook.com/AemarAsociación) eta Baskoniaren web orrian (www.baskonia.com).
Gazteak
Esklerosi anizkoitza gaixotasun neurologikoa da, gehienbat, heldu gazteei eragiten diena eta 20 eta 40 urtekoen artean diagnostikatu ohi dena. Gaixotasun kronikoa dugu, bizi kalitatea mugatzen duten ondorioak izan ditzakeena, eta, beraz, gizarte inpaktu handia duena. Gaixotasun honek gehiago eragiten die emakumeei gizonezkoei baino.
Eragindako pertsonek bizitza osorako errehabilitazio programak behar dituzte, eta osasun publikoak ezin du hori bere gain hartu. Horregatik da hain garrantzitsua elkartearen zeregina, hain zuzen, paziente horiek behar dituzten errehabilitazio programak eskaintzea. Hauek dira gaixotasun honen SINTOMA ohikoenak: nahasmendu sentsitiboak, orekakoak eta mintzamenekoak, dardarak, gorputz adarren ahultasuna eta, kasu larriagoetan, gorputz adarren paralisia, bai eta espastizitatea, urologia alterazioak, bertigoa, nekea, inurridurak eta ikusmen alterazioak ere.
AEMAR senide talde batek sortu zuen 1992an, gaixotasun horri buruzko ezjakintasunak eta esperientziak partekatzeko, hitz egiteko, elkar ezagutzeko eta ezagutzera emateko, aholkularitza eta informazioa jasotzeko, baliabideak eta gainerako zerbitzuak bilatzeko beharrak bultzatuta. Izan ere, erabaki zuten elkarte hau sortzeko biltzea, gerora egon daitezkeen gaixoek erreferentzia bat izan dezaten. Egun, AEMA elkarteko kideak dira 196 gaixo eta 494 laguntzaile.